Aballarri aldizkariak 10 urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 5a, 19:15

Badirudi atzo izan zela! Izan ere zein hurbil eta zein urrun dagoen 1999ko martxoa, baina errealitatea da jadanik hamar urte pasa direla. Hilabete hartan, Egape ikastolako informazioa zabaltzeko lehenengo harri-koskorra jarri zuten irakasle eta guraso talde baten artean Aballarri aldizkariaren lehenengo zenbakia argitaratuta.

10 urte eta 29 zenbaki. Horiexek dira zenbakiak. Aldizkariaren zuri beltzeko lehenengo bi urteetako aleen ondoren, 2001. urtean etorri zen itxuraldaketa. Egape ikastolako informazio aldizkari honen hiru ale kaleratzen dira ikasturte bakoitzean, eta bertan, ikastola osatzen duten estamentu guztietako partaideek hartzen dute parte: ikasleek, gurasoek, irakasleek.
Hamar urteko ibilbidean, aldizkariak sekzioak sortu eta kendu egin ditu, eta gaur egun ere, atal desberdinak lantzen dira: albisteak, Guraso Elkarteak, elkarrizketak, barne informazioa, ikasleen txokoa, laburrak... Hori guztia aurrera eramateko ikastolaz kanpoko  babesa ere jasotzen dute.
Hizkuntzari dagokionez, euskarari lehentasuna ematen zaio, baina ezagutzen ez duten gurasoei begira, artikulu gehienak gaztelerara itzultzen dira.
Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, aurrerantzean Aballarri aldizkaria Interneten ere izango da irakurgai egape-
.org orrialdean.  Aldizkariek hain garai zaila bizi duten honetan harro egoteko modukoa da hamar urte bete izana. Zorionak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!