Unibertsitatea ala Lanbide Heziketa, erabaki zaila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 5a, 19:15

Aitziber Erzibengoa Lasa arduratzen da azken urte hauetan Salesiar ikastetxeko ikasleei beharrezko aholkuak eta orientabideak emateaz. Erabakirik garrantzitsuena Batxilergoko bigarren maila egiten ari diren ikasleek hartu beharrekoa da. Unibertsitatea ala Lanbide Heziketa, hemen ikasi ala kanpora joan, gustuko ikasketak ala irteera profesional errazagoa dutenak...

Zein da Batxilergoko bigarren mailako ikasleek ikasturtean zehar egunero entzuten duten hitza?
Aitziber Erzibengoa: Selektibitatea! Irakasleon burua erabat aztertua, presionatua dago, guk hemen egiten dugun lanaren arabera gero nota batzuk egongo direlako. Horregatik urte guztia selektibitatea aipatuz apur bat nazkatzen ditugu, baina hori gertatzen da gauzak ondo egin nahi ditugulako.  

Orientabideak emateko orduan, zer ekintza antolatzen dituzu Batxilergoko bigarren mailako ikasleentzat?
A.E.: Alde batetik, urtero EHUko ate irekien jardunaldietara joaten gara. Enpresetara joateko ohitura ere badugu, adibidez iaz Irizar enpresara joan ginen, eta duela bi urte Iruñeko Volkswagenera. Toki askotako informazio mordoa jaso eta pasatzen diet. Gero gabonen aurretik orientazio programa bat lantzen dugu test baten bidez, eta hor neurtzen dira arlo matematikoa, linguistikoa, memoria... Adimenaren arlo ezberdinak ere landu eta aztertzen dira. Test horretan ikasketen adar ezberdinei puntuak emateko aukera ere izaten dute, eta baliagarria izaten da zer duten gustukoen jakiteko, edo gutxienez beren burua zertarako gai ikusten duten argitzeko.

Zalantzarik ohikoenak?
A.E.: Denak. Pentsatu hamazazpi urte dituztela. Nik filosofia emateaz gain, orientatzailea naizela esaten diet, eta lehenengo argi uzten diedana da, batxilergoa bide bat dela beste zerbait ikasteko. Batxilergoa bukatzen duenak ez duela ezer bukatzen, eta bi urte horietan pentsatzen joan behar dutela zer den ondoren ikasi nahi dutena.
Ikasleek zeri begiratzen diote gehiago, irteera profesionalari edo benetan gustuko dutenari?
A.E.: Uste dut bi gauzak baloratzen dituztela. Askotan gertatzen zait ikasleak zalantzak izatea bi karreren artean, eta horren aurrean nik beti esaten diet lan irteera hobea daukana aukeratzeko. Baina egia da baita ere, lan merkatua aldatu egiten dela.    

Neskek eta mutilek karrera ezberdinak aukeratzen jarraitzen dute?
A.E.: Bai, hori gutxi aldatu da oraingoz. Adibidez, ez dugu izaten magisteritza ikasi nahi duen mutilik. Ingeniaritzaren kasuan, badaukat ingeniaritza industriala ikastera joan den neska baten kasua, baina normalean mutilak izaten dira. Eta Lanbide Hezkuntzari dagokionez poliki bada ere, neska batzuk hasi dira betidanik mutilekin lotu izan ditugun lanbideetan sartzen.

Lanbide Heziketak prestigio gutxiko garaiak bizi izan ditu, orain ere horrela al da?
A.E.: Erabat aldatu da ikuspegi hori. Munduko normaltasun handienarekin hartzen dute bide bat ala bestea. Eta ikasle oso onak direnak ere joaten dira Lanbide Heziketara. Badaude unibertsitatera joan, espero zutena aurkitu ez, eta zikloak ikastera etorritakoak ere.

Erabakia hartu aurretik ikasleak nahikoa informatuta daudela uste duzu?
A.E.: Bai, baina adin horretan oraindik oso gazteak dira zer nahi duten jakiteko. Esaten diet aukeraketa egin aurretik saiatzeko jakiten ikasketa horiekin gero zertan lan egin dezaketen.

Erabakia hartzerakoan, gurasoek zer paper jokatzen dute?
A.E.: Gurasoek nahiz eta ikasle ona ez izan, ikastera animatzen dituzte, baina erabakia ikasleek hartzen dute, eta erabaki hori gurasoek errespetatu egiten dutela iruditzen zait.

Krisian eraginik nabaritu al duzue?
A.E.: Lanbide Hezkuntzako arduradunekin egin berri dudan bilera batean aipatu zen enpresa munduan hasi dela krisia nabaritzen, eta horrek sektore guztiak ukitzen dituenez, pentsatzen dut guk ere eragina nozituko dugula.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!