Martin Olaziregi artzaina eta aizkoragilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 5a, 19:13

Joxe Martin Olaziregi Juangorena, 1938ko apirilaren 15ean jaio zen Goiburuko auzoko Errekamuntto baserrian. Bertako Joxe Olaziregi, eta Mainguanea baserriko Baxili Juangorena Leundaren lau seme-alabetatik bigarrena da. Maria Luisa Usarralde Esnal, auzo bereko Kukutegi baserriko alabarekin ezkondu ondorenetik, jaiotetxe ondoko Errekalde baserrian bizi da.

Nola gogoratzen dituzu haur denborak?
Martin Olaziregi: Etxean lanean, eta eskolan Xoxokan ibili nintzen hamaika urte arte. Orduan, ilunabarretan klase partikularretara joaten hasi nintzen, beste hamar bat umerekin batera. Euskaraz ez zekien Pepita Campos maistrarekin, guk erdaraz ez genekien, eta sí besterik ez genion erantzuten haren galderei.

Familiak ardiak betidanik izan ditu?
M.O.: Gure aurrekoek, behiak, idiak, astoak, eta abar bazituzten, baina ardirik ez. Gure aitak ardirik ez zuen nahi izaten. Hark, idiak zituen gustuko. Baserriko lanetarako erabiltzen zituen, eta apustu bat jokatzera ere iritsi zen. Duela 50 urte, Pagolaerdi baserriko Joxe Ubillosen kontra. Tolosako zezen plazan jokatu zen idi dema. Inguru hauetatik etxe guztietatik norbait joan zen apustu hura ikustera. Gure aitak irabazi egin zuen. Badakit, apustu asko egin zela; diru dezente jokatutakoak ere izan omen ziren.

Garai haietan inguru hauetako baserri gehienetan izango zen bada artaldea?
M.O.: Gure etxea izango zen ardirik ez zuen bakarrenetakoa. Aierdin, Laburugainen, Larburun, Bentan, Larrabilen, Legarralden, Mikelabilen, Posontarrin, denetan artaldea bazen. Ez noski, oraingo artalde handiak, batean 60 ardi izango ziren, bestean 80, eta horrela.

Artzain zahar haiek, non elkartzen ziren?
M.O.: Bentan eta Xoxokan. Aste egunetan, igandetan baino parranda handiagoak egiten zituzten. Ardoarekin erdi mozkortu, eta Martinak egindako patata tortillak janez, han ibiltzen ziren, Pardakiko Hankamotza, Larrabilgo Etsaia, Mikelabilgo Xanti, eta beste hainbat.
Ardiekin noiz eta nolatan hasi zineten?
M.O.: Niri betidanik erakartzen zidaten ardiek. Hamarren bat urte nituela Pardakiko Bixentek lehendabiziko bi ardiak eman zizkidan, eta han ibiltzen nintzen haiek zaintzen. Gero, etxean beste batzuk erosi, eta dozena erdi bat jarri nituen. Aitak ez zituen gustuko, eta orduan Errekalde baserria hutsik egoten zenez, han prestatu nien tokia. Aitari kasurik egin gabe, ni Errekaldera joaten nintzen. Gure aitak dirua behar zuela, eta nire ardiak saldu egin zituen arte. Ordukoak hala bukatu ziren.

Eta gero?
M.O.: Berrogeiren bat urte nituela Errekalde baserria bota eta berria egin genuen. Gastu handiak egin ere bai, eta orduan hasi nintzen berriro ardiak jartzen, mordoa jarri genuen gainera. Berrehun arditik gora izatera ere iritsi ginen.

Non izaten zenituzten ardiak?
M.O.: Udan Asketan eta Adarrazpin. Maiatzean igo eta azaroan jaitsiaz, eta neguan ukuiluan edukitzen genituen, udan ondutako belarra emanaz. Belar asko izaten genuen, etxekoa, Kukutegikoa, Xoxokakoa...Eta pentsua ere ibiltzen genuen. Pentsua ematen genien, eta horrela esne gehiago ematen zuten.

Kukutegi baserria ere zuek erabiltzen al zenuten?
M.O.: Kukutegiko aitona bakarrik geratu zenean baserrian, gu hara bizitzera joatea nahi zuen, baina nik esan nion lehen ere nahiko urruti bizi ginela, oraindik urrutirago bizitzera joateko. Ardiak eta behiak jarri genituen han. Bost behi, bost txekor, zezena eta astoa. Eta denbora batez bi baserrietan eduki genuen ganadua.

Ordurako aizkoragintzan hasia izango zinen Juan Jauregirekin...
M.O.: 35 urte nituela hasi nintzen, eta 61ekin utzi nuen. Artaldea, behiak eta lana, denak batera egin behar izaten nituen. Oraingoko gazteek diote zortzi ordu asko direla. Hamaika, eta hamabi orduz ere askotan aritutakoa naiz.

Horrelako ordutegiarekin, nor arduratzen zen artaldeaz?
M.O.: Gehienbat emaztea izan zen artzaina gurean, ni lanera joaten bainintzen. Nik egiten nituen lanik astunenak, baina bera zen gainontzeko eguneroko martxa eraman zuena.

Orduan, emaztea zenuen artzaina?
M.O.: Andreak ardietarako gogo handia zuen, hark ardiak ezagutu egiten zituen eta hori da garrantzitsuena. Ardiekin lan egiteko, ardiak ezagutu egin behar dira. Bestela, ez dakizu ez jetzi duzun, ez ezer.
Bera bakarrik askotan ibili zen artaldearekin. Lan asko egiten zuen, gehiegi, eta iluntzerako indarrik gabe geratzen zen.

Eta jeztera nor jaikitzen zen goizetan?
M.O.: Jezteko garaian, goizeko bostetan jaikitzen ginen biok. Ardiak jetzi, bizkarra ederki busti, eta nik zortzietako lanera joan behar izaten nuen. Hirurogeita hamar litro egun batean jetzi izan ditugu, eta esne hori guztia egun berean eskuz ardiei ateratzeko lan asko egin behar da.
Zer egiten zenuten esnearekin?
M.O.: Ahal zen esne guztia saldu. Jende asko etortzen zen hona esne bila. Hala ere, guztia saltzea ez genuen lortzen, eta gaztak egiten genituen. Gaztak andreak egiten zituen. Bere aurrekoetatik ikasia zen, aita, eta batez ere aitona Luis Usarraldek erakutsita, huraxe zen benetako artzaina. Gero partikularrei saltzen genizkien.

Andrea hil ondoren gutxitu duzue artaldea?
M.O.: Bai. Orain egingo dira lau urte andrea hil zela. Andrea hil zen, eta hura hil zenean ni ere bai. Hori horrela da. Geroztik gaixo ere maiz ibili naiz. Birika bat kendu zidaten eta edozein katarrorekin ere gaizki pasatzen dut. Aizkoragintzan zikinkeria asko irentsi nuen.

Aizkorak egiteko modua asko aldatuko zen, ala?
M.O.: Bai, ni hasi nintzenetik asko erraztu zen. Hasieran dena eskuz egiten genuen. Eta gero gauza asko makinekin. Hala ere, lan txarra izaten jarraitzen du.

Horrenbeste lan eginda, oporrak ere egingo zenituen?
M.O.: Egun bat bakarra gogoratzen dut. Koinatuarekin, ardo bila joan ginen Najerara. Egun txarra pasa nuen, izugarrizko beroa egin zuen, eta gauean lo egin ezinik han ibili nintzen. Goizaldean, kaletik zihoazen mandoen ferra soinuak entzuten ziren ohetik. Ni egun hartan bakarrik joan izan naiz, eta andrea inoiz ez.

Noiz arte ardiekin?
M.O.: Ez dakit. 65 ardi dauzkagu hemen, eta ni beti horiekin arduratuta ibiltzen naiz, baina semeak ez ditu gogoko. Ardiak ez ditu ikusi ere egin nahi. Bere aitona bezalakoa da. Orain gehienbat bera dabil, baina gogo txarrez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!