Gaixotasun bat gainditzetik dator Otegi, eta txapela, kamiseta eta oinetako arinak oparitu zizkioten, ttipi-ttapa ibili dadin paseoan.
Omenalditxoa amaituta, Bekaizitira abiatu ziren Burdinako bolondresak. Han bazkaldu ostean, urteko batzarra ospatu zuten.
Bertan, 2008. urtean berreskuratu dituzten Andoaingo ondasun historiko eta kulturaleko hainbat elementu aztertu zituzten: Bazkardo Txiki, Erdoizta, Erramuta eta Leitzako karburo lantegiko karobiak; Franki edo Bizkotxeko zamatze-tokiko meategi eremua; Bizkotxeko karril zaharreko eremua; eta azkenik, Oilokiko ur-depositua.
2009. urtea ere patrika bete lan datorkiela adierazi zuten. Andoain, Leitza eta Berastegira zuzenduko dituzte eginahalak, eta aski luzea da berreskuratu beharreko elementuen zerrenda. Andoaini dagokionez, Bordatxuri eta Erdoiztako karobien erabateko berreskuratzea; Bekoplazako harraskaren berreskuratzea; orain arte berreskuratutako elementuen mantenua; eta, hitzaldia Euskaldunako mendigoizalearen egoitzan.
Leitzako udalerrian, berriz, honako ekimenak bultzatuko dituzte: Krankiko zamatze-tokiaren eta karburo lantegiko karobiko hormaren berreskuratzea; eta Tolare meategian prospekzioa.
Eta azkenik, Berastegin: Plazaolako zubiaren, Frankiko zamatze-tokiaren, Karril zaharraren eta trenbide-orratzako kasetaren berreskuratzea.
Ekimen horiek guztiak noiz egingo diren aldez aurretik emango da jakitera, eta irekita egongo dira nahi duten herritarrek parte har dezaten bolondres gisa.
Biltzarraren azken partean, instituzioekin izandako harremanak izan zituzten hizpide.