Amenabar eta Del Barrio afizionatu mailako txirrindulari gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 5a, 17:36

Urnietatik kanpo burutzen ari diren ikasketak direla eta, denboraldia baldintzaturik izango dute Unai Amenabar eta Del Barrio txirrindulari gazteek. Estreinako urtea dute tolosaldeko Belca taldean, Urnieta-Biyok errepidera irten gabe geratu ostean.

Lehen probetan jada parte hartu duzue. Zer moduzkoa izan da zuen denboraldi hasiera?
Joseba Del Barrio: Santanderren 31. postuan sailkatu nintzen eta Zumaian 62. postuan. Santanderrekoan oso jende ona zegoen, elite mailakoak. Helmugara lehen txirrindularitik hamar segundora iritsi ginen.
Unai Amenabar: Santanderren parte hartu dut, uste baino hobeto ibili nintzen.

Hurrengo kirol probak non?
J.D.B.: Larunbatean Ereñon lehendakari proba jokatuko dugu. Igandean Asteasun Aiztondoko klasikan izango gara.

Sasoi aldetik zer moduz gabiltza aurten?
J.D.B.: Ahul samar nabil. Entrenatzeko denbora gutxiago dut.
U.A.: Esfortzu asko eskatzen du indar hartzeak eta hiru hilabeterako kanpora noanez, ez nago oso motibatua. Itzuli ostean, bizikletan ibiltzeko nahi adina denbora izango dut.

Denboraldi berria, talde berria. Urnieta-Biyok taldetik Tolosako Belcara. Aldaketetara zer moduz moldatu gara?
J.D.B.: Nahiko ondo. Egoera nahiko berezia izan da. Txikitatik beti jende berarekin egon gara. Zuzendari eta lasterkarien artean elkar ezagutzen ginen. Orain berriz, talde berrian egonda, konfiantza hartzen noa. Zuzendaria oso jatorra da, tratua ere atsegina da. Lasterkariak lehendik ezagutzen nituen.
U.A.: Aldaketa dezentekoa iruditu zait. Josebarekin batera hasi nintzen eta beti berarekin ibili naiz. Beti Urnietako taldean, jende ezagunarekin. Orain beste talde batera joan gara. Hasieran deseroso, baina giro polita dago eta gustura nago.

Urnieta-Biyok-en desagerpena albiste txarra da Urnietako zaletuentzat?
J.D.B.: Ezusteko txarra izan zen. Aurretik denboraldi honetarako materialaz eta zer jende etorriko zen ere hitz egina genuen. Abenduan talde kide batek esan zidan, zuzendariak deitu ziola talderik ez zela osatuko jakinaraziz. Hasieran kristoren kolpea izan zen eta kezka eragin zidan, abendua baitzen eta ez baikenekien beste taldeetan lekurik egingo ote ziguten. Askok jada plantillak osatuak zituzten.
U.A.: Zaila zen, taldea ez zihoan ondo iaz. Gehien izorratu didana, talde polita genuela gure artean, harreman handia aspalditik ezagutzen ginelako. Batzuk uztera zihoazen, baina taldeko seik genuen jarraitzeko asmoa. Seiok talde batera joaten saiatu ginen, baina berandu zen.

Gainerako urnietar txirrindulariek egoera bideratu ahal izan dute?
J.D.B.: Batzuk txirrindularitza uzteko asmoa zuten. Gainerakoan, denok lortu dugu taldea. Bi Debabarrena taldean daude, beste bat Gasteizko Naturgas taldean.

Talde berria, helburu eta erronka berriak?
J.D.B.: Apirila amaieran jokatuko den Arabako eta maiatza hasieran ospatuko den Bidasoako itzulietarako sasoiko egon nahi nuke.
U.A.: Denboraldi hasiera da. Inork ez daki zein ibiliko den ondo, zein ez. Berdin zait kideei laguntzea, edo besteak izatea niri lagundu behar didatenak. Bietan gustura arituko naiz.

Joseba, zer moduz ikusten duzu Unai? Eta zuk Unai, Joseba?
J.D.B.: Aurten Finlandiara doa hiru hilerako. Ez dut oso animatua ikusten, orain egindako lan guztia galduko baitu. Kirol mailari dagokionez, zelaian oso indartsua da. Afizionatu mailako lehen urtea oso ona izatearekin batera, jubenil mailako urte bakoitzeko bina txapelketetan nagusitu zen.
U.A.: Joseba beti topera inplikatu da indar hartzerakoan, baina azken urteotan oso zorte txarra izan du. Denboraldi hasiera indartsu baten ostean, ahultzen hasten zen gero. Aurten, berdina pasako ote zaion beldurrarekin, lasaixeago hasi da. Nik uste denboraldi hobea burutuko duela. Beste urteetan baino hobeto ikusten dut.

Tolosan zabiltzate, Urnietan artean txirrindularitzan hutsunea dago?
J.D.B.: Herriko gaztetxoak anima daitezela. Joera orokorra da, jendea gutxitzen doa. Baina oinarrian jenderik ez badago, goi mailan daudenak txirrindularitza uztean ez dago inor jarraitzeko. Halere, entzuna dut alebin eta jubenil dezente daudela.
U.A.: Iaz aritu nintzen Urnietan gaztetxoak prestatzen. Sei zeuden hasieran, gero bost. Aurten gehiagok izena eman dutela entzun dut. Halere, gu hasi ginenetik gaur egunera asko jaitsi da. Egun, txikiak bakarrik daude, kadete mailan ez dago talderik. Datozen urteetan joerak eutsita taldeak egongo dira. Gogorra izan arren, gustukoa badute merezi du, gero fruituak ematen ditu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!