Andoaingo Txirrindulari Eskola, denboraldi berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 5a, 17:31

Negua amaitzeko gogoz norbait bada, zalantzarik gabe hori txirrindularia da. Gimnasioa utzi eta Gipuzkoako lasterketak hasteko irrikaz dago, errepidea delako benetako jokalekua.
Andoaingo Txirrindulari Eskola harrobi lana burutzeko prest dago, 1984 urtean sortu zen helburu antzekoekin. Lantalde finkoa da, txirrindularitza biziki maite duena.

Benjamin, alebin, infantil, kadete eta jubenil mailako txirrindulariak Andoaingo elastikoa jantzi eta errepidera irteteko moduan daude, berriro ere. Neguan nahi baino prestakuntza txikiagoa egin dute, eguraldi aldetik oso gogorra izan delako. Ez daude etsitzeko prest eta dagoeneko errepidean dabiltza gimnasioan egindako prestakuntza osatzen. Sorabilla-Aduna-Asteasu inguru horietako errepideetan dabiltza aste hauetan, udazkena bitarte maiz egingo duten ibilbidean hain zuzen.

Harrobi lanean, oinarrizko formakuntzan, esperientzia handikoa da Andoaingo Txirrindulari Eskola. Afizionatuetara iritsi bitarte ibilbide osoa egin daiteke Andoaingo eskolan. Denboraldi honetan hogeita sei haur eta gazte arituko dira bizikleta gainean. Benjaminen, alebinen eta infantilen kasuan formakuntza lehiaren gainetik dago. Kadete eta jubenil mailan, berriz, formakuntza barneratu eta gero lehiakor izaten ahalegintzen dira. Azken urteotan emaitza oso onak eskuratuz, gainera. Tolosaldean eta Buruntzaldean txirrindularitza eskolak galbidean daudenean, Andoaingoak tinko eusten dio 1984an hasitako bideari. Eskola berme handia da segurtasuna eskatzen duten gurasoentzat eta lehiakor izaten ikasi nahi duten txirrindularientzat.

HEZITZAILE ETA ENTRENATZAILE
Hezitzaileen lantaldea finkoa da, belaunaldi ezberdinetako txirrinduzaleekin osatua. Kirolari ikasketei bezainbesteko garrantzia ematen diote. Garaian garaiko lehentasunak daude. Otsailaren amaieran, adibidez, jubenil mailako txirrindulari asko etxean geratu zen azterketak prestatzen. Iritsiko da kirol jardunean burubelarri murgiltzeko sasoia. Haietako asko Gipuzkoako itzuliarekin amesten dabiltza, ekainaren 19tik 22ra burutuko dena. Etapa bat, gainera, Andoainen amaituko da. Jubenil mailako txirrindulariak hobekien ezagutzen dituenetakoa Iñaki Arin entrenatzailea da. Bere txirrindulariak ilusio handiarekin ikusten ditu, “talde majoa daukat, iazko maila berbera eskainiko dute. Neguan lasaixeago aritu gara baina horrek ere bere abantaila izango du luzarora begira, ekaina aldera fresko egongo garelako”.

Iaz aurrekaldean ibili ziren, taldeka maila polita erakutsiz, “2008koa ona, oso ona izan zen. Lasterketa gehienetan borrokan aritu gara, lehen postuetan, eta maiz taldeka onenak izaten”. Aurten ere Arinek uste du bide beretik jarraituko dutela, “nire txirrindulariak gogotsu ikusten ditut, ilusio handiarekin, bat baino gehiago oso zentratuta gainera. Esan diet hasiera honetan bere burua ez gehiegi estutzeko, ez dezatela presio gehiegi hartu beregain. Azken batean, piskanaka joatea hobe da. Gauzak ondo eginez gero emaitzak iritsiko baitira”.

Maila ona emateko kalitatea badute, garaipenak garesti egon arren. Adin hauetan, ordea, oso garrantzitsua den beste elementuaren jabe dira: adiskidetasuna. Jubenil mailakoak errepidetik kanpo ere lagunak dira, eta hori nabaritzen da. Beharrezko denean elkarri laguntza emango diote. Zorte on!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!