Manex Castrori, ihes eginda dauden Hernaniko beste bi gazterekin batera, ETAko komando bateko kide izatea leporatzen zaio eta azken boladan Gipuzkoan egin diren bonba bidezko atentatuen ardura izatea. Mikel Garmendiari, berriz, komandoko kideei lagundu eta kotxea utzi izana egozten zaio.
Atzo arratsaldean Ertzaintza eta Guardia Zibilaren presentzia handia izan zen herrian eta tentsioa ere nabarmena. Iluntzeko 20:30etatik 23:00etara Ertzaintzak Mikelen bizitokia miatu zuen, atxilotua bertan zela.
Atzo iluntzean Vilabonako Udalaren osoko bilkuran, Castroren atxiloketa eta inkomunikazio egoeraren aurrean, mozioa aurkezteko asmoa zuen Ezker Abertzaleak baina Garmendiaren atxiloketa eta gero, ostiralera atzeratzea erabaki zuten. Ostiralean, iluntzeko 20:00etan, biei zuzendutako mozioa aurkeztuko dute udaletxean. Ondoren, manifestaziorako deia ere egin dute.
Bestalde, badirudi Manex Castrok gaur eramango dutela Madrilgo Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera. Atzo familiako kideak Arartekoarekin bildu ziren, Manexen inkomunikazio egoera argitzeko. Izan ere, gaur bost egun beteko ditu Manexek inkomunikatuta.