Hondakinen kudeaketa egokiaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 3a, 18:33

Hondakinen euskal legearen alde sinadura bilketa egiten ari da Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea. Tartean, Beterri-Aiztondo eskualdeko hainbat herritar.

Amasa-Villabonako Onddolar taldeko Maite Martinez eta Pili Barroso villabonatarrek eta Pello Ezeiza adunarrak nahiz Errausketaren Aurkako Andoaingo Herri Plataformako kide Sergio Barreiro andoaindarrak hondakinen euskal legearen sorrera eta zergatia azaldu dute, ekimenaren garrantzia agerian utziz.
Plataformetako kideak duela zortzi hilabete hasi ziren gai hori lantzen. Sergio Barreirok adierazi duenez, aurretik zetorren, ordea, abiapuntua. “Atez ateko esperientzia ikustera koordinakundeko hainbat kide Kataluniara joan zenean sortu zen ideia. Sistema hura ezagutu zutenak benetan pozik itzuli ziren ikusitako emaitzarekin. Kataluniako 70 herritan abian den atez ateko gaikako zabor bilketa hemen ere gauzatzeko modua ikusten da”. Kataluniako hondakinen legetik abiatu ziren, beraz, hemengoa abian jartzeko. “Kataluniako legea Euskadiko errealitatera egokitzen hasi ginen. Hainbat hilabetean zehar egin genuen lan hori, ingurumen teknikari batzuen laguntzaz. Behin lege proposamena osatu genuenean, Parlamentura eraman genuen erregistratzera”. Maite Martinezek legearen nondik norakoen berri azaldu du, “legeak hondakinen errausketa saihestu nahi du eta besteak beste, birziklapenaren, berrerabiltzearen eta zaborraren gutxitzearen alde egiten du. Eta jakina, ingurugiroa errespetatu eta kontsumoa gutxitzean oinarritzen da”. Herritarrek abian jarri duten gisa horretako lehen ekimena da Gipuzkoan, “proposamena kontuan hartzeko 30.000 sinadura eskatzen dizkigute eta oraintxe kanpainaren erdi-erdian gaude”. Sinadurak biltzeko lau hilabeteko tartea dute, “hasiera batean, apirilaren 31n amaituko zaigu sinadurak biltzeko epea. Emaitzen arabera, bi hilabetez luzatzeko aukera izango dugu”.

Zaborraren aprobetxamendua
Defendatzen duten atez ateko gaikako zabor bilketak zaborraren aprobetxamendua ahalbidetuko luke eta hori da bultzatu nahi dutena. “Gutxienez zaborraren %80-82 berrerabiltzea ekarriko luke atez ateko bilketak. Ez da guk asmatutako datua, orain arteko emaitzek erakutsi dutena baizik”, adierazi du Pili Barrosok. Gipuzkoan, Usurbil izango da atez ateko bilketa lehenengoz abian jarriko duen udalerria, hilabete honetan bertan ekingo diote sistema berriko bilketari. “Usurbilek irekiko du gure artean ekimena eta koordinakundetik ilusio handiz eta itxaropentsu gaude emaitzen zain. Aurrera begira, gainerako herrietara ere zaborra biltzeko modu hori  zabaltzea nahiko genuke”. Ausartak izan eta bide horren alde apustu egin beharko litzatekeela diote, “udaletxe eta mankomunitateen bidez atez ateko bilketa abian jartzea ahalbidetuko luke hondakinen euskal legeak”. Aurrerantzean, ekimenaren berri azalduz, hitzaldiak eskaintzeko asmoa dute. Pello Ezeizak adierazi duenez, “garrantzitsua litzateke herritarrez gain, Udaletako zinegotzi eta alkateei zuzendutako hitzaldiak antolatzea. Askok eta askok ez baitute gaia gehiegi ezagutzen”.  

Jarrera baikorra
Euskal Autonomia Erkidegoari zuzendutako legea da, “Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak bultzatutako legea izan arren, Araban eta Bizkaian ere ari gara sinadurak biltzen”. 30.000 sinadura, sinadura asko da baina, baikor ageri dira eskualdeko plataformetako kideak, “lortuko dugun uste osoa daukagu. Dagoeneko milaka batzuk bildu ditugu”. Momentuz ahoz aho eta kalera aterata jaso dituzte sinadurak, “asteburuetan bereziki, hitzordu ezberdinetan mahaia jartzen dugu kalean eta nahi duenari sinatzeko aukera eskaintzen diogu. Oro har, jende asko biltzen den ekimenetara gerturatzen gara eta pozik gaude, jende ugari gerturatzen baitzaigu informazio eske. www.errausketarikez.org  gune elektronikoan ere geroz eta jende gehiago sartzen da jakin-minak bultzatuta”. Amasa-Villabonan Sahatsa belar-dendan sinatzeko aukera eskaintzen da eta Andoainen Gizarte Zerbitzuetan. “Data zehatzetan badugu eskualdean kalera ateratzeko asmoa. Jakinaraziko dugu komunikabideen bidez”.

Herritarren ekimena
Legearen prozesuari dagokionez, epea amaitzean,  30.000 sinadura aurkeztuko lirateke Legebiltzarrean eta modu horretan, politikariei legea eztabaidatzeko eskaera ofiziala egingo litzaieke. “Legea herritarren ekimenez sortu da, gu ez gara politikariak. Guk ez dugu legearen alde ezer esateko aukerarik izango baina, 30.000 sinadura eramate hutsak herritar askoren sentitzeko modua erakutsiko du”. Behin sinadurak Legebiltzarrera eramandakoan, erabakiaren zain geratu beharko da. “Legeak aurrera egingo duen esperantza dugu. Erraustegiaren  ekimena bertan behera uzteko azken aukeren aurrean gaude”. Erraustegiaren gaiaren gertutasun eta abiada ikusita, hondakinen legea bideratzea presazkoa dela uste dute baina, etorkizunera begira, ontzien legea martxan jartzea ere oso garrantzitsua dela gaineratu dute, “hondakinak desegiteaz gain, zaborrak saihestea edo gutxitzea lortu behar baita”.

Sinatzeko deialdia
Ekimenaren atzean lan handia egin dute plataformetako kideek, “ez dugu batere aurrekonturik eta gaiarekiko sentsibilitatea duten lagunen laguntzarekin lortu dugu ekimena aurrera ateratzea”. Herritarrei sinatzeko deia egin eta sentsibilizazioari lotutako mezua ere igorri nahi diete, “sinadura bakoitza borondate edo nahi bat da. Azken batean, legea aurrera ateratzen bada, guztion onurarako izango da. Sinatzera animatzen ditugu herritarrak, beldurrak alde batera utzita. Banaka-banaka, 30.000 sinadura lor daitezke”. Era berean, politikariei ere mezua luzatu nahi diete, “Legebiltzarreko politikari berriei ere legea kontuan hartzeko eskatu nahi diegu. Legea erregistratzera Legebiltzarreraeraman genuenean,  Aralar, Ezker Batua eta Ezker Abertzaleak begi onez ikusi zuten. PSOEk eta PPk aztertu egin behar zutela esan zuten. Ikusi egin beharko da aurrerantzean zer gertatzen den”.

Lege-proposamenaren eduki garrantzitsuak
  1. Euskadiko Autonomia Erkidegoan, hondakin horien ustiapena ez da inolaz ere errausketa izango. Hiri-hondakin solidoak eta, batez ere, plastikoak erraustean sortutako igorpenak ikertzen ari direnez, ez dago bermatuta ingurumenean ondorio kaltegarririk sortzen ez denik. 
  2. Udal-hondakinen gaikako bilketa intentsiboa, bilketa berria proposatzen dugu eta zaborreko osagai birziklagarri guztiak berreskuratzea du helburu. Ohiko bilketa-sistemak ez dira nahikoak, partzialak direlako eta zaborraren osagai birziklagarriak baino ez dituztelako tratatzen.
  3. Udal-hondakinen berreskurapena eta birziklapena sustatzeko asmoz, autonomia-erkidegoko udalerri guztiek gaikako bilketa intentsiboa ezarri beharko dute udal-hondakinak kudeatzeko zerbitzuan.
  4. Udal-hondakinen gaikako bilketa derrigorrean ezarri behar da konspost (ongarri natura) bihurtzeko hondakin organikoen bilketa-zerbitzutik at. Hain zuzen ere, horrelaxe tratatu beharko lirateke etxeko materia organikoaren ondorioz sortutako zaborrak eta sorrera-gune handiak diren azoka, ostalaritza zentro, catering enpresa, ikastetxe…
  5. Hondakinen gaikako bilketa intentsiboa hobetzeko, atez ateko bilketa jarri behar da abian. Horrela, kopuru handiagoa eta kalitate handiagokoa bildu ahal izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!