Euskara berreskuratu nahia
Aurtengoa 16. edizioa izango da; martxoaren 26an Tuteran hasi eta apirilaren 5ean amaituko da Gasteizen. Etorri berria abegitsu hartzen dela adierazteko esapidea aukeratu dute Korrikako antolatzaileek lelo modura aurtengorako: Ongi etorri. Hizkuntza bat galtzeko arriskuan dagoenean, hizkuntza hori salbatzeko lehenengo baldintza berau dagoen herriak berreskuratu nahi izatea dela adierazi dute AEK-ko kideek. “Euskararen kasuan, herriak sarri erakutsi du euskara berreskuratu nahi duela. Korrika, hain zuzen ere, borondate horren adierazpen grafikoa da”. Nahi izatea, ordea, ez da askotan nahikoa. “Gure mezua, gure ongietorria, harago doa. Herritarren borondateari atxikirik, Korrika 16ra etorri ez ezik, Korrikan azaleratuko den nahiari kasu egiteko deia luzatu nahi diegu Euskal Herriko norbanako, erakunde eta administrazio guztiei”. Izan ere, erakunde eta administrazioek euskararen normalizazioa bultzatzea nahi dute AEK-ko kideek, euskaldunok leku guztietan euskara erabiltzea eta euskaldundu nahi dutenek euskara ikastea. “Euskarak, Korrikak bezala, pausoa arin eta gelditu gabe egin behar du aurrera, aurreraka ez doana atzeraka hasteko arriskuan baitago. Eta horretarako denok parte hartzea derrigorrezkoa da. Korrikan bezala, lekukoa lurrera eror ez dadin, esku guztiak dira beharrezko”. Urtero bezala, aurtengo Korrikak ere badu kanturik. Jon Maia bertsolariak idatzi ditu Ongi etorri lagun abestiaren hitzak, Betagarri musika taldeak jarri dio doinua. Karriketan korrika, korrika karriketan entzun eta abestu daiteke kantuan zehar.
Etorritakoei eta joandakoei omenaldia
Edizio guztietan egin ohi den modura, aurten ere omenaldia eskainiko du AEK-k Korrika 16ren baitan, eta Euskal Herrira lan bila, bizimodu hobe baten bila, edo bizi ahal izateko leku bila etorritako hainbat familia izango dira omenaldiko protagonistak. “Horien artean askok, euskal herritarron ongietorria ederki hartuz eta ulertuz, ekarpen goraipagarria egin diote gure hizkuntzari. Euskal Herrira heldu, euskara ikasi eta erabili, umeei irakatsi, gure kulturaz gozatu, berari ekarpen euskalduna egin, eta belaunaldiz belaunaldi gure hizkuntza transmititu duten milaka familia horiek izan nahi ditu gogoan Korrika 16k aurtengo omenaldia gauzatzeko”. Omenaldi hori bi ardatz nagusitan oinarrituta bideratuko dute: “batetik, egin duten ekarpenagatik gure eskerrik zintzoena eman nahi diegu; bestetik, beraien guztien ekarpena eta konpromisoa azaleratu nahi dugu, kanpotik datozen familientzat eta bertan jaio eta hazitako familia oraindik ez euskaldunentzat eredu izan daitezen”. Era berean, Euskal Herriak kanpotik hartu dituen bezala, herritarrak kanpora ere bidali dituela gogoratu nahi dute antolatzaileek eta joandakoen artean, askok eta askok, belaunaldien poderioz euskara galdu dutela. “Kanpora joan gabe ere, asko izan dira, frankismoaren edo frantses estatuko lege jakobinoen erruz, euskara galdu duten familiak. Zorionez, horien artean badira euskara berreskuratzeko ahalegin aipagarria egin duten familiak. Horiek guztiak ahazteak ez lioke geure omenaldiari behar duen osotasuna bermatuko. Bihoakie beraz, euskara ikasi eta gero transmisioa bermatu duten familia guztiei, baita euskara galdu eta berrikasiz transmisioa ahalbidetu duten familia guztiei ere, Korrika 16ren omenaldi xumea”.
Korrika 16, Beterri-Aiztondon
Gasteizera bidean, ostegunarekin, apirilaren 2an ailegatuko da Korrika 16 Beterri-Aiztondo eskualdera. Goizeko 12:44etan iritsiko da Amasa-Villabonara eta Zizurkil, Aduna eta Andoain zeharkatu ondoren, Urnietatik barrena jarraituko du aurrera. Korrika eskualdera iritsi aurretik, hainbat girotze ekitaldi antolatu da eskualdean martxan diren Korrika batzordeen eskutik:
Amasa-Villabona: Egun osoko ekitaldi sorta antolatuko da Korrikaren alde. Data guztiz zehazteko: lasterketa jendetsuaren inguruko bideoa, haur jolasak, kantua, afaria… Korrikako materiala herriko ikastetxeetan salgai jarriko da, besteak beste.
Andoain: Korrika kulturalaren barneko ekintzak martxoaren 12an jarriko dira martxan Lain taldearen kontzertuarekin. Emanaldi akustikoa eskainiko dute Euskadi Gazteako maketa lehiaketa irabazi duten gazteek, Ernaitza liburu dendan, 20:00etan hasita. Martxoaren 25ean, “Bidaia intimoak”, Korrikaren inguruko dokumentalaren emanaldia izango da. Horrez gain, Korrikako arropa salgai izango da honako egunetan:
- Martxoak 6, La Salle ikastetxean. 10:45-11:15.
- Martxoak 12 eta 13, Ikastolak Bazkardon duen eraikinean. 16:00-17:00.
- Martxoak 17 eta 18, Ondarreta ikastetxearen egoitza nagusian. 16:00-17:00.
- Martxoak 12, Ernaitzan.
- Martxoak 25, Basteroko ekitaldi aretoan.
Korrikarekin bat egiteko aukerak
- “Korrika laguntzailea” euskarria erosiz.
- Norberaren herri edo auzoko korrika batzordean parte hartuz.
- Korrika kulturalak antolatuko dituen ekitaldietara joanez.
- Korrikaren www.korrika.org webgunea bisitatuz.
- Martxoaren 26an Tuterara eta apirilaren 5ean Gasteizera joanez, eta Korrika 16ren hasieran eta amaieran parte hartuz.
- Korrika 16ren materiala, oroigarriak edota korrikalarien ezaugarri den petoa erosiz.
- Herriz herri egingo den Korrikaren aldeko diru-bilketan lagunduz.
- Kilometroak subentzionatuz.
- Korrikaren izenean Euskadiko Kutxan zabaldu den 3035.0072.0.2.072.0.00571.0 kontu korronte zenbakian nahi den diru kopurua sartuz.
- Enpresa edo saltegiek, korrikalaria, korrika-lagun txartela edo Korrika iragartzeko aterako diren bestelako euskarriak babestuz.
- Eta jakina, korrika eginez.