Adunan bildutakoa, Saharan elikagai

Urte asko daramate Adunan Saharako kanpamenduetara bidaltzeko janari bilketak egiten. Aurtengoan ere ez dute hutsik egin eta 235 kilo elikagai bildu dituzte. 

Urtarrilaren 17an jarri zuten bilketarako postua. Goiz guztian zehar, hainbat eta hainbat herritar hurbildu zen bilketa egiteko prestatutako gunera. Maixabel Tolosa bilketa egiten duen taldeko kide da: “Oso pozik gaude jasotako erantzunarekin. Aduna herri txikia da eta hala ere, elikagai kopuru ederra jasotzen dugu. Herritarrei eskertu egin behar diegu egiten duten ahalegina”. Postura hurbiltzen diren herritarrak ez dira esku hutsik joaten, izan ere, salda eta pintxo goxoak prest izaten baitituzte elikagaiak ekartzen dituztenentzat: “Produktuak erosi eta postura gerturatzeak esfortzua eskatzen du eta hori eskertzeko modu bat da pintxoak eskaintzea”, azaldu du Maixabelek.

Santa Eskean bildutakoa
Santa Ageda bezperan kantuan bildutako dirua ere Saharara bideratzen dute. “Aurten hogeita sei pertsonako taldea osatu genuen kantuan ateratzeko. Bi taldetan banatuta egin genuen Santa Eskea, herrigunean batzuk, Goiburu inguruan beste batzuk. Aurten lehenengo aldiz autobus txiki batean ibili zen Goiburuko taldea. Baserriak oso sakabanatuta daude eta aurreko urteetan furgoneta eta kotxeetan moldatzen ginen, baina aurten, autobusa hartzea erabaki genuen, guztiok lasaiago ibiltzeko aukera izan genezan”, adierazi du Maixabalek. “Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, euri zaparrada galanta bota zuen arratsaldean eta kantuan atera ahal izateko, zain egon beharra izan genuen. Atertu zuen azkenik, eta oso gustura ibili ginen. 1340,85 euro bildu ziren eta dirua eman ziguten guztiei eskerrak eman beharrean gaude. Diru horren zati handiena Saharara bidaltzen dugu eta beti gordetzen dugu pixka bat udan handik etortzen diren haurrei festa eguna antolatzeko. Santa Eskean ibili ondoren, Txulobin bildu ginen elkarrekin, giro ederrean, bokadiloak afaltzeko”, gaineratu du.
Hamairu urte daramate Adunan Santa Eskean ateratzeko taldea osatuz: “Eskola txikien jaia antolatzen ari ginela, dirua lortzeko modu bat zela pentsatu, eta kantuan atera ginen. Hurrengo urtean, berriro kantuan ateratzeko erabakia hartu genuen, baina ez genekien dirua nora bideratu. Dani Arizalak proposatu zuen Saharara bidaltzeko aukera eta geroztik, horrela egiten dugu urtero”, azaldu du Maixabalek.

Udan, jaialdi berezia
Uztailean, Saharako haurrei ongietorria emateko jaialdi berezia egingo dute. “Danik proposatu zuen haurrentzako jaialdia egiteko ideia. Gipuzkoako herri ezberdinetan sakabanatuta izaten  dira umeak udan eta elkar ikus daitezen antolatzen da Adunako jaialdia. Urteroko hitzordua da. Hasiera batean, Santa Agedan bildutako diru gehiena erabiltzen genuen jaia antolatzeko. Pena ematen zigun Saharara horren diru gutxi bidaltzeak eta jaialdia antolatzeko, enpresa ezberdinei laguntza eskatzen hasi ginen. Azken urteotan, bazkarirako janaria laguntzaile horien bidez lortzen dugu. Laguntzaile horiei guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu”, azaldu du Maixabalek.
Ehun haur inguru hurbiltzen da Adunara udako jaialdian: “Oso gustura ibiltzen dira umeak. Gorritiren animaliak ekartzen ditugu, oso gustuko dituztelako. Gainerantzean, txaranga, herri jolasak edota antzerkia ere eskaintzen zaizkie. Umeekin batera, zenbait zaintzaile, begirale eta guraso ere etortzen da. Gurekin batera bazkaltzen dute eta guztiek ere oso ondo pasatzen dute. Iaz paella prestatu genuen eta oso ondo atera zen. Paella egiteko ontzi handi batean egin genuen, plazan, eta haurrek ikusteko aukera izan zuten. Festa polita izan zen. Aurten ere, uztailean egingo da jaialdia, baina oraindik data guztiz zehaztu gabe dago”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!