Maikar Iurramendi, eskolako irakaslea

Matrikulazio kanpaina amaituta, etorkizunari begira jarri dira eskolan. Hamasei haur hartuko dituzte datorren ikasturtean. Orainaz eta geroaz hitz egin du Maikar Iurramendi irakasleak. 

Ikasturte honetan jarri da martxan Larraulen eskola zerbitzua. Nola bizi izan duzu zuk prozesu hori?
Larraulgo gurasoen nahi bati erantzuna emateko etorri ginen, eta ilusioz bizi izan dugu. Gurasoek ere laguntza handia eman digute. Orain dela gutxi bildu gara gurasoekin eta oso pozik daude lortutakoarekin. Hasieran dena berria zen eta martxa hartu arte lan handia izan dugu, baina gustura egindako lana izan da. Amaia Iparragirre eta biok ari gara irakasle lanetan eta biok ere oso gustura ari gara, asko ikasi dugu. Gainera, datorren urtean hamasei ume izango ditugu eta horrek indar handiagoa emango dio eskolari. Baliabide gehiago beharko dira eta eskola izaera ere handitu egingo da. Orain arte, lantxoren bat egindakoan, ez dugu izan besteei erakusteko aukerarik, ez dagoelako besterik, baina datorren urtean aukera hori zabaldu egingo zaigu eta hori oso ona da.

Zeintzuk izan dira zailtasun handienak?
Eskola zerbitzua eskaintzeko ilusio handia genuen, baina besterik ez, eta ilusio hori gorpuztu beharra zegoen. Dena antolatu eta lehentasunak markatu beharra zegoen. Beharrezko materiala ere pixkanaka iritsi zen eta ikasgelako txoko ezberdinak antolatu beharra zegoen. Bestetik, lana nola egin, dinamika nola planteatu ere zehazteko zegoen. Pello Errota ikastetxeko ikasgela da Larraulen jarri dena eta Asteasuko kideekin ere hainbat bilera egin genuen. Asko lagundu zigun Eskola Txikien mintegira joateak, han ondo azaltzen baitute mota honetako ikasgelatan zein lan egin daitezkeen eta baita nola egin ere.

Zer nolako egoera da adin ezberdineko haurrak ikasgela berean izatea?
Egoera berezia da, aniztasun handia sortzen delako. Edozein ikasgelatan aniztasun handia izaten bada, bi, hiru eta lau urteko haurrak elkarrekin badaude, aniztasuna oraindik ere handiagoa da. Esaterako, bi urteko haurrei zenbait momentutan ezin diezu eskatu isiltasuna gordetzea. Hala ere, oso ondo moldatu gara eta txikienak ere taldeko partaide sentitzea lortu dugu, oso gustura etortzen dira. Beharbada, helduenek markatzen dute gelako dinamika, baina txikienek ere aurrerapauso handiak eman dituzte. Umeari beti pixka bat gehiago eskatuz joan behar da, hiru urtekoei bi urtekoei baino gehiago, eta lau urtekoei hirukoei baino gehiago. Elkarrekintzak indar handia hartzen du mota honetako ikasgelatan. Noizehan behin, eta bi irakasle gaudela kontuan hartuta, bi urtekoak marrazkiak egiten edo hitz egiten ari diren bitartean, helduagoak ekintza zuzenduagoetan aritzen dira, eskakizun maila altuagoa eskatzen dutenetan. Proiektu ezberdinak lantzeko garaian, ordea, guztiak batera aritzen gara, bakoitza bere mailan. Aurreko hiruhilekoan, esaterako, txakurren inguruko lan bat egin genuen eta datozen asteetan antzerkia lantzen hasiko gara.

Datorren urteari begira, zein aurreikuspen duzue?
Zazpi haurrek eman dute izena, guztiak bi urtekoak. Haur horiekin ikasgela bat osatuko da eta aurtengo taldeak bere horretan aurrera jarraituko du. Bi ikasgela izateak indarra emango dio hezkuntza zerbitzuari. Eskolaren jarraipenerako bidea da hori. Ikasturte honetan izan dugun ikasgela moldatu egin beharko da bi ikasgela sortu ahal izateko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!