Mintzalekuak, mundutarrak elkarrekin komunikatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 3a, 18:15

Mintzalekuak edo lokutorioak ugaritzen ari dira herrietako kale paisajeetan. 
Nazio Batuen eremu txikiak dirudite, han biltzen diren makina bat jatorriko etorkinak direla eta.   

Andoainen hiru mintzaleku daude une honetan. Geroz eta etorkin gehiago bizi da herrian, eta batik bat horien eskariari erantzuteko sortu dira.
Angel Caisa ekuadortarrak 2008ko azaroan ireki zuen Latino mintzalekua, Kale Nagusian. Leku horiek zer eskaintzen duten, berak argitu du: “Nazioartean komunikatzeko tresnak, diru-bidalketa, mugikorrak kargatzea eta fotokopiagailua; horiez gain, tokian tokiko produktuak, litxarkeriak eta edariak, noski”.
Mugikorra edonoren patriketara iristen ari den honetan, mintzalekuek zertan diren erakargarri gogoratzen du Caisak: “Ekonomikoak dira. Herrialde bakoitzak bere tarifak ditu, baina konparazio batera, nik Ekuadorrera hots egiten dudanean, minutuko 27 zentimo ordaintzen ditut: mugikorrez, berriz, 40 zentimo gehi bez-a izango litzateke”.  
Leku horietan harremanetan jartzeko modu ezberdinak azaltzen ditu: “batetik betikoa, kabinetan; eta bestetik internetez, emailez edo bideokonferentzien bidez”.
Interneta da nagusitzen hasi den tramankulua. “Oso merkea da betiko telefonoaren ondoan. Pentsa, ordu erdia 70 zentimotan ateratzen da”.
Telefonoak, hala ere, oso urrun bizi den familiaren ahotsa entzuteko aukera ematen du, eta “sistemarik erabiliena izaten jarraitzen du oraindik. Kontuan hartu hemen ordenagailuak eta Interneta oso zabalduta egon arren, munduko leku askotan oraindik baliabide horien faltan daudela”.
Internetak bideokonferentziaren aukera modernoa ekarri du azken urteetan, “aurrez aurre, urrunekoekin hizketan jardun ahal izatea izugarri estimatzen du jendeak, pantailaren bidez bada ere. Horregatik, ugaritzen ari da bere erabilera”.
 
Bertakoentzat ere erabilgarri
Marta Herrero donostiarrak eta jatorriz marokoarra den bere senarrak otsailaren hasieran ireki zuten Nora mintzaleku-bazarra, Zumea kalean. Ireki eta denbora gutxira itxi diren mintzalekuen kasuaz hitz egiten bazaio, berak itxaropena eta lana aipatzen du. “Oraindik goiz da gurea ezagutzera emateko. Hala ere, ahoz aho, bezero kopurua handitzen doa egunez egun, eta negozioa ondo joango den itxaropena daukagu”. Lana aipatzen duenean, mintzalekua astegunetan berandu arte eta asteburuetan irekita edukitzea da, batik bat, esan nahi duena.       
Mintzalekuak Nazio Batuen Erakundea txikian direla esaten dutenei, ez zaie arrazoia falta. “Asia ez beste gainerako kontinenteetatik hurbiltzen dira. Hizkuntzak, berriz, konta ezin ahal entzuten dira. Arabiarrez ni pittin bat moldatzen naiz, baina bestela, gaztelera da komunikatzeko hizkuntza komuna”. Herrerok egunero ikusten duelako, badaki Euskal Herrira etorri berriek zer hizkuntza eta noiz ikasten duten: “gaztelera ikasten dute, eta bizpahiru hilabetetan gutxieneko komunikazioa mantentzeko gai dira; ez baitago beharra bezalakorik!”. Errumaniarrekin, hala ere, gauza kuriosoa gertatzen zaio Herrerori: “Gehiago kostatzen zait horiekin komunikatzea; arrazoia, bertakoekin gutxiago harremantzen direlako izan liteke agian”.
Etorkinak zenbat eta denbora gehiago eraman bertan, orduan eta euskaratuagoak ikusten ditu maiz. “Haurrak eskoletara eramaten dituzte eta euskara ezagutzen hasten dira. Adibidez, bada marokoar bat alabarekin euskaraz eta arabiarrez aritzen dena”.
Bertakoak diren herritarrek mintzaleku horien gainean daukaten ezjakintasuna nabarmendu nahiko luke Herrerok. “Ate paretik pasatzerakoan, askori entzuten diet nola esaten duten gurea atzerritarren tokia dela. Jendeak ez dakiena da edonorentzako zerbitzuak dauzkagula hemen. Badira bertakoak asteburuetan fotokopiak ateratzera edo litxarkeriak erostera sartzen direnak. Baina ez dira asko”.
Martak zein zerbitzu diren horiek aipatzen ditu segidan: “Finlandiako lagunarekin edo Ingalaterran ikasten ari den alabarekin hitz egin eta aurreztu nahi duenak, ez dauka kabina bezalakorik”.   
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!