Paula Gallegoren eskua argazkiak egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 3a, 18:11

Leitzaran Institutuan ikasten duen Paula Gallegok Aztertu programak EAEn antolatzen duen argazkien lehiaketa irabazi berri du

Azalduko al dituzu lehiaketaren ezaugarriak?
Programa horrek gazteek ibai, itsaso eta ingurunearekiko interesa piztea bilatzen du. Hiru modalitatetan antolatzen ditu lehiaketak, marrazkien, ipuinen eta argazkien arloan. Nik 13 urte ditut, eta 12-16 urte bitartekoen 2008ko saria irabazi nuen. Ia 20.000 lagunek parte hartu zuten hiru modalitatetan.

Nola izan zen argazki horren istorioa?   
Leitzarango ekitaldiez eta Agenda 21etaz arduratzen den Ana Ulaciak Leitzaranera eraman gintuen, han errekarekin zerikusia zuten nahi adina argazki atera genitzan. Ikasle bakoitzak argazki mordoa atera genuen. Gero bina argazki lehiaketara bidali zituen.

Zer moduzkoa izan zen sari banaketa?
Oso polita eta jendetsua izan zen ekitaldia. Donostiako Aquariumean izan zen. Saria jasotzerakoan, pantailan nire argazkia jarri zuten, baina ez zen denborarik egon zer esan nahi zuen adierazteko. Izan ere, sari asko banatu behar zen. Hori bai, ikusleen artean ni animatzera joan zirenak eskertu nahi nituzke: familia, lagunak, irakasleak eta bereziki Ana Ulacia, ahalegin handia egin duelako ikasleak lehiaketan esku hartu genezan.   

Deskriba al dezakezu zure argazki saritu hori?  
Esku bat errekan sartuta ikusten da. Neronek esku bat sartu eta bestearekin atera nuen argazkia. Irudi sinbolikoa izatea nahi nuen argazkia. Adieraz zezala denok daukagula zer egina ekologiaren alde.

Gustuko al duzu argazkigintza?
Lagunei-eta ateratzen dizkiet, baina aukeran nahiago natura erretratatzea. Leitzaranera asko joaten naiz lagunekin udan, eta ia beti eramaten dut kamara. Nik uste zaletasuna gurasoek sartu didatela; eurek ere irabazi izan dute egunkari bateko argazki lehiaketa.

Ba al duzu beste zaletasunik?
Patinetan eta bizikletan ibiltzen naiz eta gimnasia erritmikoa praktikatzen dut. Azterketarik ez dudanean ipuinak idazten ditut, gazteleraz eta euskaraz. Oraintxe Coca-Colaren ipuin lehiaketan parte hartzeko nire bi ipuin aukeratu dituzte: gaztelerazkoa banpiroei buruzkoa da, eta euskarazkoa gerratik itzulita familia guztia hila duela pentsatuz bere buruaz beste egiten duen gazte bati buruzkoa.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!