Halal erritualeko harategi musulmana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 3a, 18:03

Halal tradizioko harategia zabaldu zuten otsailean Kale Berrian.

Abdelali Agourram da errito musulmanarekin hildako animalien haragia saltzen duten saltegiko arduraduna.

Halal edo errito musulmanarekin hildako animalien haragia saltzen duzue zuek. Ezberdintasunik ba al du hemengo haragietako haragiarekin alderatuta?
Guk saltzen dugun haragia beste edozein harategitan saltzen denaren parekoa da. Sakrifizio edo hiltzeko moduan soilik aurki daiteke aldea. Halal erritualaren arabera, animaliaren burua Mecara begira jarri eta esku eskuinarekin labana hartuta hil behar da animalia, Jainkoaren izena esaten den bitartean. Ez da besterik, haragia berbera da: biribilkia, saiheskia edo gisatzeko haragia saltzen dugu, besteak beste.

Nondik ekartzen duzue haragia?
Bilboko hiltegitik eskatzen dugu. Astean behin, asteazkenero etortzen da banatzailea. Tolosan ere ezagutzen dut hiltegia baina han ez dute gure errituaren arabera hiltzen animalia. Erlijio musulmana dela eta, ez dugu txerri haragirik saltzen. Gainerakoan, txekorra, oilaskoa, untxia, arkumea…

Zer moduzkoa izan da hasiera?
Otsailaren 10ean zabaldu genuen harategia eta hasten ari gara. Lehenengo txandan 120 kiloko txekorra ekarri genuen eta azkenekoan 180 kilokoa. Astez aste kilo kopurua handitzen ari gara eta seinale ona da hori. Ea horrela jarraitzen dugun aurrera begira ere.

Zein jarrera erakusten du bertako jendeak?
Hemengo jendeari kosta egiten zaio oraindik harategian sartzea. Batzuei beldurra ematen die haragia erosteak, kanpotik ekarritakoa dela pentsatzen dutelako. Baina ez, bertako haragia da. Probatzen duenak ikusiko du haragia ona dela eta modu onean eros daitekeela.

Bezerorik gehienak herritarrak dituzue, beraz…
Inguruan harategi musulmanen aukera gehiegirik ez dagoenez, Andoain, Asteasu, Tolosa edo Lasartetik etortzen zaigu jenderik gehien.

Ordutegi zabala duzue…
Aste guztian zehar irekitzen dugu harategia: astelehenetik igandera. Goizeko 09:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara. Ordutegia zabala da, bai. Hala ere, lanik gehien asteburuetan egiten dugu; gure herrikide musulman gehienek astean zehar lan egiten dutenez, asteburuetan etortzen baitira gehiago. Astean zehar lasaiago ibiltzen gara.
Harategia jendeari begira goizeko 09:00etan zabaltzen badugu ere, goizeko 07:30etan hasten gara gu lanean. Pintxoak, saltxitxak edo anburgesak goizean goiz prestatzen ditugu. Haragia ere goizean ateratzen dugu, gauean prestatuta utzita baino itxura hobea izaten baitu. Gauean baino, lan horiek goizago jaikita egitea nahiago dut.

Haragia baino gauza gehiago ere aurki daiteke dendan…
Haragiarekin batera gure herriko beste hainbat elikagai ere saltzen dugu: cous-cousa, legamia, zopak, espeziak, olibak, infusioak, datilak, gozogintzako osagaiak… Aurrera begira, apal berriak jarri eta eskaintza zabaltzeko asmoa dugu.

Noiztik bizi zara hemen? Zer moduz?
Duela hiru urte etorri nintzen Gipuzkoara. Amasa-Villabonan urtebete bizitu nintzen. Gipuzkoara etorri aurretik, Villarrealen bizi ginen. Orain hemen bizitzea egokitu zaigu. Hasieran kosta egin zitzaigun hemengo bizimodura ohitzea baina gustura bizi gara orain. Dagoeneko familiako kide guztiak etorri gara hona bizitzera, Marokon ez zaigu familiako kiderik geratzen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!