Biltokiko bulegoa itxi egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 3a, 18:00

Joan zen otsailaren 27an jubilatuen egoitzako zuzendaritza batzordeak euren kargua utzi eta bulegoa itxi zuen, egoitza berria eskuratzeko nahiz batzorde berria eratzeko zailtasunak medio.

Besterik erabakitzen ez den bitartean, biltokiak edo jubilatuen egoitzak nahiz tabernak zabalik jarraituko duten arren, egoitzako batzordekideek euren lanari amaiera ematea erabaki dute; besteak beste, antolatzen dituzten ekintzak bertan behera utziz. “Zortzi lagunek osatzen dugu batzordea eta hainbatek hiru urte baino gehiago daramagu zuzendaritzan, atzetik ordezkatuko gaituen inor ez daukagulako. Inork ez dio jarraipenik eman nahi hemengo lanari”. Batzordeko kideek egoera horren zergatiaren berri eman dute, “garai bateko La Salvadora lantegiarena zen jubilatuen egoitza eta duela 35 urte utzi ziguten jubilatuen bilgune izateko. Egoitza herritik oso kanpo geratzen da eta oso jende gutxi etortzen da honaino. Lehen hainbat taberna zegoen inguruan eta giro pixka bat izaten zen baina egun, ez dago batere mugimendurik. Gutxi batzuk besterik ez gara biltzen; beti berdinak, gainera. Eta egoera hori ikusita, inork ez du batzordearen ardura bere gain hartu nahi”.

Egoitza zaharkituta
Txermingo jubilatuen egoitza zaharkituta dagoela azaldu dute batzordekideek, “azpiegitura oso zaharkitua daukagu eta matxura asko izaten da. Arazoak besterik ez dizkigu ekartzen leku honek”. Guztira 650 bazkide inguru dira eta urtetan zehar ekintza ugari antolatu du zuzendaritza batzordeak haientzat: jubilatu astea, ikastaroak, hitzaldiak, irteerak… Ekintza horiek aurrera ateratzeko, ordea, baliabide eskasak dituztela aipatu dute, “ekintzak antolatzeko oso mugatuta gaude, diru-laguntza gutxi jasotzen dugulako. Modu horretan lanean aritzea oso nekagarria da”.

Egoitza berria erdigunean
Jendea erakartzeko egoitza herriaren erdigunean behar dutela adierazi dute, “badira zortzi urte Udaleko kideekin gai horren inguruko eztabaida hasi zela. Baina ez gara ondorio batera iristen eta egoitzaren gaiari, batzorde berria sortzeko ezintasuna gehituta, bideratzea ia ezinezkoa den arazoa sortu zaigu”. Egoitza herriaren erdigunean balute, arazoa konpondu egingo litzatekeela uste dute, “jubilatu eta ez jubilatu, jende asko gerturatuko litzateke bertara eta, modu horretan, jendearen parte hartzea ere areagotu egingo litzateke, ekimenarekiko jarrera indartuz”. Behar bezalako gunea eta dinamika bizia nahi dutela diote, “gure ustez kartetan jolasteko, dantzarako edo mokadutxo bat egiteko leku egokia martxan jartzea litzateke onena eta, batzordearen ardura bi urtez behin aldatzea. Guztion artean osatu beharko genuke nahi dugun elkarte hori”.

Giltzak udaletxera
Baina egoitza bideratzeko zailtasunak ikusita, otsailaren 12an egin zen bazkideen bilkuran giltzak Udalari itzultzea erabaki zuten, aldeko 60 boto jasota. “11:00tatik 13:00etara lanean aritu gara hemen goizero eta inork erantzuten ez duela ikusita, gure lana bertan behera uztea erabaki dugu eta bulegoko giltzak udaletxera itzultzea. Ohar batean jubilatuen egoitza berria moldatzen dutenean, berrantolatzeko eta berriz ere martxan jartzeko prest egongo garela adierazi diegu Udaleko kideei, batzorde berria eratzen den arte”. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!