Manex Castro atxilotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 3a, 17:58

Joan zen martxoaren 1eko goizaldeko 03:00etan, Manex Castro Zabaleta villabonatarra atxilotu zuen Ertzaintzak, Apatx tabernan zegoela.

Une horretan tabernan zeuden hainbat lekukok adierazi duenez, “bat-batean, hogei ertzain inguru armatuta sartu zen tabernara. Haietakoren bat pistola eskuetan zuela eta Manex Castro eskuburdinak jarrita eraman zuten. Tabernan zeuden bi lagunek kolpeak jaso zituzten”. Espainiako Auzitegi Nazionalarekin koordinatuta atxilotu zuen Manex Castro Ertzaintzak. Bere familiak Hernanin duen etxea eta Villabonako bizilekua miatu zituzten eta Hernanikoan lehergailuak egiteko materiala atzeman zuten. ETAko kide izatea egozten zaio Manexi, urtarrilaren 12an Hernanin Ertzaintzaren aurka egindako atentatuan zerikusia izatea. Ertzaintza Manex jarraitzen ari zen eta azken boladan mugimendu susmagarriak sumatuta, beste atentaturen bat “laster” egiteko asmotan zelakoan atxilotu zuten.
Hauteskunde egunean, Ertzaintzaren presentzia handia izan zen herrian. Tentsioa nabarmena zen kalean. 12:00etan eliza ondoan Ezker Abertzaleak ematekoa zuen prentsaurrekoa ez zen bertan egin eta iluntzerako deitutako manifestazioa atera bezain laster eten zuen Ertzaintzak. Biharamunean, Ezker Abertzaleak deitutako manifestazioak herriko kaleak zeharkatu zituen, Ertzaintzaren zaintzapean.

Tortura arriskua
Aldizkaria inprentara bidali zen egunean, martxoaren 3an, Ertzaintzaren eskuetan zegoen oraindik Manex. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, senideei eta abokatuei gaztearen berririk eman ez izana salatu zuen. AAMk hainbat galdera egin zuen, gatazka politikoaren inguruan behinik behin, azken hiru urte hauetan Ertzaintzak inor inkomunikatuta eduki ez duela kontuan hartuta: “Zergatik inkomunikatu? Zergatik ez diote uzten abokatuarekin egoten? Zergatik ez esan familiari non eta nola dagoen? Zergatik eduki pertsona bat bost egunez inkomunikatuta?”. Manex torturatua izateko arriskua salatu zuen AAMk eta torturarekin bukatzeko, inkomunikazioa amaitu behar dela nabarmendu zuen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!