Harakin berriak Elizeginean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 3a, 17:53

Hamabost urterekin hasi zen lanean Jose Luis Elizegi, aitaren harategian. Maria Luisa Otegi emaztea izan du alboan eta orain, lanari uzteko garaia iritsi zaie. Joxe Mari Beldarrain eta Lourdes Azkonobietak hartu dute harategiaren ardura. 

Berrogeita hiru urte egin ditu Jose Luisek harategian. “Hamabost urte nituenean hasi nintzen harategian lanean. Nire aita zena harakina zen. Momentu batean lanik gabe geratu zen eta bere harategia irekitzeko erabakia hartu zuen. Nik ere harategiko lanari eutsi nion eta hemen aritu naiz geroztik”, azaldu du.
Lau hamarkadetan, aldaketa handiak bizi izan ditu Jose Luisek harakin lanean: “Orain askoz ere errazagoa da harakin lana. Garai batean, hilketa lanak ere guk egiten genituen. Arkume, txerri edo behiak, geronek hiltzen genituen. Lan horiek hiltegietara bideratu zirenean gure lana asko arindu zen. Baserriz baserri ibiltzen ginen lehen, hilketa lanak egiten. Gaur egun, bertako haragia izaten dugu, baina Tolosako edota Donostiako hiltegietan hiltzen dira”.

Aldaketa handiak
Bestelako aldaketak ere bizi izan dituzte urteotan: “Garai batean pisu elektronikorik ez zegoen, eta prezioak kalkulatu egin beharra izaten genuen. Burua gehiago erabiltzen genuen orduan. Eginaren eginez, buruz ere jakiten genuen berrehun gramo zenbatera ateratzen zen. Orain lan horiek hartu beharrik ez dago, makinari prezioa sartu eta pisuaren arabera, berak ateratzen ditu kontu guztiak. Beste aldaketa nagusi bat haragia gordetzeko bitrinekin etorri zen. Gure harategian, azulexuzko erakustokian egoten zen haragia, duela hogeita hamar urte lehendabiziko bitrina erosi genuen arte. Bestalde, lanean aritzeko materiala ere asko hobetu da. Txarkuteria mozteko makinak, zerrak, produktuak airerik gabe biltzeko makina…,”.

Yogurrik ez zegoen garaia
Erostunen artean ere aldaketak nabaritu ditu urteek aurrera egin duten heinean: “Herrian etxe asko egin da eta horrek kaleko jende gehiago ekarri du harategira. Erosteko modua ezberdina da. Garai bateko baserritarrek erosketa handiak egiten zituzten herrira etortzen zirenean, familiak ere handiagoak izaten zirelako baserrietan. Gaur egun, izozgailu handiak izaten dira baserri gehienetan eta norberak bere etxeko haragia gordetzen du bertan. Garai batean ez zen horrelakorik izaten”, azaldu du Jose Luisek. Harategian saltzen dituzten produktuetan ere aldaketa handiak sumatu ditu: “Gu hasi ginenean xolomo adobaturik ez zegoen, urdaiazpiko egosirik ere ez, lasagna eta horrelakorik ere ez zegoen, yogurtak ere orduantxe hasi berriak ziren. Gaur egun, bestalde, produktua askoz ere hobeto bilduta eta zainduagoa etortzen da. Era berean, zenbait produktu, salduko badira, prestatuta jarri behar dira. Barrenkiak esaterako, horrelakoak etxeko obradorean prestatuta saltzen dira, bestela ez”. Aste hasieran egiten dituzte etxeko txorixo, odolki eta bestelakoak, astearen amaierarako saltzeko. Odolki eta txorixoekin zenbait sari lortutakoa da Jose Luis.
Harategiko lanaren inguruan aritu da Jose Luis: “Ez da lan txarra, onena ere ez, ziur asko. Lotura handia du. Larunbatetan ere lana egin beharra dago eta harategia itxitakoan, garbiketa. Jendeari zerbitzua ematen diozunez, ezin duzu zubietan jai hartu. Esan beharra daukat, hala ere, azken urteotan zorte handia izan dugula, oporrak egiteko aukera izan dugulako. Konfiantzazko mutila bilatu genuen eta urtean bi astez oporretara joaten gara Maria Luisa emaztea eta biok. Maiatzean astebete egiten dugu eta urria aldera beste astebete. Harategiaren ardura denbora gehiagoz beste norbaiten eskuetan uztea gehitxo da, eta horrela moldatzen gara”.

Esku-aldaketa
Lanari tamaina hartu nahian dabiltza Joxe Mari Beldarrain eta Lourdes Azkonobieta. Beraiek hartu dute harategiaren ardura. “Jose Luis eta Maria Luisaren laguntzarekin ari gara eta horrela arituko gara lehen urtebetean, martxa hartu arte. Gauza asko dira ikasi beharrekoak, eta pixkanaka ari gara. Oso gustura gaude. Beti izan dugu gure negozioa jartzeko gogoa, eta aukera hau sortu zenean, aurrera egiteko erabakia hartu genuen. Momentuz zailena, haragi piezak bereiztea gertatzen ari zait, baina egun bakarrean ezingo dut dena ikasi. Herrikoak izanda, jendeak ezagutzen gaitu eta berriak garela badakitenez, huts egiteak barkatzen dizkigute”, dio Joxe Marik umoretsu. Pozik daude Jose Luis eta Maria Luisa, lekukoa pasa ondoren: “Astearen amaierarako ezinean ibiltzen ginen, nekatuta, eta harategia uzteko garaia zela pentsatu genuen. Gustura gaude, Joxe Mariri eta Lourdesi laguntzeko prest”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!