Apustu makina, Egarri tabernan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mar. 3a, 17:36

Joan zen udazkenaz geroztik, apustuak egiteko makina jarrita dago Egarri tabernan. Kirol ezberdinetan, apustu mota ugari egiteko aukera eskaintzen du.

Kirol apustuak egitea iraganetik oso errotuta dagoen tradizioa da euskal gizartean. Teknologia berriek apustuak egiteko bideak erraztu egin dituzte eta egun, makina bidez ere egin daiteke apustu.Urrunago joan gabe, Zizurkilgo Egarri tabernan apustuak egiteko makina jarri zuten joan zen udazkenean. Josu Galarzak, Egarri tabernako kideetako batek adierazi duenez, hasieran baino jende gehiagok jokatzen du orain, “makina jarri genuenean jendeak ez zekien oso ondo nola jokatu. Orain jende asko ibiltzen da, gaztea bereziki”. Urtarrilaren amaieran sari potoloa eman izanak ere izan du eraginik jokora jende gehiago gerturatzean. “Hiru futbol partiden emaitzetan bi euro jokatu eta 15.300 euro eskuratu zituzten joan zen hilean bi lagunek. Orain jendeak tokatuko zaion esperantzarekin jokatzen du”. Partida baten inguruan apustuak egiteak, tabernan giro ona sortzen duela aipatu du Galarzak, “futbol partiden aurretik esaterako, giro ederra sortzen da eta, partidan zehar, emozioa; partidako emaitza apustulariak egindako apustutik gertu badabil behintzat. Gainera, aurretik ez ezik, partidan zehar ere egin daiteke apustua”. Une honetan, futbolean edota pilotan egiten du jendeak apusturik gehien. “Txirrindularitza edo estropaden garaia iristen denean, kirol horiek izango dute lehentasuna baina, orain, dudarik gabe, futbola eta esku pilota dira nagusi. Azken boladan, baita tenisa ere”. Apustuak egiterakoan jendeak diru asko jokatzeko ohitura ote duen galdetutakoan, “2 edo 3 euro jokatzen du gehiengoak baina, badira 20 euro jokatzen dutenak ere. Norberak nahi adina diru joka dezake”, erantzun du tabernariak.

Apusturako aukera zabala
Futbola, esku pilota, estropadak, txirrindularitza, saskibaloia, 1 formula, tenisa, eskubaloia, areto futbola, errugbia, golfa edo herri kiroletan apustuak egiteko aukera eskaintzen du Zizurkilgo makinak. Apustu mota ezberdinak egin daitezke; soilak edo konbinatuak eta kirol bakoitzean joko ezberdinak egiteko aukera izaten da, mailaka eta taldeka sailkatuta: besteak beste, partida edo saio bakoitzeko emaitza zehatza asmatzea. Zalantzarik gabe, kirolak du nagusitasuna apustu makinan baina kontu bitxi modura, jakin ezazue makinak baduela gaurkotasun atala ere. Bertan klik eginda, garaian garaiko gaiak aukera daitezke. Berriki arte, Oscar sariketako estatuatxoak zein film edo aktoreei egokituko zitzaizkien. Era berean, burtsan ere joka daiteke.

18 urtetik gorakoentzat
Apustuak egiteko nahi eta ezkoa da adinez nagusi izatea. Makinan bertan, arduraz jokatzeko gomendioak ageri dira eta arduraz jokatzean irabazi egiten dela dio, “apustuak egitea arriskua norberaren gain hartzeko modu zirraragarria da, arrisku hori beti kontrolpean baitago. Hala ere, garrantzitsua da hainbat neurri hartzea: Noizean behin jokatu, astean hiru aldiz baino gehiagotan ez eta lagun artean egin apustu”. Pertsona urduri, triste edo haserre dagoenean ez jokatzeko aholkatzen du eta ez arazo ekonomikoak konpontzeko, dibertitzeko baizik. Arduraz jokatu behar dela gaineratzen du eta ez gehiegi arriskatzeko, “gakoa jokoa arazo ez bihurtzea da”. Noizbehinka jokatzetik arazoak izatera jauzi azkar egin daiteke ordea eta, argi gorria pizteko adierazleak aipatzen ditu: besteren artean, sarritan apustu egitea, ia diru guztia jokoan gastatzea edo apustuen inguruan asko hitz egin eta pentsatzea.

1500 makina
Euskal Herriko tabernetara apustu makinak ekartzeaz hiru enpresa arduratzen dira. Reta da horietako bat eta etxe horixe da Egarri tabernan aurki daitekeena. “Hiru enpresen artean 1500 makina jarri nahi dira Euskal Herri guztian zehar, enpresa bakoitzak 500”, jakinarazi du Josuk. Tabernetako makinez gain, apustu dendak ere sortu dira azken boladan eta dirudienez, oso harrera beroa izan dute bezeroen artean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!