Ibai Mitxelena, kick-boxing borrokalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 27a, 13:32

Ibai Mitxelena andoaindarra kick-boxing kirolaria da. Boxeoa jaisten ari den neurrian, kontaktuko beste zenbait kirol zabaltzen ari dira gazteen artean. Kick-boxing da horietako bat, eta Mitxelenak bere noblezia defendatzen du.

Zer da kick-boxing-a?
Ibai Mitxelena: Labur esanda, boxeoa gehi ostikoak. Kirol honetan boxeoko kolpe guztiak araututa daude. Araututa daude ukabilkadak edozein eratara ematea eta hankekin aurkariaren gorputzeko edozein puntutan jotzea. Bizkarrezurrean eta buru atzekaldean ez beste gainerako puntuetan, nor bere kaxa!

Min handia hartuko duzue…
I. M.: Nik hanketan sufritzen dut asko. Aurkariari ostikada ematera zoazenean, hark defendatzeko zango-bizkarra jartzen du. Bi zango-bizkarren arteko kontaktu horrek min asko eragiten du, noski. Gainerakoan, ni futbolean jokatutakoa naiz eta han lesio gehiago izaten nituen.  

Gero eta andoaindar gehiago ari da hurbiltzen kirol horretara…
I. M.: Borja Mendiorozen Kuraia gimnasioan gabiltza denok, Donostian. Ahoz aho zabaltzen joan da kirol hau, eta herriko gaztedia ikusminez joaten da hara; bi entrenamendu probatu eta gehienak geratu egiten dira. Oraintxe hamar bat andoaindar joaten gara, Aitor, Urtzi, Oier, Ibon, Sergio…

Andoaingo indarkeri zaleak bildu zaretela pentsa dezake baten batek…
I. M.: Hori mito bat da. Nik inoiz ez dut parte hartu kale iskanbilaren batean. Eta berdin beste borrokalari askok. Kirol guztietan bezala, hemen ere izaera batekoak eta bestekoak daude.
Egia da ni lehenbiziko aldiz beldur pixka batekin joan nintzela gimnasiora, aditutako topikoak zirela eta. Alegia, lau astakilo muturra txikitzen topatuko nituela. Errealitateak ez dauka zerikusirik uste horrekin.

Zer egiten duzue gimnasioan?
I. M.: Oso kirol esplosiboa da eta gorputz osoa lantzen da. Entrenamendu fisiko eta teknikoak egiten ditugu, batik bat. Beroketak eginda gero, arlo fisikoa lantzen da (Kuperren testa, zakua jotzea…). Gero lan teknikoa dator (nola eman kolpea, nola jiratu…). Azkenik borrokaldiak datoz; hor bakoitza nahi dueneraino joaten da. Gimnasiotik aparte, bakoitzak korrika edo dena delakoa egiten du.

Aurkariari zor zaion errespetua azpimarratzen duzue…
I. M.: Borrokaldian zehar, kolpe baxuren bat ematen bada, dena eten eta emailea berehala hartzailearengana joaten da kezkatuta eta barkazio eske. Borrokaldia bukatuta, berriz, besarkatu egiten gara, hizketan geratzen gara, e.a. Pentsa, azkeneko lau borrokaldietako aurkarien telefonoak gordeta dauzkat; elkarri hots egiten diegu, zer moduz garen jakiteko.
Arerioa errespetatzen ez duen kultura hori nik futbolean bakarrik ikusi dut.

Zer esan nahi duzu futbolaren aipamen horrekin?
I. M.: Nik Euskaldunan futbol taldean jokatu nuen 18 urte bete arte. Talde barruan giro ona zegoen, baina nazkatuta bukatu nuen zelaian aurkariekin edo epailearekin sortzen ziren liskarrekin. Gero Hernaniko rugby taldean hasi nintzen, eta han harrigarria egiten zitzaidan partidaren ostean bi taldeen arteko besarkadak, txaloak, hamaiketako jateak…

Zer moduz Espainia eta Euskal Herriko selekzioek jokatu zenuten borrokaldia, iazko abenduan Oiartzunen…
I. M.: Oso gustura. Oso harreman estuak egin genituen, launa berdindu genuen eta errebantxa Madrilen egiteko ere eskatu ziguten. Hirugarrengo agerraldia izan zen euskaldunona; aurretik Ingalaterra eta Kataluniaren kontra arituak ginen.

Borrokaldiak morboa bazeukanik, ezin uka: Konstituzio egunean, Espainia eta Euskal Herria elkarrekin borrokan...
I. M.: Bi federazioek normaltasun osoz antolatu zuten dena. Baina eguna hurbildu ahala, Madrilgo prentsak lortu zuen politikoek presio egin zezaten, dakiten moduan. Orduan espainiarrak -iaz kataluniarrak bezala- izututa etorri ziren, segadaren bat prestatu geniela pentsatuz. Gero ring-ean ikuskizun polita eman genuen, 1.500 ikusleren aurrean.

Noizko Andoainen ikuskizuna, herriko hainbeste borrokalari izanda?
I. M.: Orain hiru urte borrokaldia antolatu zen Allurralden eta boxeoak baino askoz ere jende gehiago eraman zuen, borrokalariak amateurrak izan arren. Kirol honek gero eta jende gehiago erakartzen du, eta Udalaren esku dago berriro zerbait egitea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!