Andoaingo udal aurrekontu proposamena onartu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 27a, 13:31

Aurreko urteetan baino leunago igaro zen aurrekontu proposamenaren eztabaida eta onarpena. Krisi ekonomikoa larria izanik, gastuaren kontrola muturrera eramateko prest agertu dira alderdi nagusiak. Iazko jarrera errepikatuz, Gobernu taldeko PSE-IU alderdiek PPren babesa jaso dute aurrekontua onartzeko garaian. Jarrera kritikoena, berriro ere, alderdi abertzaleena izan da.

Azken urteetan egin bezala, otsailaren amaieran ohiko batzarraldian 2009 urteari dagokion aurrekontu proposamena eztabaidatu eta onartu zen. Alkateak berak aitortu zuenez, egoera ekonomiko zaila dela medio zailtasun handiak izan dituzte aurrekontua orekatzeko. Krisi ekonomikoak alderdien arteko eztabaida ere baldintzatu zuen, oposizioaren kritika leuntzeko arrazoi nagusi bilakatu baitzen. Jeltzaleak eta popularrak bat datoz sozialistekin gastuaren kontrola muturrera eramateko ideiarekin. Alkateak aurreratu zuen bi hilabetean behin udal lansail bakoitzeko arduradunekin bilerak egingo dituztela ohiko gastua kontrolatu eta iazko kopuruetan izozteko.

IAZKOAREN BIDETIK
Zaharrak berri aurrekontua lantzeko garaian. 24 milioi eurotik gorakoa da, iazkoaren antzekoa beraz. Gastuak azken urteetan nabarmen igo dira eta sarrera berriak eskuratzea ezinezko egiten da, bereziki, hirigintza alorreko sektorea gainbehera datorrenean. Gauzak horrela, Aldundiaren edota Estatuko udal fondoaren ekarpenak funtsezkoak dira udal inbertsioak aurrera eraman ahal izateko. Ekarpen horiek guztiak ez dira nahikoa eta Andoaingo Udalari zorpetzea besterik ez zaio geratzen.
Zorpetzeari dagokionez, alderditik alderdira, udal ordezkarien ikuspegia erabat aldatzen da. Sozialistentzat %1-1,50 arteko zorpetzea jasangarria da. Jeltzaleentzat, ordea, gestio kaxkarraren ondorio da. Kritikagarria iruditzen zaie herritarrei zergak eta tasak nabarmen igotzea eta era berean maileguren bat eskatzeko premia izatea.

ALDERDIAK BANAN BANA
PSE-EE, alde. Agintean dagoen alderdiak dauka aurrekontu proposamena lantzeko erantzukizun handiena. Alkatearentzat zailtasun egoeran etxebizitza, zerbitzu sozialak eta enplegua alorretan daude lehentasunak.
PP, alde. Elkar laguntzeko prest agertu da alderdi popularra, krisi garaian lehentasunezko gaiak aurrera ateratzeko.
IU-EB, alde. Iritzia edota egindako lana azaltzeko hitza hartu ez zuen alderdi bakarra.
EAJ-PNV, abstentzioa. Jarrera kritikoena jeltzaleena da, haien ustez aurrekontua legearen mugan dago gastuen eta sarreren artean desoreka planteatzen delako. Parte hartzeko izan duten aukera eskasa ere salatu dute.
EA, aurka. Aurrekontu proposamena lantzeko prozedura parte hartzaileagoa martxan jartzea eskatu dute. Pertsonal gastuaren igoera gehiegizkoa dela iruditzen zaie.

PERTSONAL GASTUAK ETA BESTE
Udal aurrekontuaren gasturik handiena, nagusiki bi arrazoi hauengatik: Udalhitz udal langileen hitzarmenaren aplikazioa eta lanpostuen berrazterketa eta balorazioaren berrikuntza. Alderdi abertzaleentzat gehiegizkoa da igoera, alderdi sozialistak dio udal langileen oniritziarekin egin dela.
Alkateak aurrekontu proposamenean aditzera eman zituen neurrien artean urarena aipatu behar da. Oraindik orain, ura Andoainera ekartzeko azpiegitura gastua oso handia da. Gastua nabarmen igo da ere lorategien zaintzan eta zaborraren mankomunitatera egiten den ekarpenean.
Foru Aldundiaren onespena behar da orain udal aurrekontua onartutako kopuruetan martxan jartzeko. Garai zailak datoz, hurrengo urteetan ere aurrekontua osatzeko arazo handiak aurreikusten direlako.

 

2009, AURREKONTUA

  • Osoa     24.218.739 euro.
  • Pertsonala     9.100.577 euro.
  • Zerbitzuak     4.155.488 euro.
  • Hirigintza     2.753.000 euro.
  • Gizarte Zerb.     3.837.809 euro.
  • Kultura     2.005.522 euro.
  • ENBA     286.672 euro.
  • Ogasuna     534.175 euro.
  • Enplegua     1.545.496 euro.


Pertsonal gastuak, hirigintza eta enplegua dira gehien igoko diren gastuak. Beste alorretan iazko kopuruei eutsi zaie.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!