Soldaduskari intsumisioak 20 urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 27a, 13:30

Huizi eta Garmendia intsumisoak

2001ean kendu zuten soldaduskara derrigor joateko legea. Bitarte horretan borroka modu eredugarria erakutsi zuen desobedientzia mugimenduak.
Asier Garmendia, Imanol Huizi eta Julio Abrego andoaindar intsumituek kartzela sufritu zuten. Lehen biek orduko garai hura gogora ekarri dute.

Imanol Huizi 1989ko otsailean egin zen intsumiso. “Ejertzitoen aurka negoen, eta argi ikusi nuen min ematen zien lekuan gogor jotzeko aukera paregabea zela intsumisioa. Planteatzen zena ez zela utopikoa, eta guztiok egin genezakeela zeozer”. Asier Garmendiak hurrengo urtean egin zuen bere plantoa: “Ez nion zentzurik ikusten estatuaren indar batek zertan hautsi behar zion inori bere bizitzako urte bete; are gehiago, indar hori aberri arrotz batekoa zenean”.
Biek ere etxean hasieratik jaso zuten babesa azpimarratzen dute. Asierren kasuan, gainera, aita izan zen sutsuen agertu zitzaiona: “Berak Francorekin zazpi urte egin zituela soldadu esaten zidan, eta horietako bat oparituko zidala, baina soldaduskara ez joateko animatzen ninduen”.
Huizi gerra kontseilura deitu zuten hirugarren euskal herritarra izan zen. Gogoan dauka epaiketako eszena: “1991eko ekainean izan zen, Sevillan. Salaren erdian jarri ninduten profugo gisa; atzean herrikideak, eta aurrean fiskala eta militar mordoa, denak graduazioz eta dominez josita. Kanpotik, berriz, ¡Militares, parásitos sociales! oihua sartzen zen salara”.
Egun hartatik, isilik geratu izanaren damua geratu zaio Imanoli: “Urduri nengoen izugarri, eta gerora damutu nintzen nere aurretik pasa zen iruñearrak muturrera bota ziena; alegia, intsumisoen mugimendua irekia zela eta haietako batek objeziozko arazorik bazuen ejertzitoan, lasai joan zitekeela, ondo hartua izango zelako”.
Hamazazpi hilabeteko zigorra ezarri zioten. “Epaiketa izan eta ia bi urtera, 1993ko martxoan Martutenera sartu ninduten preso. Lau hilabete eta erdi egin ondoren hirugarren gradua eman zidaten; egunez Andoaingo Udalak emandako lanean jardun nintzen eta gauez berriro Martutenera”.
Sevillakoarekin batera A Coruñakoa zen estatuan zegoen epaitegi militar gogorrena. Eta Asierri egokitu zitzaion hura, “Andoainen 40 bat lagun egin ginen intsumiso, 1990ean. Zozketan marina A Coruñan egitea egokitu zitzaidan, eta hango togado militarrak Ataungo Aldasoro eta biok Alcalako Henareseko kartzela militarrera bidali gintuen; hilabetea igaro genuen, preso prebentibo gisa”. Militar haren setakeria dauka gogoan Asierrek. “Andoaingo Udala ere nirekin autoinkulpatu egin zela esan nionean, jenio txarrean jarri eta alkate eta zinegotziak deklaratzera deitu zituen”.

Intsumiso, kartzelan ere
Presondegi erregimenaz galdetzean, desobeditzen segi zutela aitortzen du Asierrek. “Ez genuen ilerik moztu ezta jantzi militarra ipini, noski. Erregimen militarra bete behar zutenak derrigorrezko soldadu presoak ziren. Hildako ama bisitatzera joan ezinda ihes egin nahi izan zuena, tenienteari muturrekoa eman ziona... halakoxeko gizarajoak zeuzkaten barruan...”.
Intsumisioaren mugimendua hazten ari zenez, epaiketak eta kartzela izan zen militarren erantzuna, Imanolek zehazten duenez: “Sevillakoak epaiketen eta A Coruñakoak espetxeratze prebentiboen bidez, izua zabaldu nahi zuten, batez ere kopuruan ugari ginen euskaldunon artean. Oker atera zitzaien, jarrera sendoagoa hartu genuelako. Orduan, sententziak arintzen hasi ziren. Kartzelatik libratzeko modua jarri zuten, baina alferrikako neurria izan zen hori ere. Geldiezina zen mugimendua”.
Urte eta erdi erakunderen batean zerbitzatzen jartzen zuen kontzientzia objekzioaren legea ere jarri zuen indarrean Madrilgo gobernuak, Imanolek gogoratzen duen bezala. “Estatua jokoz kanpo zegoen, eta orduan objekzio legea asmatu zuen, intsumisioa nolabait gerarazteko. Baina guk argi geneukan urte eta erdiko zigor mota berri bat zekarrela legeak”.

Andoain, herri autoinkulpatua
Oraindik harridura eragiten die pentsatzean zenbat sentsibilizatu zen Andoaingo gizartea auzi honekin. Intsumitzeko kanpainak, kale protestak, hitzaldiak, udalaren autoinkulpazioa... Andoaingo Talde Antimilitaristak eragile sozio-politiko eta herritar ugari mugiarazi zuen. Estatuan ezagutzen zen intsumituen kopururik handienetakoa izatea lortu zen urte gutxitan. Gaztetxearen inguruko mugimenduak “lan izugarria egin zuela” uste du Imanolek.
Adin guztietako jendea sentitzen zen intsumiso herrian. Alde horretatik, adierazgarria izan liteke Imanolek jaso zituen gutun animo-emaile mordotik, bere amak bidali zion bat: Amaia Zubiriak prentsan idatzitako Ama! Ni, insumiso naiz, eta zu? izenburuko artikulua zen, eta bere gainean, Ni ere banaiz boligrafoz jarrita zeukan.

IKASGAIA
Lorpenak, irakaspenak, borroka motak... Gogoeta ugari egiteko parada ematen du intsumisioaren historiak. Beste modu batera, baina ejertzitoek hor segitzen dute, eta beraz, aitortzen dute bataila bat baino ez zela irabazi orduan.
Mugimendu hartatik oraingo gazteek zer ikasirik baduten galdetuta, ez daukate oso garbi. “Beste era batera borroka litekeela bai, behintzat” aipatzen du Imanolek. Asierrek, berriz, orduko irakaspena jaso eta gazteek gehiago mugitzea nahiko luke, baldin eta “ejertzitoa, militarrak, boterea, indarra... hori dena auzitan jartzen badute”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!