Bizikletan, herrian barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 27a, 13:29

Begi bistakoa da Andoainen zenbat hazi den autoen trafikoa. Eta horrekin, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa. Mugikortasun iraunkorra aipatzen da sarri, baina ezer gutxi egiten da. Pablo de Godosena jarrera eredugarri horietakoa da.

Gutxi izango dira zu adina bizikleta hartzen dutenak herrian ibiltzeko…
Pablo de Godos: Gaztetan bizikletaren inguruko lehiaketetan ibili nintzen, errepidean, ziklokrosean, eta mendian. Hala ere, eman nezakeen guztia eman nuen noizbait, eta familia eta beste zenbait lehentasun etorri ziren… Kirolaren mundu hori bukatu zen, baina logikoa ikusi nuen bizikleta garraio-sistema gisa erabiltzen jarraitzea.

Haurra atzean duzula ikusten zaizu batik bat.
P. G.: Karrikan bizi gara eta etxetik ikastolarako bidea egiteko, primeran datorkit bizikleta. Igor oso gustura joaten da, eta aukeran autoa, autobusa edo bizikleta jarriz gero, ez du zalantzarik izaten bizikletaren alde.

Zergatik hautatzen du bizikleta?
P. G.: Ez doalako entzerratuta eta pardel baten antzera, ibilgailu batean joan behar duen bezala. Haizeak arpegian ematen dio, ingurua bere begiez eta ez auto baten kristaletik ikusten du, kaleko hots guztiak entzuten ditu… Hotza pasa dezakeela goizeko orduetan? Hori arropa egokia jantzita konpontzen da.
Nolako abantailak ditu herrian bizikletan ibiltzeak?
P. G.: Oso erosoa, azkarra, merkea eta osasungarria da, eta gainera ez du kutsatzen… Haurren eskolarako orduetan erreparatzea besterik ez dago, gurasoak zeinen larri ibiltzen diren ikusteko. Auto trafiko ilarek harrapatzen diete maiz, zail daukate tokia topatzea eskola ondoan auto uzteko, beti korrika eta presaka dabiltza haurrak auto barrutik atera eta eskolako atean garaiz uzteko…

Errespetatzen zaituzte auto gidariek?
P. G.: Goizetan batez ere arreta berezia jarri behar izaten da. Mila begiekin eta distantziak ondo gordeaz joan behar duzu, gidariak maiz errepidean bakarrik joango balira bezala doazelako. Hori bai, haurra atzean daramazunean, nahitaez mugimendu guztiak ondo zaindu behar dituzu, aldapetan, bidegurutzeetan, bihurguneetan…  

Erabiltzen da bizikleta garraio-sistema gisa Andoainen?
P. G.: Kirola egiteko bai, baina egunerokorako oso gutxi. Ni bezala haurra eskolara eramateko-eta bizpahiru ikusten ditut, ez gehiago. Beste zenbait herrietan bizikletarako joera handiagoa dagoela esango nuke.

Iruditzen zaizu bultzatzen dela erakundeetatik?
P. G.: Ez dut ekimen berezirik ikusten, egia esanda. Herri guztien egitura urbanoek ematen dute aukera bizikleta erabiltzeko, eta baita Andoainek ere. Nahiko laua da herri hau Goikoplazako aldapa kenduta. Beraz, bizikletaren erabilpena errazteko neurriak har litezke.

Bizikleta hartzeko, zu bezala txirrindularia behar dela izan pentsatu dezake baten batek…
P. G.: Esaten didate, bai, haurra eramateko ni bezala txirrindularia izan behar dela. Baina edozeinek egin dezake hori; hasierako beldurrak kendu eta konfiantza hartzeko, Leitzaranera joatea besterik ez dago. Behin herrian ibiltzen hasita, orduan ohartzen da bat autoaren edo bizikletaren artean dagoen aldeaz!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!