Cohen, lan berria prestatzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 27a, 13:29

Karlos Garcia, Beñat Ayensa, Joseba Bernardo eta Ruben Ramos nortasun propio bila doaz, urte amaierarako kaleratu nahi duten diskarekin.

Zuen lehen lana izango dena prestatzen ari zarete. Zer urratsetan zaudete?
Joseba Bernardo: Oraindik ez gara grabatzen hasi. Kanta berriak konposatzen ari gara, diskoaren erdia pasatxo prest dugu jada. Mantso baina ondo doa.

Epeei buruz zerbait aurreratzerik bai? Noizko lan berria?
Beñat Ayensa: Orain non eta zeinekin grabatu erabakitzen ari gara. Uda parterako dena prest izan eta ia udazkenean kaleratzen dugun.

Orain arte konposatu dituzuen abestietan zer aurki dezakegu?
J.B.: Disko borobil bat egiten saiatzen ari gara. Estilo bat jorratzen ari gara.
B.A.: Konposatzen hasi ginenetik orain arte denbora dezente pasa da, eta zaletasunak ere aldatu egiten dira. Dena den, letren aldetik borobiltasuna bilatzen dugu. Konposaketak denboran urruti egon arren, logika bat izatea nahi dugu.

Lehendik maketa bat grabatua duzue.  Gazteako maketa lehiaketara aurkeztu eta harrera ezin hobea izan zuen. Ordutik zer nolako bidea egin du?
Ruben Ramos: Euskadi Gazteako maketa lehiaketako hirugarren saria lortu genuen. Beste lehiaketa batzuetan ere finalera iritsi ginen. Bartzelonara ere joan ginen jotzera. Aldizkari bateko webgunean estatu mailako hirugarren maketa hoberena aukera zuten 2007. urtean.
B.A.: Maketak harrera oso ona izan du, espero genuena baino hobea. Maketari esker bidaia asko egin ditugu; Salamankan, Bartzelonan eta Mallorkan izan gara. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba ere zeharkatu ditugu.

Harrera on horren zergatia zuen ustez zein izan da?
B.A.: Gaztetasunak agian zerikusi handia izan du. Materia taldeko lagunek nahiko irakatsi digute. Horri esker, talde hasi berri batek baino azkarrago egin ditugu gauzak. Lehenago ikasi dugu eta hori azkenean nabari da eskenatoki gainean. Gauzak ondo egin ditugula uste dut. Kantak oso landuak zeuden.

Izenburu eta estilo aldetik zer nolako osagaiak izango ditu zuen lan berriak?
R.R.: Denetarik. Azkarra da, lasaia baita ere. Iluna, melodia desberdinak ditu. Beste modu batera fokatzen ditugu gauzak. Maketan taldea zer zen aurkeztea nahi genuen. Orain Cohen soinua bilatzen ari gara.

Nortasun propioaren bila, beraz?
B.A: Talde kide bakoitzak musika desberdina entzuten dugu eta hori nabari da kantetan. Horretatik aldendu eta geure soinua bilatu nahi genuen. Agian goizegi izan daiteke oraindik, baina jendeak musika entzun eta esan dezala Cohen dela.

Beste talde askok bezala sarean zuen tartea duzue. Teknologia berriak oso lagungarriak zaizkizue gaur egun, zuen lana ezagutarari eta publikoarengara hurbiltzeko?
R.R.: Kanpora joatearena Interneti esker izan da. Salamankako batek idazten dizu bertan jotzeko eskatuz. Lehen maketa batekin ezin zenuen hori egin. Duela hilabete bat Moskutik maketa bat eskatu ziguten. Sinestu ezinik geunden.
B.A.: Beste lagun bat Kanadan dugu. Gure tamainako taldeentzat oso ondo dator, azkenean, ez duzu eta beste modurik zer zaren esateko, eta non jo edo zer egin behar duzun esateko. Jendearekin harremanetan jartzen zaitu.

Zuena bezalako musika taldeen aldeko apustua indartu edo ahuldu da azken urteotan?
B.A.: Donostian derrigorrez osatu behar dira taldeak baina hau 5.000 biztanleko herri bat da eta hemen ez. Talde bat hasita, ezagun egiten da eta horren eraginez talde berri gehiago osatzen da. Bertako taldeak ez badira bultzatzen, ez da jende gehiago hasiko musika jotzen.
J.B.: Gu garajeetan aritu gara entseatzen, baina ezinezkoa da. Talde batentzat lekua izatea, kitarra bat edukitzea baino garrantzitsuagoa da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!