UDA utzi zuen taldeak Herrigintza sortu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 27a, 13:28

Iaz UDA plataforma utzi zuen herritar taldea jendaurrean aurkeztu zen otsailaren 18an Lekaion egindako herri batzar baten bidez. Talde honek Herrigintza izena hartu du, eta bertako hiru aurpegi ezagunenak,  Jon Araolaza, Miren Quintas eta Xabier Sasiainbarrena elkarrizketatu ditu Aiurrik.

Nortzuk sortu duzue Herrigintza?
Herrigintza: Bertan izandako desadostasunak zirela eta, iaz UDA plataforma utzi genuen herritar talde bat gara. Herritarrei udal hauteskundeetan aurkeztu genien proiektua interesgarria iruditzen zitzaigunez hemen jarraitzea erabaki dugu.

Zein proiektuz ari zarete?
H.: UDA bi zutabetan oinarritzen zen, alderdi politikoengandik kanpoko zerbait izatea, eta partaidetzarena. Ikusirik plataforma barruan eragozpenak jartzen zitzaizkigula herriarekin hartutako bi konpromiso horiek betetzeko, eta erabaki gogorra zela jakinik ere, alde egitea erabaki genuen.

Alde egitea zen koherenteena?
H.: Saiatu ginen barruan gauzak konpontzen, baina azkenean koherentziagatik alde egin genuen. Hala ere, ez genuen guztia utzi eta hor konpon! esanez joan nahi. Horregatik, han egiterik izan ez genuena, orain hemen eta gure erara egin nahi dugu.

Norbaitek pentsa lezake zuen interes pertsonalagatik eman dituzuela pauso hauek...
H.: Ez daukagu inongo interesik, ez gure izena, ez gure burua nabarmentzeko. Baina konpromiso bat geneukan, zinegotzi bat izateko aukera ere sortu zen, eta horrek aukera eman digu gure ideiekin aurrera jarraitzeko.
Pertsonalki ez dugu ezer nahi.

Plataforma bat, foro bat... Zer da zehazki Herrigintza?
H.: Herritarren arazoak eta kezkak udaletxera bideratzeko tresna izan nahi dugu. Herrigintzak berreskuratu nahi du, herrian erraustegiaren aurka sortu zen, eta gerora galtzen joan den ilusio hura.
Orduan, jendearengan berriro ilusioa piztu nahi duzuela diozue. Herrian ditugun indar politikoek ez diete herriko beharrei behar bezala erantzuten, ala?
H.: Udalak herritarrekin izan behar duen harremana falta dela uste dugu. Adibiderik garbiena Mikaela Enea zutik mantentzearen aldeko sinadura bilketa izan da. Alderdi politiko gehienak botatzearen aldekoak izanagatik,  ikusi dugu arkitekto pare batek, gauza handirik egin gabe, 900 sinadura bildu dituela.  Udaletxe barruan lana egiten da, baina herritarrarekin harremanak etenik gabekoa izan behar du, bestela alderdiak alde batetik eta herritarrak bestetik ibiltzeko arriskua dago.

Beraz, alderdi politikoen funtzionamenduetatik urrun ikusten duzue zuen burua?
H.: Bai, alderdi politikoek beti daukate norbait gainetik, eta guk ez daukagu inor gure gainetik, gu herriaren eskaerak entzuteko gaude. Herritarren ahotsa udalera eramateko. Gai ezberdinei buruzko kontsultak egitea gustatuko litzaiguke, eta auzoz auzo ere joan nahi dugu, auzo bakoitzeko arazoak jasotzeko.

Udalean eragiteko asmoa duzue, alderdiak mugiarazi nahi dituzue?
H.: Guk herritarren ordezkariak izan nahi dugu. Alderdiak buruan hiru gauza dituzte, Plan Orokorra, Kiroldegia eta Mikaela Enea. Baina badaude beste mila arazo eta kezka, txikiagoak izanagatik ere, herritarrek beharrezkoak dituztenak. Agenda 21ean, hirurehundik gora eskaera jaso ziren herritarrengandik, parkeak, mugikortasun arazoak... horiek dira eguneroko kezkak. Gai handiez hitz egingo dugu, baina txikiago diren horiek ere politikoen agendan egon behar dute.

2011kako udal hauteskundeetara aurkezteko asmorik bai?
H.: Gu pertsonalki ez, lau urterako konpromisoa hartu genuen. Honekin aurrera jarraitzeko prest dagoenik baldin badago, lagunduko dugu.

Herrigintza aurkezten bada, alderdi politiko eta plataforma mordo bat izango da, ez al da izango gazta gutxitxo horrenbeste sagurentzako?
H.: Gure helburua ez da hauteskundeetan garaile izatea. Baizik eta erakustea benetan herriarekin gaudela. Noski, zenbat eta zinegotzi gehiago, indar handiagoa izango genuke, baina gure nahia da herriaren arazoak eta kezkak mahai gainean jartzea.

Non aurkituko zaituzte herritarrek?
H.: Idiazabal kalean, Aballarri tabernaren ondoko egoitzan, eta bi hilabetez behin egingo ditugun batzarretan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!