David Rosco, Karabas ikuskizunaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 27a, 13:27

David Rosco Jorge 1977ko ekainaren 27an jaio zen. Zazpi urterekin Urnietako musika eskolan hasi zen, lehenik solfeoa, eta ondoren eskusoinua jotzen ikasten. Gerora etorri ziren Hernaniko eta Lasarte-Oriako musika eskoletan egindako kantu koraleko eta armonia ikasketak. Gogoan ditu, abestuz parte hartu zuelako, Salesiar ikastetxean egiten ziren Onddi eta Adarra jaialdiak.

Antzerkigintzan ari bazara ere, musika munduan zure ibilbidea egindakoa zara.
David Rosco:  Bai, umetatik beti ibili izan naiz musikaren bueltan, eta gero, akordeoi-jole moduan, Lasarteko Zero Sette akordeoi orkestran ibili naiz lau urtetan, Italian, Frantzian eta abar. Gerora, nire kantu batzuekin maketa bat bidali ondoren, 2005.urtean disko baten grabazioan hiru kantu grabatzeko aukera eman zidan Arena Music disko etxeak, eta grabazioaren ondoren Madrileko Galileo Galilei areto famatuan emanaldi bat eskaintzeko aukera ere izan nuen. Oso zaila da mundu horretan aurrera egitea, eta nire ibilbidea ere horretan geratu zen.

Noiz eta nolaz hasi zinen antzerkigintzan?  
D.R.: Disko horren esperientziaren ondoren, Donostiako Gros auzoan dagoen El Txoko de Brando aretoan, Paul Zubillaga aktorearen gidaritzapean hasi nintzen interpretazio ikasketekin, nire ustez abeslari batek ere interpretatzen jakin behar duelako. Eta berehala etorri zen Golden Apple Quartet-ek antolatutako kasting-a. Beraiek aktore lanak egiteko gai izango ziren abeslarien bila zebiltzan. Euskal Herrian ohituta gaude musikalak aktoreak egiten, eta beraiek kontrakoa bilatu zuten. Azkenean aukeratutakoak, ez ginen, ez abeslaririk onenak, ez aktorerik onenak izan, baina bai bi eginkizunetan ondo moldatzen ginenak. Bi nafar eta bi gipuzkoar gara, eta oraindaino arrakasta handiarekin, 100.000 ikusle paseak izan baitituzte gure bi ikuskizunen artean.

Galipotx lehen aldiz Urnietan eskaini zenuten. Baina Karabas bira baten ostean dakarkizue?
D.R.: 2007ko azaroan estreinatu zen Tolosan, eta joan den urtean Donostian, urtarrilaren 19an. Bigarren obra da. Galipotx-ekin hasi ginen, haren aurre estreinaldia hemen Saroben eskaini genuen. Euskal Herriko antzoki garrantzitsu askotan ibili gara. Bilboko Euskalduna jauregian, Donostiako Victoria Eugenian, Gasteizko udal antzokian, Iruñeako Gayarren. Espainiara ere irten ginen, Avilesen egon gara, baita Valentziako Haur Antzerki Azokan, eta Extremaduran ere. Urtebete pasatxoren ostean, Urnietara itzuli gara.

Golden Apple Quartet taldearekin batera?
D.R.: Konpainia berekoak gara Golden Apple Quartet eta Kanpingags-ekoak.  Oraingo honetan, Karabas-en kasuan, Katu botaduna ipuin klasikoa moldatu, Golden Apple Quartet eta Kanpingags-en irabiagailuan sartu eta umorezko ipuin musikal hau sortu da.

Azken hilabeteotan Saroben ibili dira Golden Apple Quartet-ekoak?
D.R.: “Los Golden en blanco y negro” ikuskizun berria prestatzen aritu dira. Larunbat honetan, otsailaren 28an estreinatuko dute Donostiako Victoria Eugenian.

Karabas, ipuin musikala izanik, haurrei zuzendua dagoela pentsatu behar da?
D.R.: Karabas bereziki haurrei zuzendutakoa izan arren, familiarentzat egina dago. Orain arte, haurrei zuzendutako ekitaldiak, haientzat bakarrik izan dira. Eta gurasoak aspertu egiten ziren. Golden Apple Quartet eta Kanpingags batu zirenean, gurasoentzat ere zuzendutako ikuskizunak egin nahi izan dituzte. Haurrek ipuina ikusten dute, baina bereziki gurasoentzako egokitutako pasarte batzuk daude, haurrek ulertzen ez dituztenak. Ondorioz, gurasoak ere ipuinean murgiltzen dira, haiei zuzendutako komentarioekin.

Zuek nabaritzen al duzue umeei eta helduei ere gustatu zaiela?
D.R.:Antzoki batean gertatu zitzaigun haurrak aurrean lurrean eserita jarri zirela. Eta gurasoak atzean. Eta berehala konturatu ginen pasarte batzuetan haurrek nola barre egiten zuten eta gurasoek beste batzuetan. Hor bereizketa oso ondo nabarmendu zen. Xelebrea izan zen, baina denen gustukoa zela konturatzeko baliagarria.

Hain arrakastatsua izan den  Marizulo ikuskizuneko protagonistetako bat izan zara.
D.R.: Jendeak, oraindik, emanaldi gehiago ez al diren izango galdetzen digu bertan parte hartu genuenoi, baina ez da posible izan. Proiektu oso, oso polita izan da. Asko ikasi dut nire lankideekin, zuzendariekin. Jende askorekin lan egitea esperientzia berri bat izan da. Karabas-en, lau aktore abeslari gara, eta askoz itxiagoa izaten da lan egiterako orduan. Marizulo “super produkzio” bat izan dela esan liteke, jende askok lan egin baitu, eta oso ondo gainera. Asko pozten naiz, Txanbolin txistulari bandakoek proiektu honetan parte hartzeko aukera eman izanagatik.
Eta hilabete eta erdira Saroben berriz ere?
D.R.: Hala da. Baino ez Marizulo bakarrik, Sarobe baino lehen, leku berean zegoen Elizondo antzokian, txikitan hasitakoa naiz. Akordeoia jotzen ere bertan aritua naiz. Lehen ikuskizunak bertan eskaintzen hasi nintzen. Sentimendu aldetik oso ondo egongo naiz. Saroben azkenean, antzeztu, abestu, dantza egin dut eta. Saroben jaioa naiz.

Krisialdiaren eragina nabariko dela uste duzu zuen lanean?
D.R.: Jadanik nabaritzen da. Aipatu bezala, Valentzian egon ginenean, han programatzaileentzako ferian arrakasta handia izan genuen, baina handik lan askorik ez da atera. Programatzaileek diotenez, oraindik ez baitakite nondik nora joango den krisialdia, aurrekontuetako diru-kopuruen banaketa. Baina lanbideko jendearekin hitz egitean nabaritzen da krisialdia. Produkzio asko bertan behera geratzen ari dira arrazoi horrengatik.

Ardura eta kezka nagusi beraz?
D.R.:Diru asko inbertitzen da produkzio batean, gero salmentarik ez izateko. Guk ordubeteko lana ikusten dugu, baina denbora tarte horretarako aurrez lan asko egin behar da.

Gauzak horrela, nola ikusten duzu etorkizuna?
D.R.: Akaso datorren urterako zerbait lotu dezakegu, baina une honetan ez dago ezer. Oraingoz lan honekin ari gara. Eta gero, beti sortu daiteke aukeren bat, iaz Goenkaleko kapitulu pare batean parte hartu nuen, Olatz Beobide bertako zuzendariak Karabas lana ikusi ondoren deituta.  Euskal aktoreek famili txiki bat osatzen dugu, eta batak besteari deitzen diogu. Hala ere, oso zaila da lan honetatik bizitzea.

Karabas. Sarobe, 3 euro.
Martxoak 1, igandea. 12:00
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!