Arratsaldean hasi zen iñauteri festa Andoainen. 15:00etan bildu ziren herriko hiru ikastetxeetako haurrak Bastero plazan, mozorro koloretsuak soinean jantzita. Semaforoak, surflariak, rockeroak, ttuntturroak, sorginak, kabareterak..., denetarik izan zen ikusgai.
Kalejira alaian herriko kaleetan barrena ibili ondoren, Goikoplazara iritsi ziren talde guztiak. Mailaka bildu eta merienda goxoa jan zuten elkarrekin, txarangen eta dultzaineroen doinuek alaituta. Dantza saioren bat ere egin zuen batek baino gehiagok.
Indarrak berreskuratu ondoren, talde bakoitzak azken asteetan prestatutako dantza saioak eskaini zituen. Gai eta musika ezberdinak hartuta, giro ederrean aritu ziren talde guztiak.
Goikoplazako saioak amaituta, beldurraren etxera jo zuten askok. Gazte lokalean prestaturiko ibilbidean gozatu zuten txikiek.