Jon Gaztañaga, soslaia [Andoni Alvarez]

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 19a, 18:41

7 urte zituela ezagutu nuen Arrate frontoian. Pilota eskolaren hastapenak ziren eta bere gelako 9-10 mutil gerturatu ziren. Lehen egunetik nabarmendu zen. Pilota eskolan, lehen egunean, haurrek nahikoa lan izaten dute pilotari bote batekin ematen, baina mutiko ile hori hark lehen egunean bote batez ematen ikasteaz gain, pilotari airez jotzen ere ikasi zuen. Gerora egunez egun eta pausoz pauso nabarmendu izan da. Gogoan dut 9 urte zituela Eneko Aizpuruarekin batera Azkoitiari irabazitako final hura, Andoaingo bi umek azkoitiarrei irabaztea, sinestezina. Garai hartan ez zebilen futbolean. Gerora ikastolan futbolean hasi zen. Jolasten diot, berari asko gustatzen zitzaion jolasa zelako futbola. Pilota eta futbola batera egiten zituen garai hartan Errealak deitu zion, Zubietara froga  egitera joateko. Froga hura ikusteko aukera izan nuen. Galdu xamar ibili zen eta entrenamendua bukatu ostean izandako solasaldia gogoan dut:

–Zer moduz Jon?
–Pufff, entrenamendu guztia korrika pasa det eta eztet baloirik ikutu.
–Eta zer esan dizu entrenatzaileak?
–Lasai egoteko eta igandean partida jokatuko dudala Errealarekin Zubietan, baina ezin dudala esan diot, Amezketan pilotako finala dudalako.

Bertan agertzen dira Jonen bi dohai nagusienak: elkartasuna eta azkar ikasteko gaitasuna.
Elkartasuna, une hartan Amezketako finalari ezetz esan eta Zubietara joatea izango zelako normalena, baina berak bazekien hori eginez gero laguna bakarrik utziko zuela eta hori ez zuen nahi. Eta azkar ikasteko gaitasuna, kirolean, izugarrizko erraztasuna duelako, ikasteko, egoera berrietara egokitzeko eta batez ere egoera zailen aurrean onena emateko. Errealean hasi zenean ekipoko txarrenetakoa zen, gero piskanaka hoberena izatera iritsi arte. Euskal Herriko selekzioan gauza bera, gaur egun kapitaina izatera iritsi arte. Estatukoarekin Europako txapeldun izan da.

Eta pilotan Herriarteko finalerdietako gau ahaztezin hartan jokatzeko eskatu genionetik frontoian oraindik miresmena sortzen du.  Miresmena, inoiz ez dituelako pilota eskolako lagunak bakarrik utzi. Oraindik ere beste behin bere laguntza behar izanez gero, baiezkoa emango digulako.

Jon jarrai ezak lorpenak pilatzen baina ez sekula bidean lagunak egiteari utzi. Liverpooleko jarraitzaileek dioten bezala  “You’ll never walk alone”, ez duk behin ere bidea bakarrik egingo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!