Kattalin Olasagasti, soslaia [Gorka Matute]

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 19a, 18:35

Orain dela zazpi urte ezagutu nuen, Ikastolako jolaslekuan infantil mailako lehen urteko neskatxa gazte bat zen garai haietan. Adin bereko neskatxa askotxo bildu zen eta denak eskubaloian lehendik ibiliak, Eskola Kirola zela eta; Kattalin ordea ez. “–Non jokatzea gustatzen zaizu?” galdetu ondoren, “–Ez naiz inoiz aritu” erantzun zuen. Kontxo... probatzen hasiko gara! Hainbat postutan bueltaka ibili ondoren, azkenean ongien moldatzen zenera, pibotea zela iruditu zitzaigun; lehen urte horretan Jokin Alañak gidatu zuen talde hori.

Zazpi urteren bueltan Kattalin Bera-Berako jokalaria da, adituak ez zaretenontzat, azken urteetan estatu mailako liga indartsueneko lehenengo 4 postuetan dagoen taldeko jokalaria eta aurten ere Europa mailan aritu dena.

Zazpi urte hauetan, eskubaloian eman dituen urratsak direla eta bizitza asko aldatu zaio Kattalini; baina bere umiltasuna eta apaltasuna ez ditu galdu eta horrek gidatuko du bere etorkizuna. Andoaingo eskubaloiaren 30 urteetan, bere adinarekin sortu den harribitxi handiena bera da. Hori guztia naturaltasunez eraman du, bere taldearekin Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan da, adin desberdinetan, Euskadiko selekzioarekin makina bat garaipen lortu du eta Estatukoarekin Europako eta Munduko txapelketak jokatu ditu. Jauzi handia eman du Bera Bera taldean, merezitakoa noski!

Guzti hori, lana eginez lortu du, taldean behin eta berriro berak aipatzen duen modura. Hori goraipatu nahiko nuke, Kattalinek bere lorpen pertsonalak taldeari eskertu baitizkio behin eta berriz!

Ez nuke bukatu nahi nire iritzi xume hau ere, nik berari eskerrak eman gabe, “–Kattalin, lortu duzun guztia zuk irabazi duzu, plazerra izan da zure entrenatzaile izatea urte hauetan guztietan. Eta oso pozik gaude zure ibilbidea elitean jarraitzeko aukera duzulako, gozatu!”
Ea orain arte bezalaxe, Andoaingo eskubaloiaren eta herriaren izena zabaltzerik duzun zoazen tokira zoazela.

Aiurrik eman dion Aipamen Berezia merezimendu osoz jaso duela adierazteko adierazi nahi dut, baita ere antolatuko ekitaldia bikaina izan zela gogoratzeko, hunkigarria une batzuetan ere.

Beraz, zorionak Kattalini eta beste saridunei. Bejondeizuela !

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!