Olatz Odriozola txirrindularia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 19a, 18:30

Andoaingo Ciclos Patxi kirol taldeko kideak martxoa erdialdean ekingo dio denboraldi berriari. Hasteko gogotsu eta prest dago urnietarra.

Denboraldia hastear izango zara. Estreinako lasterketa non eta noiz izango da?
Olatz Odriozola: Denboraldia Nafarroako Ancin herrian egingo den lasterketan hasteko asmoa dut, martxoaren 15ean. Otsaila bukaeran eta martxoa hasieran ere badago lasterketaren bat, baina nik beranduago hastea erabaki dut.

Hortik aurrera, azalduiguzu. Zein izango da zure proba egutegia?
O.O.: Euskadiko Open eta Ranking-eko lasterketetan ibiliko naiz martxotik uztailera bitartean. Euskadiko lasterketa garrantzitsuenen artean, Euskadiko txapelketa (Tolosan ekainaren 14an) eta Estatuko Open lasterketa (Berrizen uztailaren 7an) aipa daitezke. Espainiako txapelketa Bartzelonan izango da uztailaren 16tik 19ra bitartean eta bertan izatea espero dut. Irailan ere lasterketaren bat edo beste izango da eta indarrez eta animoz ondo banabil, agian ziklokros denboraldirako prestatuko naiz.

Sasoi eta animo aldetik zer moduz gabiltza?
O.O.: Sasoi sasoian ez nago oraindik, baina hori ez da seinale txarra, lasterketak hasten direnean sasoiko egonda konformatzen naiz. Animo aldetik berriz primeran aurkitzen naiz, gogotsu.

Prestakuntza fase gogorrenean harrapatu zaitugu?
O.O.: Aurreko urtean denboraldia berandu amaitu nuen eta orain gutxira arte fondoa lantzen ibili naiz errepidean, gimnastikako ariketekin alderatuz. Orain entrenamendu saioak gogorragoak dira, baina oraindik prestakuntzaren hasieran nago.

Azken aldian errepidean gehiago ari omen zara entrenatzen. Zer dela eta?
O.O.: Bi arrazoi daude horretarako. Bata, mendian egin beharreko entrenamendu saioak atzeratu dituzte, lehen esan bezala beste entrenamendu mota batzuk lantzen ari naizelako. Eta bigarrena, eguraldiak ez duelako batere laguntzen.

Errepideko lasterketak izan daitezke aurtengo zure jomugak?
O.O.: Ez,ez. Akaso larterketaren batean parte hartuko dut,  ikusminagatik batez ere.

Zer moduz antolatzen zara egunerokoan, txirrinda gainean ibili eta gainerako zereginetarako? Eguraldi kaxkarrarekin gainera?
O.O.: Ba, ahal dudan moduan. Dena aurreko egunetik antolatuta uzten saiatzen naiz. Halere, eguraldia egun batetik bestera aldatu egiten da eta komeriak izaten ditugu. Ahal dudan guztietan kanpoan entrenatzea gustuko dut, baina aurten hotza eta euriarekin inoiz baino ordu gehiago nabil garajean daukadan rodilloan.

Iazko emaitzak hobetzea ez da erraza izango. Noraino ailegatu nahi zenuke aurtengoan?
O.O.: Neure helburua emaitzak hobetzea da, Euskadiko open eta txapelketaren bila joango naiz. Hala ere, Espainia mailako lasterketan hobeto ibili nahiko nuke, baita Espainiako txapelketan ere.

Datorrena, denboraldi desberdina izango da edo iazkoaren bidetik joango da?
O.O.: Hasiera batean behintzat, iazkoaren antzekoa izango da.

Lehiakideen artean edota kirol probei dagokienez, ezustekorik egon liteke?
O.O.: Nesken artean zaila da txirrindulari berriak animatzea. Lehengo urtekoak animatzen badira konformatzen naiz, baina ea ezustekoren bat ematen didaten eta neska berriak topatzen ditugun lasterketetan. Eskerrak eman nahi dizkiot urte guztian gure taldea aurrera eraman ahal izateko laguntza ematen diguten guztiei. Talde txiki eta xumea gara baina senideen laguntza izaten dugu lasterketa guztietan. Batek uraz hornitzen gaitu, besteak lasterketako denborak eman, beste batzuk animoak eskaini...
Eta hauek guztiaz gain, Ciclos Patxi Andoaingo bizikleta denda eta babesle nagusia izanik ahal duen neurrian laguntzen digu, eta Patxi lasterketa askotara mekanikari moduan ere etortzen da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!