Joxe Mari Olazabali gorazarre

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 19a, 18:28

Bastero ekitaldi aretoa txiki geratu zen Aiurrik eta Larramendi Bazkunak antolaturiko Aiurri Aipamen Bereziak ekitaldiaren hirugarren edizioa bertatik bertara jarraitzeko.
Olazabali eskainitako Ohorezko Aipamena omenaldi bikoitza izan zela esan daiteke. Batetik, Larramendi Bazkunak aitortu ziona. Eta, bestetik, herritarrek txalo zaparradarekin eskaini ziotena.

Larramendi Bazkunaren baimenarekin, Aiurri Ohorezko Aipamena sari banaketa ekitaldia Andoain herriak egin zion omenaldian bilakatu zen. Herrikide ugari, ehunka, agertu ziren Basterora. Olazabalen belaunaldikoak eta gazteagoak ere bai. Andoaindar askoren memorian dagoelako hamarkada luzez lagun hurkoaren alde Pobrearen abokatuak egindakoa. Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak sakon eta maisuki azaldu zuen Olazabalen ibilbidea. Herritarren txalo zaparradarekin berretsia izan zen Larramendi Bazkunaren aitortza. Olazabal goresteko azalpen biografikoak irudi ziren herrikide askoren buruan. Unanuek esandakoa beren begiekin ikusi dutelako: behartsuei, umezurtzei, alargunei... Olazabal beharrean zirenei laguntzen aritu baita beti.
Joxe Mari Olazabal Andoaingo seme eredugarria da, Eskola kalean jaioa da 1928. urtean. JOC, Juventudes Obreras Cristianas taldeko kide zela erakutsi zioten, berari eta beste batzuei, bizitza osoan bere jokabidearen iparrorratza izan dena: ezer ez garela mundu honetan lagun hurkoa laguntzeko prest ez bagaude, berdintasunetik, laguntasunetik. Hori izan du, gaztetxo zenetik bere arau nagusi, eta horrekin leial bizitzen ahalegindu da Olazabal jauna. Gaztetako kontzientzia hartze hura bizitza osoan lagundu dio. Eta horrela aitortu zion omenduak pasa den ostegunean bildu zen entzulegoari [Aiurri hamaboskarian eta webgunean Olazabali eginiko elkarrizketa eta biografia laburra eskuragarri daude], “Ez nuen horrelako saririk espero. Izan ere gure denbora guztian inongo saririk espero gabe lan egin dugulako. Gure bizitzan momentu bat izaten dugu gure buruari galdera sakona egiten dioguna. Hau da galdera: Zer espero dugu bizitzaz? Zertarako gaude?”.
Joxe Mari Olazabalek 18 urterekin egin zion galdera hori bere buruari. JOC erakundean sakoneraino hartu zuen langileen alde eta behartsuen alde zerbait gehiago egitearen kontzientzia, “Ideia hori muinetaraino sartu ziguten. Horrela hasi nintzen ni sindikalismoan. Lehenik, lantokian eta, gero, Gipuzkoa mailan”.
Frankismoan zinegotzi izan zen ere zazpi urtez, “herriaren alde zerbait egin nahian. Buruhauste piloa izan genituen, egia esan. Oraingo garaiak txarrak izango dira, zailak, baina garai hartan xoxik ez genuen. Eskolak egin behar ziren, gauza askoz gehiago... izugarrizko oztopoak izan genituen. Baina hala eta guztiz ere jo ta ke aritu ginen”. Besteen alde eta herritarren zerbitzura lan isila egindakoa da Olazabal.
Hunkigarria izan zen ekitaldia, Olazabalek hitz egin zuen bitartean negar malkoak isuri ziren ikusleen artean. Ekitaldia amaituta balio handikoa da Jon Unanuek Joxe Mari Olazabali eskaini zion azken pasartea berreskuratzea, “Zu ez zara ohiko iraultzaile bat; Zure iraultza isila izan da, zure iraultza begirunez betea izan da, baina ausardiaz; zure iraultzak denboran luze jo dezake, baina iraunkor, etengabe; zure iraultzak elkartasuna du izena, elkartasuna eta lagun hurkoarekiko begirunea. eta 60 urtez dirau, adorez, eskarmentuz betea. Horregatik ohorezko aipamen berezi umil hau zuretzat, Joxe Mari, hori guztia aintzatetsi eta eskertzearren”.
Oroigarria, diploma eta eskertzak amaituta herrikide ugri gerturatu zen Olazabal zoriontzera. Familia osoa ere bertan izan zen. Formalismoak alde batera utzita, ekitaldiak zizka-mizkekin giro ederrean jarraitu zuen.

Andoaindarrak nagusi
Joxema Setienek Kulturari dagokion aipamena eskuratu eta azken hitzak hauexek izan ziren, “Santakrutzetan berriro zubian izango gara”. Ezpatadantza berreskuratu zuen lantaldearen izenean hitz egin zuen.  Iñaki Arregi ideiaren sustatzaileari ezinezko egin zitzaiolako bertaratzea. Herrian bertan saria jaso zuelako zinez eskertuta zegoela adierazi zuen Arregiren izenean hitz egin zuen Jexux Larrea Ikerfolk taldeko ordezkariak.
Kirolaren atalean Aiurrik ere Kattalin Olasagasti eta Jon Gaztañaga kirolari gazteak saritu zituen. Andoaindarrak, beraz, Aiurri Aipamen Berezien II.edizioan nagusi izan ziren.
Ez ziren, ordea, bakarrak izan. Gizarte alorreko aipamena Larraulgo Eskola taldearentzat izan zen. Herrigunean eskolarik ez eta horren alde luzez egindako lana aipatzekoa da. Azkenean lortu dute haurreskola martxan jartzea, hamarkadako eten luzea hautsiz. Kultur Aipamena ez zen soilik andoaindarrentzat izan. Ezpatadantza berreskuratu zen bezala, 2008an Asteasuko Sanpedrotan Dantza-soka berreskuratu zen. XX. mendearen hasieratik galduta zegoen dantza biziberritu zuten Elizmendin, uda hasieran.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!