Pilar Rodriguez Berlinalean izan da “Ander” filmarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 19a, 18:27

Berlingo zinemalditik etorri berria da Pilar Rodriguez, Andoaingo antzerkilaririk ospetsuena. Ander euskal filma aurkeztera joana zen Berlinale jaialdian, Roberto Caston zuzendariarekin eta beste zenbait aktoreekin batera. Sekundino Etxeberriarekin hasi zen antzerki munduan, Andoaingo Larramendi taldean 60ko hamarkadan. Eta geroztik hainbat antzezlan, film eta telebistako saioetan azaldu da.

Zer moduzko harrera eskaini zaizue Berlinale zinemaldian? Tunel magikoa izan dela aipatu du Caston zuzendariak…
Pilar Rodriguez: Oso esperientzia polita izan da. Tratu oso oso ona jaso dugu. Filma aurrekontu eta anbizio xumekoa da, eta jada saria izan zen Panorama sailerako aukeratu izana, Donostiako Zabaltegiaren parekoan. Gero zer da eta “Arte eta ensaioa” izeneko saria eman digute.
Donostiako zinemaldian ikustetik, ohitua nengoen zuzendariak eta aktoreak prentsaurrekoa nola ematen zuten ikustera, oholtza gainera nola igotzen ziren eta txaloak jasotzen. Lehenbiziko aldia da horrelako bizipena bizitu dudala. “Gu ez gara inor” pentsatuz joan ginen, eta “zerbait bagarela” sentiarazi digute egun horietan Berlinen.

Almodovarren troupe-aren antzera joan zarete ia ia.
P. R.: Filman parte hartu duten guztiek ezin joan noski, eta zuzendaria, bi protagonistak eta gero emagalduarena egiten duena eta ni –Anderren ama-, joan gara. Jendeaurreko pasean, urduri jarri nintzen. Filmaren erritmoa geldoa da pixka bat, eta ikusleak hanka hotsa aterako ote zuen pentsatzen nuen. Baita zera ere! Inork ez zuen utzi eserlekua, eta txalo zaparrada jaso genuen oholtzara igo ginenean.

Euskara pantailan eta prentsaurreko batean lehen aldiz entzun omen da Berlinalen...
P. R.: Filma jatorrizko hizkuntzetan, euskaraz eta gazteleraz eman zen, eta prentsaurrekoan neronek egin nuen euskaraz, Gernika-Alemania elkarteko Ainhoa Añorgak egin zuen galdera bati erantzunez. Ez zela ulertzen esanez zurrumurruren bat entzun zen une hartan kazetarien artetik, eta Ainhoak berak jakinarazi zuen nik bukatzen nuenean alemanierara eta ingelesera itzuliko zuela nik esandakoa.

Kontatzeko moduko pasadizurik izango duzu…
P. R.: Ez dakit zer esan; egia da alfonbra gorritik pasa ginela estreinuko egunean, baina ez genuen zaleturik topatu garrasika eta sinadura eske, aurretik Demi Moorekin gertatu bezala. Gure publikoa filmarekin zegoen interesatua eta ordurako pantaila noiz piztuko zain zegoen eserlekuetan.

Kontaiguzu Ander filmaren nondik norakoa.
P. R.: Arratia bailarako baserri batean dago girotua. Anderrek eta bere arrebak eta horien amak osatzen dute familia. Anderrek min hartzen du eta mutil peruar bat hartzen dute baserriko lanak egiteko. Biren artean harremana sendotzen doa piskanaka, eta amak gaizki ikusten du. Azken batean, filmak Ander deskubritzen doan homosexualitatea da historia nagusia; gero daude istorio paraleloak, hau da, guztiok modu batera edo bestera bizi dugun bakardadea, emigrazioa, familia eredu ezberdinak...
Zer moduz amaren paperean?
P. R.: Ama gogorraren rolean sartzen saiatu naiz, zuzendariak agindu bezala. Ni normalki oso zorrotza naiz nire buruarekin, baina oso gustura geratu naiz oraingoan. Zailtasunak, Durangaldeko euskararekin eduki ditut.

Homosexualitate istorioa baserrian girotzearekin, zerbait berezia adierazi nahi izan da?
P. R.:  Ez dakit nik Castonek probokatu nahi izan duen, edo zer. Berak esaten du gay-ak kalekumeetzat hartzen direla, baina baserri giroan ere egon badaudela, beste edozein tokitan bezala. Ondo dago, bai, estereotipoak haustea.

Zertan zabiltza orain?
P. R.:  Ezertan ez, une honetan. “Emakumeak izarapean” antzezlana amaitu zen, eta zerbait berria egiteko irrikitan nago.

Konforme orain arte egindakoarekin?
P. R.: Oso pozik bizi naiz antzeztuz. Gertatzen da oso berandu iritsi naizela mundu honetara. Normalean ni baino zaharragoen paperak ematen dizkidate. Ander filmarako, esaten nion zuzendariari: “hilea goratu eta zahar itxurako jantziak jarri eta nahikoa da; zimurrak badauzkat eta berez”. Hala ere, zahartu egin ninduten. Barbara Goenaga ikusi nuen lehengoan amarena egiten; pentsa hura ama bada, gu zer garen!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!