Azpimarratu zutenez, bizi den krisialdiaren errudun bakarrak Gobernu, Patronal, Banketxe eta Aurrezki Kutxak dira eta haiek guztiek orain arte bultzatu duten gizarte zein ekonomia alorreko politikak. Erantzukizuna langileei leporatzea, onartezintzat jotzen dute. Baita jarrera interesatutzat ere, ELA-tik adierazi zutenez, egoera horretaz baliatuta Patronala justifikatu gabeko Erregulazio espedienteak aurkezten ari baita.
ETEKINAK UGAZABARENTZAT
Sindikatu abertzaleko ordezkarien esanetan, azken hamabost urteotan enpresek diru irabazi itzelak izan dituzte, “beti ere, langileak aintzakotzat hartu gabe, ez baitituzte, beraien etekinak banatzeko asmorik izan”. Eta orain, ELA-koen hitzetan, “Europan guztian baino lanpostu gehiago suntsitzen ari dira”. Mobilizazioak iragarri dituzte ekaina bitarte.