Mila sinaduratik gertu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 19a, 18:24

Mikaela Enea botatzearen aurkako 900 sinadura bildu ondoren, Aiurrik sinadura bilketa honen eragile diren Ander Beristain, Daniel Segurado eta Javier Segurado arkitektoak elkarrizketatu ditu.

Espero al zenuten horrelako erantzunik?
Arkitektoak: Ez genuen espero, honek adierazi nahi du herritarrek parte hartzeko gogoa daukatela, eta Urnieta ez dela lotarako herri bat, baizik eta, erne dagoela. Baita ere, esan nahi du herritarrek Mikaela enea maite dutela, eta hor ikusi nahi dutela, beren bizitzaren zati bat bezala.

Herritarrek erabakietan parte hartzeko bitartekoen beharra ikusten duzue?
A.: Bai, jendeak erabakietan parte hartu nahi du baina ez dauka horretarako aukerarik. Bitarteko horiek jartzea politikarien ardura da. Hori da Udalak bere gain hartu behar duen erronka. Aukera emanez gero oso pozik ematen dute bere iritzia.
Nortzuk izan dira sinatu dutenak?
A.: Gazteak, helduak, alderdi guztietakoak, eta baita bere alderdiko mandatua hautsi duen jendea ere. Eta hori izan da politena. Jendeak bere kabuz eman duela iritzia, alderdien aginduak eta kontsignak alde batera utzita.
 
Zein pauso emango dituzue orain?
A.: Udaletxean aurkeztuko ditugu, eta hurrengo urratsa Udalaren esku dago. Gaia birplanteatu beharko dute, eta hurrengoan horrelako erabakiak seriotasun handiagoarekin hartu. Ikusiko dugu Udalak ze erabaki hartzen duen, eta orduan erabakiko dugu beste ekintzarik egin edo ez.

Zer gertatuko da?
A.: Espero dugu Udalak sinadura bilketa hau kontutan hartuko duela. Ez dauka beste biderik. Ikusi behar dute herritarrek Mikaela Enea maite dutela. Gu ez gara sartzen gero Mikaela Eneari eman behar zaion erabilpenari buruzko eztabaidan. Zera diogu bakarrik: Mikaela Enea maite dugula eta aurrerantzean ere hor ikusi nahi dugula.
Zer esango zeniekete sinatuz zuekin bat egin dutenei?
A.: Sinadura hauek balio ikaragarria izango dutela. Uste dugu Udala behartuta dagoela nahi hala nahi ez, herriaren eskakizun hori onartzera. Ez dago beste biderik, gainontzekoa demokraziaren aurkakoa litzateke.

Mikaela Eneak bere lorategia galtzearekin, zuen balorearen zati handi bat ere ez al zuen galdu?
A.: Pena ikaragarria izan zen bere garaian lorategi hori mantendu ez izana. Zoritxarrez, horrek orain ez dauka atzera bueltarik. Lorategiarekin etxe horrek ematen zituen aukerak askoz ugariagoak ziren, baina pentsatu behar dugu oraindik aukera politak eskaintzen dituela.

Zein aukera dira horiek?
A.: Aukera mordoa: zabalduz, gehituz, kenduz, atzealdera luzatuz. Mikaela Enea berriztatzeko proiektu on bat urnietar guztioi egin diezaiokegun oparirik ederrena litzateke, dudarik gabe: eraikuntza aipagarria, herritarrek maitatua, guztion jabegoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!