Jon Lizarribar, elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 19a, 18:24

Egunerokotasunera ohitzen doa urnietarra, otsailaren lauan La Junquerako mugan aske utzi zutenetik. Harrera beroa egin zioten goizaldean. Igandean ongi etorria egin zioten herriko plazan, oso aldatuta ikusi duen sorterrian.

Fisikoki, zer moduz zaude?
Jon Lizarribar: Lehengo astean, etxeko eskilarak igotzen saiatu eta oraindik ezin nuen belaunarekin. Orain gutxi haragia jaten hasi naiz. Burua da aurrera egiten duena. Burua ondo badago, gorputzak segitzen du azkenean, indar gehixeago edo gutxiagorekin. Luzerako istorioak ditut; ikusmena, oso gertura begiratzen ohituta, asko galdu dut. Bizkarrean lehen hernia bat nuen, orain hiru ditut.

Asteazkenean bi aste Urnietara ailegatu zinela. Hilaren 4ko egun luze hura nola bizi izan zenuen?
J.L.: Bezperan urduri nengoen, hilaren lauan ez dakizu zer gertatutako zaizun. Dakizun bakarra, mugara eraman eta polizia nazionalaren esku geratuko zarela da. Urduritasuna, ezjakintasuna zuregatik eta familiak ere ez daki zer mugetara eramango zaituzten. Espetxetik 8:15etan atera ninduten. Muga batera eramango nindutela esan arren, beste batera eraman ninduten. Euskal Herrira iritsita, aiton-amonen baserrira igo nintzen. Oroitzapen pila nuen, barrua borborka duzu. Kalera iritsi gero eta hor jada urduritasuna. Jende asko, eta eromena, bakarrik edo beste pertsona batekin bizitzera ohitu ostean. Plazan pixka bat galduta, erreferentziak eta aurpegiak bilatzen. Etxean sartzea berriz arraroa zen, azkeneko oroitzapenak etxetik joandakoak dira eta. Sentimendu uholde bat da.

Aske geratu aurreko asteak gose greban eman zenituen, gerora zer gerta zitekren jakin gabe.
J.L.: Azken hiru egunak arte espetxeko eguneroko bizitza egiten jarraitu nuen. Gose greba hasi aurretik, kideekin komentatzen nuen azken egunak izan zitezkeela. Sentsazio arraroak dira. Handik aterata kristoren kontraesana barruan; poza etxera zoazelako, baina buruan bueltaka duzu une oro kidea han dagoela. Itzuleran berarekin hitz egin nuen, 9:00etarako kristoren errejistroa egin zioten, ordenagailua kendu zioten bakarrik zegoela baliatuta. Oraindik arratsaldean ezer berreskuratu gabe zegoen.

Espetxean, egunerokotasunean zeintzuk izan dira pairatu dituzun eskubide urraketak?
J.L.: Ziatikak jota gau osoa igaro nuen, eta hurrengo eguerdira arte ez zidan inork kasurik ere egin. Kaso egin zuten azkenean, kideak atea jotzen hasi zirelako. La Sante-n zeinek labe zomorro gehiago harrapatu, arratsaldero apustuak egiten genituen. Kontziente zara ez dela logikoa, osasun arduradunei, zuzendaritzari idazten diozu. Baina kasurik ez dute egiten, bost hilabete labe zomorroak kentzeko. Umorez hartu beharra duzu, bestela hondoratu egiten zara. Dentistari idatzi larrialdi batengatik eta lau hilabetetara deitu zidaten. Beste aldea, familiarena da. Senitartekoen eskubide urraketek min ematen dute; bisiten mugak, urruntasuna, senitartekoen bidaiak, gutunak bi hilabetera jasotzea, neska lagunaren bisita baimena ematen hamar hilabete atzeratzea... La Sante-tik hamabost egun geroago iritsi nintzen Toulonera. Bitarte horretan, familiak nitaz ez zekien ezer. Horrekin gehiago sufritzen duzu. Ezer gutxi egin dezakezu eta zuk bezain beste edo gehiago familiak sufritzen du.

Nola aurkitu duzu Urnieta itzuli ostean?
J.L.: Oso aldatuta. Asko hazi da. Izugarri aldatu da bizitza aldetik ere, lehen kalean jende gutxi ikusten zen. Andoaindik Hernanirako txikizioak negar egiteko gogoa ematen du.

Denbora honetan herriarekiko lotura mantendu duzu?
J.L.: Gutunak jasotzen dituzu. Eta familiarekin duzun hartu emana. Lotura txikiak dira baina guretzat kristorenak dira. Babes handia guretzat eta familiarentzat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!