Goiburuko hondakindegia ixtea eskatzen du Arnasak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 19a, 18:23

Goiburuko hondakindegia behin betirako itxi eta ingurunea berreskuratzea eskatzen dute Arnasa plataformako kideek. Aipatu guneko jardunaren atzean dauden pertsona edota erakundeak bide judizial zein administraziotik salatzea ere galdegiten diote Udalari, Goiburun dabiltzan kamioi pisutsuen trafikoa mugatzearekin batera.

Plataformarentzat ez da kontu berria, egiten ari diren salaketa. “Duela hiru urte baino gehiago, aipatu instalakuntzaren ageriko ilegaltasuna salatzen zuen perituen txosten bat igorri zuen”, gogorarazten dute Arnasatik. Bertan, aipatu lanek ingurunean izango zituzten eraginak zehazten ziren. Salaketa hark bertako jarduna eten arren, azken bi urteotan aktibitateari berriz heldu eta areagotu dela salatzen dute herri plataformatik. Eta beraz, ez da betetzen Arnasa plataformak sorrera egunetik bete nahi izan duen helburuetako bat; ingurunea eta urnietarren zein ingurukoen osasuna errespetatzea.
 
KONPOST GUNEA
Hondakindegiarekin batera, Arrimiloi inguruan egurra edota landarekien erreusa berreskuratzeko ustiapen proiektua atzera botatzea eskatzen dute plataformatik, inguruneari dakarzkion kalteengatik. Hain zuzen, zuhaitz mozketekin batera, bertatik igarotzen diren kamioiek, bidea oinezkoentzat arriskutsu bihurtu dutela gaineratzen dute. Konpostatze planta batek industria gune batean kokatua egon behar duela gogorarazten dute.
 
OSOKO BILKURA
Aipatu eskaera guztiak biltzen dituen idatzia prestatu dute Arnasakoek, eta jadanik Udal erregistroan aurkeztu dute, gaia hurrengo osoko bilkuran landua izan dadin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!