Mikel Unanue, Urnietako udaltzainburua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 19a, 18:23

Mikel Unanue Zudupe, Urnietan jaio zen 1955ko abuztuaren hamarrean. Gaztetan kazetaritza egitekotan ere ibili bazen ere, aspalditik Urnietako udaltzainik beterano eta ezagunena da. Orain egingo ditu 29 urte langintza horretan. Udaltzain buru da 1986.urtean Lasarte Oria eta Urnieta banandu zirenetik. Orduan, bi kaboetatik bat Lasartera pasa, eta bera hemen gelditu zen.

Lan honek bokazioa eskatzen du?
Mikel Unanue: Nik uste dut bokazioarekin lanean hasten den jende gutxi dagoela, hau bezalako lan motetan, behintzat. Gero, urteak aurrera joan ahala, eta zerbitzu bokazio pixka bat baldin badaukazu, bokazio hori zure lanean erakusten duzu. Izan ere, bestela oso zaila da, pazientzi handia behar da, jendearen exijentzi maila handia izaten da, eta gure lana oso agerikoa denez, kritikarako bidea erraz ematen duena.

Zenbat udaltzain zaudete, eta zer ordutegirekin?
M.U.: Nirekin sei gaude, gaur egunerako gutxiegi. Guk ezin dugu egun osoa gau eta guzti osatu sei pertsonekin. Astean zehar, gauetan ordu-biak arte egoten gara, tabernen itxierak eta pixka bat kontrolatzeko. Eta asteburuetan, ostiral eta larunbatetan gauetan, saiatzen gara bat guardian egoten, telefono deiak eta larrialdiak gestionatzeko, behintzat.  

Inguruko herrietako udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin nolako harremana duzue?
M.U.: Ona halabeharrez, beti ari gara elkarri informazioa trukatzen, gauzak eskatzen. Gero, hemen ere, leku guztietan bezala, beti ikasten ibili beharra dago, lege berriak, gauza berriak adosteko geure artean harremanetan izaten gara.

Jendearen ohiko kexuetako bat izaten da, udaltzainak ez direla ikusten kaletik?
M.U.: Bi tokitan batera ezin gara egon. Maiz, zerbitzuan bakarra egonik, pentsa, bulegora etortzen den jendeari harrera egin, telefonoa hartu... Gu saiatzen gara. Gainera,  nik ez dakit gu ikustea hain beharrezkoa den. Gure egin beharrekoa da, beharra dagoen lekuan egotea, hori da lortu beharko genukeena. Herri hau handia da, ez da bakarrik hirigunea, baserri ugari daude, bide asko dago eta horko gorabehera guztiak ere zaindu behar izaten ditugu. Baserri gune horietatik egunero ibiltzen gara. Obrak zaindu behar ditugu. Eta hori dena behar bezala zaintzeko asko ibili beharra dago, eta gaudenak egonda ez da erraza.

Lapurretei buruz, zer datu dituzue?
M.U.: Uste dut herri hau nahiko lasaia dela. Hala ere boladak izaten dira. Batzuetan, hilabetean agian sei lapurreta eta beste hainbeste saiakera izaten dira, eta gero, sei hilabetetan ezer ez. Igoera nabaritu dugu industria guneetan, agian gauetan toki oso bakartiak direlako. Enpresa gehienek ez dute segurtasun zaintzailerik, kamioi ugari egotan da bertan, eta gasolioa eta merkantzia ere lapurtzen saiatzen dira.

Zein izaten da urteko garairik txarrena?
M.U.: Udako gauetan dei gehiago izaten ditugu, normalean, soinua dagoelako kalean. Gero eguberri buelta hori nahiko mugitua izaten da, eta herriko festak zalantzarik gabe arazo gehieneko garaia izaten da.

Jende asko atxilotzea egokitu al zaizu?
M.U.: Bai, horrenbeste urtetan mordo bat. Oso gogorra izaten da, azken finean pertsonalki inplikatzen gara, eta ez da erraza izaten. Gai gogorrak ere egokitzen dira, eta odol hotza mantentzea kosta egiten da, gizakiak gara. Nire kasuan behintzat, urteak aurrera joan ahala, gai gogorrekin ni gero eta bigunago naiz.

Momenturik latzena?
M.U.: Tartean hildakoren bat dagoenean gogorra izaten da. Gero egokitu izan zaizkit pare bat kasu bortxaketa edo bortxaketa saiakerak, eta ez dira batere gai errazak ondo eramateko.

Gertakizun xelebreren bat?
M.U.: Aspaldian, oraindik hemen ertzainik ez zegoenean, udaletxean zegoen kalabozoan edukitzen genituen atxilotuak. Eta jadanik hilik den urnietar gazte batek handik alde egin zuen. Oso xelebrea izan zen. Kalabozoko ohearen hankarekin sabaia puskatu zuen. Goien zegoen bake epaitegira igo zen, eta hango leihotik ospa egin zuen. Guk izugarrizko atea eta  izugarrizko leihoa genituen kalabozoan, eta bitartean sabaitik ihes egin zuen.

Bost balizko kasu aipatuko dizkizut, esadazu horien aurrean ze erantzun ematen duen udaltzaingoak.

1. Tabernan musika entzuten da ixteko ordua pasa eta gero.
M.U.: Ez baldin badago inongo aurrekaririk bertara joan eta ixteko eskatzen diegu, eta horrela egiten badu gertatutakoaren nota hartu, eta hor geratzen da. Lehendik aurrekaririk baldin badauka, espedientea irekitzen dugu.

2. Garajetik kotxea atera ezinik dago ate parean beste batek aparkatu duelako.
M.U.: Horren aurrean arazo bat daukagu. Nahiz garabia izan, orain artean ez dugu kotxeak eramateko leku bat. Garabiak kotxea kentzea ardura handia da. Gure saiakera izaten da, kotxean matrikula ikusi, basean begiratu, eta ingurukoa baldin bada gehienetan lokalizatzen dugu, eta bestela isuna jarri eta bertan geratzen da. Oraingoz, ez daukagu beste irtenbiderik. Garabia soilik erabiltzen dugu behar baten aurrean kotxeak apur bat lekuz mugitzeko.

3. Lapurreta baten berri jasotzen duzue.
M.U.: Gerturatu eta, datuak jaso, eta larria baldin bada, segituan Ertzaintzari deitzen diogu, ikerketa eta argiketa guztiak egin ditzaten. Guk ez dugu horretarako bitartekorik. Gero zerbaiten informazioa izanez gero, beraiekin harremanetan jartzen gara, eta laguntza ematen diegu. Baina ikerketa beraien esku geratzen da.

4. Borroka bat dago kalean.
M.U.: Hurbildu eta lehenengo banatu eta identifikatu egiten ditugu, ze askotan edozein borrokatik, edozein txorakeriarengatik ezusteko ondorioak jasotzen ditugu. Gertatu berri den kasuan, atzerritar batzuen borroka batean, Interpolen bilatze-zerrendan agertzen zen bat zegoen. Inoiz ez dugu jakiten zerekin topatuko garen.

5. Gaztetxo batzuk eskaperik gabeko motoekin dabiltza.
M.U.: Oso ohikoa izaten da. Horrelakoetan joan eta gazteekin hitz eginez konbentzitu eta baretzen saiatzen gara. Ondoren, legezko ez den zerbait baldin bada tartean, ba isuna jarri edo kasuaren arabera motoak erretiratu ere egiten ditugu. Gero, IAT-ITVa pasarazi, eta beharrezkoak diren tramiteak egindakoan motoa itzuli. Ihes-hodi edo eskape batzuk homologatuta daude, nahiz guri soinu gehiegi iruditu.

Kantuan bukatuko al dugu? Al aguazil, al aguazil...
M.U.: Ai ke kortarle el pitilin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!