Lurdes Iriondo musika eskola sare publikora igaro da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 19a, 18:21

Sare publikoan sartzearekin batera, hainbat eraberritze lan burutuko dituztela iragarri dute Mikel Pagola eta Iker Apaolaza zuzendaritza taldeko kideek.

Musika Eskolak zer dela eta eman du sare publikora igarotzeko pausoa?
Zuzendaritza taldea. Gaur egun arte Urnietako musika eskola udal musika eskola bat izan da. Beraz, udaletxeak zehaztutako irizpide eta arauak mantendu ditu. Eusko Jaurlaritzako musika eskolen erregistroan sartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak dituen irizpide eta arauak bete beharko ditugu; irizpide espazialak (ikasgelak, entsegu gelak, auditoriak…), akademikoak (instrumentu adar ezberdinak, soinu tresna berriak, bi maila jarraian ematea, ikasle kopuruak...) eta langileenak (lan baldintzetan hobekuntzak) dira. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak musika eskola publikoen artean banatzen duen dirulaguntza jasotzeko aukera izango dugu hemendik aurrera. Orain arte ez genuen aukera hau. Aurrerapauso hau ematea beharrezkoa zen, aurretik ere bermatua egon arren, kalitatezko musika irakaskuntza bat eman nahi baikenuen Urnietan. Musika eskola publikoa, herriko musika irakaskuntzaren erreferente edo ardatz izatera iritsi behar dugu. Behintzat hari horretan ari gara musika eskolatik lanean.

Zer aldaketa nabarituko dituzte erabiltzaileek?
Z. Lehenik eta behin, musika eskolako irakaskuntza eskaintza zabaldu egin da. Aurtengo ikasturtean berrikuntza bezala, musika tailerra (4-6 urte) eta perkusio espezialitateak sartu ditugu Lourdes Iriondo udal musika eskolaren eskaintza zerrendara. Bestetik, instalakuntzak erabat aldatu dira, Eusko Jaurlaritzako irizpide eta arauetan sartu ahal izateko. Irakaskuntza pertsonalizatutako bi gela berri egin ditugu eta taldeentzako beste bi gela, horietako bat intsonorizatua.


Bestalde, Udalak jasotako estatu fondoko laguntzaren zati bat, zuen musika eskolara bideratuko da?
Z. Hala da. Aurreko urtean izandako eraberritze lanen jarraipen gisa uler daiteke musika eskolako pasabidean egingo den itxiera. Gauza guztiak ondo badoaz, aurtengo ikasturtea amaitu ostean, uztailaren hasieran hasiko dira pasabidearen itxiera lanak eta hurrengo ikasturte berria hasterako amaituak egongo dira. Lekaio kultur etxeari itsatsita dauden gela batzuetan kokatzen da Lourdes Iriondo udal musika eskola. Bertara pasabide batetik iristen da eta berau oso leku hotza da. Klaseetara sartzeko itxaroten dauden ume edo gurasoak eta udal musika eskolan lan egiten duten irakasleak izango dira lan honekin onura gehien jasoko dutenak. Pasabidearen amaieran itxarote gela txukun eta duin bat eskaini nahi zaie.

Zer moduz moldatzen zarete egun Musika Eskolak dituen instalakuntzekin?
Z. Gaur egun musika eskolan ditugun instalakuntzek musika irakaskuntzarako huts nabarmenak dituzte. Lehenik eta behin, musika eskola kultur etxearen eraikin berean dago kokaturik eta honek ez dio mesederik egiten, instalakuntza asko kultur etxearekin partekatu beharrean baikaude (komunak, idazkaritza, auditorioa, fonoteka, sarrera nagusia, gurasoentzako harrera guneak e.a.). Bestetik, nahiz eta hobekuntza asko egin musika eskolako ikasgelak ez daude musika irakaskuntzarako prestatuak eta honek soinu arazo asko sortzen ditu. Azken urteetan hobekuntzak egin baditugu ere, oraindik hobetzeko gauza asko egin daitezke, hainbat klaseetan dauden erreberberazioak ekiditeko, gela batetik bestera sartzen den musika saihesteko, irakasleek prestakuntzarako izan behar dituzten espazio egokiak izateko…

Bestela, aurtengo ikasturtean musika eskolako lan taldea indartu duzue ezta?
Z. Bai, bi irakasle berri kontratatu ditugu bi espezialitate berri eman ahal izateko: Musika Tailerra eta Perkusioa. Musika Tailerra jartzea oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun, lehen mailako edo kontaktu mailako musika irakaskuntza baita. 4 eta 6 urte bitarteko haurrei ematen zaie eta datorren urterako adin tarte hau 7 urtera zabaltzea espero da. Lehen mailako irakaskuntza hau oso garrantzitsua da, haurrak musika irakaskuntzarako prestatu ahal izateko. Abesti, jolas eta dantzen bidez, haurrek musikarekin izaten duten lehen kontaktua garrantzitsua da, beren irudimena eta sorkuntza lantzeko, eta baita musikarekiko kuriositatea pizteko ere. Gainera, musika eskolako kudeaketari dagokionez, Musika Tailerrak oinarri bat ematen dio ikastetxeari. Lehen ikasturtea izateko, lortu ditugun matrikulazio emaitzak oso positiboak izan dira. Lau talde sortzea lortu dugu tailer musikalean eta datozen urteei begira, kopuru hauek handitzea espero dugu. Horrekin batera musika eskolako bigarren mailara sartuko zaizkigun ikasleen kopurua handituz joango dela ziur gaude. Perkusioaren kasuan, oso interesgarria iruditu zitzaigun instrumentu hau sartzea, beste soinu tresnei akoplatzeko duen gaitasunarengatik. Oso soinu tresna osatua da, estilo desberdinetan erabili daitekeena (musika sinfonikoa, kamarako musika, banda, joera berriak, e.a.). Esan beharra dugu, perkusioa soinu tresna sinfoniko bezala hartu dugula eta irakaskuntza estilo horretara bideratua daukagula. Baina ez ditugu beste estilo edo musika adarrak baztertzen; rock, folk, jazz…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!