Eusko Legebiltzarrera begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 18a, 13:21

Juan Jose Ibarretxe lehendakarigai aurkeztu den guztietan bezala, hauteskunde hauetarako ikusmina handia izango da.

Popularrak 2001ean bezala, sozialistak dira orain jeltzaleen mehatxurik handiena. Lopez ala Ibarretxe, bata edo beste izan daiteke lehendakaritza eskuratuko duena.
Lopez, irabazi gabe ere, bigarren hautagai bozkatuena izanik lehendakari izan daiteke.
PPkoen babesarekin irits daiteke lehendakari izatera, beti ere Alderdiaren Legeaz baliaturik.
Ibarretxe boto gehien jasoko dituen hautagaia izan daiteke. Hori horrela izanagatik, ordea, ez dauka lehendakaritza ziurtatuta. Azken emaitzari erreparatu beharko zaio. Gerta daiteke 2005-2009 urteetan egin bezala gutxiengoarekin aginte makila eramatea. Gerta daiteke ere gehiengo osoa ziurtatzeko alderdiren batekin (PSE-EE edo PP) hitzarmena sinatzea.
Kanpaina abiatu da eta aliantza estrategiak ezkutuan daude. Eta martxoaren 2an ere zaila izan daiteke gehiengo osoa ziurtatuko duen aliantza zein izango den aurreikustea.

Aurrekariak
2001ean Mayor Oreja-Ibarretxe lehiak interes gorenera bultzatu zuen, hauteslegoaren %80a mobilizatuz. Jendea erruz joan zen bozkatzera. PPren mehatxua uxatuta, beste giro batean burutu ziren hurrengo hauteskundeak.
2005ean herritarren parte hartzea jaitsi zen, abstentzioa igoz. Gipuzkoan, esaterako, %10 igo zen bozkatu gabe geratu zen herritarren kopurua. EAJ eta EA alderdiak koalizioan herrialde guztietan lehen indarra izan ziren, gehiengo osotik bederatzi eserlekura geratuz. Hain zuzen, EHAK alderdiak eskuratu zituenak. Gehiengoaren giltza ezker abertzalearen esku zegoen. Ordea, egoera hori baliatu gabe igaro ziren lau urteak. Ezker Batua gobernu taldean sartuz eta aurrekontuak bezalako erabaki potoloak sozialistekin adostuz, Ibarretxek bere eskuetan izan zuen aginte makila. EHAK oposizioan izan zen, ilegalizazioaren mamuak baldintzaturiko legealdian.
2009an ilegalizazioaren aurreikuspen beltzenak ere bete egin dira, inork gutxi ulertzen duen Alderdiaren Legean oinarrituta. EH-EHAK siglek ordezkatzen duten gizartearen eremua baliogabetu egin dute. Milaka batzuk dira eskualdean. Aiztondon, ezker abertzalea eta alderdi jeltzalea dira bi familia politiko nagusienak. Andoainen aipatu bi horiek eta sozialistak. Gasteizera begira politikoek martxan jarri duten maratoia hankamotz doa aurrera, eskualdeko ordezkaritza zabala legez kanpo utzi baitute.
EHAK-k Gipuzkoan lortu zituen 5 legebiltzarkideak gainerako alderdiei egokituko zaizkie. Sozialistak Patxi Lopez hautagaia buru dutela irabaztera atera dira kanpainaren hasieran. Lehendakaritzaren giltza Gipuzkoako 25 eserleku horietan erabakiko dela diote adituek. Lehia politiko erabakiorra, beraz, probintzia honetan.

Hauteskundeen atarian
EAJ-PNV. 2001ean Mayor Orejaren aurkako lehian goia jo eta gero, koalizioan galera izan zuten. Gipuzkoan, bereziki, lehen indarra izatea eta sozialistei aldea ateratzea beharrezkoa zaizkio lehendakaritza berme guztiekin eskuratzeko.
PSE-EE. Ibarretxeren mehatxurik handiena da, Gipuzkoan igoko da inkesta guztien arabera. Alderdien Legeak mesede egin diezaieke legebiltzarkide gehiago eskuratzeko jomuga horretan.
PP. Inkesten arabera jasoko luketen boto kopurua txikiagoa litzateke. Nolanahi ere, datu “legal” guztiak zenbatuta, hirugarren alderdia izateko hautagai nagusia da. Gehiengo osoa noren alde erabakitzeko adina indarrarekin, gainera. Alderdien Legearen ondorioetakoa da, politikan lortuko dutela gizartean ez duten eraginkortasuna izatea.
EA. Jeltzaleengandik bereizita, herritarrenganako irismen ahalmena erakusteko proba garrantzitsua. Erabakiorra alderdiaren etorkizunera begira. Bakarka joateko erabakiarekin, Gipuzkoako EAren baitan ikuspegi kontrajarriak sortu dira.
IU-EB. Botoetan igoera aurreikusten ez bada, Legebiltzarrerako eslerkua eskuratzeko aukera handiak dituzte.
Aralar. 2005ean estrainekoz aurkeztu ziren, legebiltzarkidea eskuratuz. Bigarren aldiz aurkezten dira, Gipuzkoan bigarren legebiltzarkidea eskuratzeko helburuarekin.
Ezker abertzalea. Legez kanpo utzi dute. EHAK alderdiak EHren lekukotza jaso zuen. Soka eten egin dute, D3M nahiz Askatasuna legez kanpo utziz. D3M alderdiak bere aldeko botoa baliatzeko dei egin du, estatistikari begira baliogabeen artean zenbatuko dena. Aiztondon korronte ideologiko nagusia legez kanpo dago.

ESKUALDEKO HAUTAGAIAK EUSKO LEGEBILTZARRERAKO
Beterri-Aiztondo eskualdetik, alderdi politiko ezberdinen baitan, hautagai ugari aurkeztu da Eusko Legebiltzarrerako, kasu askotan udaletxeetan zinegotzi lanetan dabiltzanak edo aurrez ibili direnak:

  • Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) izenean, Andoaingo Joseba Egibar, Amasa-Villabonako Bakartxo Tejeria, Asteasuko Luke Uribe-Etxebarria, Andoaingo Iñaki Egibar eta Zizurkilgo Mari Anjeles Lazkano, besteren artean.
  • Sozialisten artean (PSE-EE), Andoaingo Gema Zabaleta eta Jose Luis Vela.
  • Partidu Popularraren izenean (PP), Andoaingo Juan Carlos Cano eta Maria Asunción Guerra.
  • Ezker Batua Berdeak (EBB) talderen 18. lekuan, Sergio Barreiro andoaindarra.
  • Unión Progreso y Democracia (UPYD) alderdiko bi hautagai ere aurkeztu dira Andoaindik: Maria Estibaliz Garmendia eta Maria Pilar Ruiz.
  • Ezker abertzaleari baliogabetutako bi zerrenden artean ere bada Beterri-Aiztondoko herritarrik. Demokarizia 3.000.000 (D3M)ren baitan Zizurkilgo Juan Manuel Erasun eta Anartz Izagirre villabonatarra. Askatasunaren kasuan, berriz, Ander Goikoetxea eta Mikel Ayestaran villabonatarrak.
  • Eusko Alkartasuna (EA) eta Aralarren kasuan ez da eskualdeko hautagairik aurkeztu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!