Joxe Mari Olazabal, pobreen abokatua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 18a, 13:09

Herrigintzan nahiz lagun hurkoari emana, langile amorratua izan da gaztetandik Joxe Mari Olazabal. “Oso bizimodu lanpetua baina pozgarria izan dut”, azaldu du irribarretsu.

Saririk ez zenuela espero esan zenuen aipamena jaso ondorengo zure hizketaldian…
Ezta ezer ere, nik ez nuen inolako saririk espero. Hala ere, herritarrek eman zidaten eta gustura jaso nuen. Iñaki Arregi lagun eta koinataren eskutik jaso nuen oroigarria. Jaioz geroztik, Iñaki eta biok elkarren ondoan bizi izan gara beti: eskolan elkarrekin, JOC-en elkarrekin, zinegotzi elkarrekin, pilotan elkarrekin… Beti lotuta, oso lagunak gara.

Nola piztu zitzaizun 18 urterekin zer edo zertan hasteko gogoa?
Mundu honetara jaio gara eta zer egin behar dugu: lasai arraio bizi edo zerbait egin?, galdetu nion nire buruari. Garai hartan izugarrizko zortea izan genuen JOC ezagutzean. Guretzat eskola handia izan zen, ez bakarrik hezteko; lanerako gogoa ere muinetaraino sartu baitziguten. JOC-en baitan, Compromiso temporal-a munduko arazo guztiekin konprometitzea zen: politikan, kulturan, sindikalismoan, gizartean nahiz kirolean parte hartzea.

Zuk ez zenuen alorrik landu gabe utzi…
Kirolean esaterako, aurrena Euskalduna futbol taldeko tesorero, gero sekretario eta azkenik presidente izan nintzen zazpi urtean; inork ez zuen nahi eta. Zergatik kirola? Gure bileretan, Andoainen zerbaiten beharra zegoela ikusten genuen igande arratsetarako. Orduan ez zegoen dirurik eta bakoitzak bere herrian egiten genuen bizimodua. Andoaingo futbol taldea indartzea pentsatu genuen eta 60-61 denboraldian, talde umila genuen; Bixente Huitzi entrenatzaile ona zen eta txapeldun atera ginen, inork gugatik zentimorik emango ez zuenean. Historia guztian aurreneko aldiz, hirugarren mailara igo zen Euskalduna. Nik paperak txukun edukitzean soilik nuen meritua. Kirolean bezala, langileen mugimenduan lan handia egin genuen. Klandestinitatean aritu ginen. Greba askotan hartu genuen parte; ez greba zaleak ginelako, behartuta baizik. Serio hartzen genituen jarrera horiek. Behin izugarrizko grebak izan ziren Gipuzkoan eta gobernadore zibila etorritakoan, harrituta geratu omen zen, horrelako mugimendua nork bideratzen ote zuen galdezka. JOC eta HOAC-eko partaideak zirela jakin zuenean, zenbat milaka ote ginen galdetu zuen. 1000ra iristen ez ginela esan zioten. Guztira 500 izango ginen Gipuzkoa guztian.

Sindikalismoan buru-belarri. Herrigintzan ere aritu zinen udaletxeko zinegotzi  modura…
Ekonomia aldetik, langileak oso baldintza txarretan zeudela ikusten genuen eta borroka egin behar genuela zulo horretatik ateratzeko. Gure lana ongarri zela pentsatuz sartu ginen bai sindikalismoan nola udaletxean… Zazpi urtean izan nintzen zinegotzi, 1967tik 1971ra. Herrien zabalpena gertatzen ari zen, Andoainek 6000 biztanle soilik izango zituen orduan eta auzo berriak egin ziren, Obra sindical del hogar egitasmoaren barne 309 etxe eraikiz. Behar ikaragarria zegoen Andoainen bezala beste leku askotan.

Lan mutualitateen gaia bereziki gertutik jarraitu eta landu duzu…
1946 urtean sortu ziren lan mutualitateak. Orain beti hala izan direla iruditzen bazaigu ere, 46ra arte ez zegoen horrelakorik, Instituto Nacional de previsión besterik ez zegoen. Pentsioak oso txikiak ziren eta askok pentsiorik ere ez zuenez, 70 edo 75 urtera arte egiten zen lana. Instituto nacional de la Seguridad Social-ekin lan mutualitateak sortu zirenean, lagun batek lan ederra egin genezakeela esan zidan: langile batek zer zekik bada lege berri horien inguruan? Inpresoak bete behar eta ez dakite betetzen eta? Modu horretan hasi ginen eta zientoka kasu eraman dugu aurrera. Alargun zeudenak, jubilatu nahi eta zein pentsio egokituko zitzaien ez zekitenak, lan istripuak izandakoak, lan istripuetan senideren bat galdutakoak, gaixoak, seme-alabengandik diru-laguntzak jaso behar zituztenak… Etxean hartu eta bakoitzak bere egoera azaldu ondoren laguntzen saiatzen nintzen. Epaiketa bat baino gehiagotan ere izan naiz entzule gisa. 50eko hamarkadatik aurrera 2000 kasu dauzkat apuntatuta. (Ordenagailurik ez zen garaian, txukun apuntatu eta gordeta, alajaina!). Pazientzia pixka batekin egoerak azaltzea izan zen nire lana, ez sindikatukoek baino gehiago nekielako, patxaran hartzen nuelako baizik. Nire kabuz ikasi nuen guztia. Kasu errazak azkar egiten genituen baina zailak ere egokitzen ziren tarteka, konpontzeko urteak behar izaten zirenak. Horiek denak fabrikan bederatzi ordu lan egin eta gero egiten genituen etxean. Bitartean bestelako ardurak ere bagenituen. Oso lanpetuta bizi izan gara.

Egun nola ikusten duzu zuk jendearenganako erakutsi duzun elkartasuna?
Ni ez naiz bakarra, ezta gutxiago ere. Badira antzeko sentimendua duten pertsonak gaur egun ere. Gure garaian modu horretan hezi ginen, egun ez dakit gazte jendea gai horietan hain sentsibilizatuta ote dagoen. Hala ere, gaurko gazteek euren baloreak badituztela uste dut. Jakina, beste garai bat bizitzea egokitu zaie: gauza asko eginak bilatu dituzte, estudio aldetik zer esanik ez. Gu 12 urte betetzerako hasten ginen lanean. Gerora langileen eta pobreen alde egin genuen apustu.

Pobreen abokatu moduan ezagutzen zaitu askok Andoainen. Lotzen al duzu zure burua izen horrekin?
Bai, baina garrantzia handirik eman gabe. Extremadurako gizon batek jarri zidan izen hori. Geroztik jendea etxera etorri eta abokatuagatik galdetzean, argi uzten nuen beti ez nintzela abokatu.

Elizbarrutian jarraitzen duzu lanean oraindik ere, ezta?
Bai, bolondres bezala. Laster uztera banoa ere, oraindik ere Gotzaindegian postaz arduratzen naiz.

Berdintasunetik eta laguntasunetik, lagun hurkoa laguntzen saiatu zara…
Ondokoa laguntzen eta maitatzen ikasi genuen gaztetan eta, besteak beste, 50eko hamarkadan Andezarrateko gaixoei bisitak egiten genizkien Caritasen eta osasun pastoraltzaren baitan. Hilero joaten ginen, Asteasuko autobusa hartuta, pare bat ordurako. Han geundela, mesede bat eskatu zigun behin Eibarko gizon batek. Operatu egin behar zutela eta odola eskatu zigun, gertuan familiartekorik ez zuenez. Geroztik, Donostiara joaten ginen odola ematera, Andoainen zerbitzu hori jarri zuten arte. Gizakia Helburu egitasmoan ere parte hartu dut; hiru lagun eraman ditut bertara, drogetatik ateratzen laguntzeko.


36ko GERRA LEHEN PERTSONAN
36ko Gerra lehen pertsonan ezagutu zuen Olazabalek, bala batek zauritu ere egin zuen, “zortzi urte nituen gerra garaian baina, atzo izan balira bezalaxe gogoratzen ditut hemengo bonbardaketak. Aurreneko bonba gu bazkaltzen ari ginela bota zuten. Beste batean, frentea Buruntzan gelditu zen eta zortzi egunean izugarrizko borroka izan zen, hildako dezenterekin. Handik tiroak botatzen zituzten eta Eskola kalean jolasean genbiltzala, arkupetara bidali gintuzten amak eta amonak beldurtuta. Korrika hasi ginen eta arkupetara iritsi ginenerako hanka zeharo odoletan neukan. Nik ez nuen minik sentitu baina botikara eraman ninduten. Anekdota hutsa, kasualitate purua.  Gogorra izan zen gerra baina gogorragoa ondorena”.


OHOREZKO AIPAMEN BEREZIA, JOXE MARI OLAZABALENTZAT
Aurtengo Ohorezko aipamena, 1928 urtean Andoaingo Eskola kalean jaio zen Joxe Mari Olazabal Iñurritarentzat izan zen. Ibilbide luzea egin du herriari nahiz lagun hurkoari begira. Sei urte eskas zituela elizmutil hasi zen, eta elizari atxikiturik igaro du geroztik bere bizitza osoa. JOC erakundeko partaide izan zen gaztetatik (Juventudes Obreras Cristianas) eta ondoren HOAC-ekoa (Hermandad Obrera de Acción Católica). Alor ezberdinetako eginkizun ugari burutu zuen: Culto y clero deituriko diru-bilketak, JOC erakundean begirale, La Salle ikastetxean txangoen antolatzaile; hori guztia, pilota, mendia nahiz futbola baztertu gabe.

Aiurri aipamen berezietako Ohorezko aipamenaren helburua, urte luzeetako jardun eredugarria saritzea da, zenbaitetan bizitza oso batean buruturikoa. 

Hamabi urte beterik zituela Sapa enpresan pintxe moduan hasi zen lanean eta hantxe jardun zuen erosketa sailean, jubilatu zen arte. Gerra ondorenean, Caritasen buru-belarri sartu zen eta geroztik, ia 60 urtez eutsi dio lan horri, elkartasuna eta laguntza bideratzeko. 1950 urtean Euskalduna mendigoizale taldea sortu zuen beste lagun batzuekin batera eta urte mordo batean zuzendaritzan lanean aritu zen. 1957 urtean, elizaren baitan sortu eta suspertu zuen Gurasoen elkartea eta besteak beste, Andezarratera edo Donostiara herriko gaixoak bisitatzera joan-etorri ugari egin zuen. 1959tik 1962ra Euskalduna futbol taldeko lehendakari izan zen, urte haietan igo zelarik Euskalduna lehendabizikoz hirugarren mailara. Tercio de Representación Familiar deiturikoaren bitartez, Andoaingo udaletxean zinegotzi izatea lortu zuen beste hainbat lagunekin batera, herriaren eta herritarren alde lan egiteko zeuden aukera gutxiak bizkortzeko asmoz. Caudilloaren errejimenaren garai zailetan, hamaika bilera politiko eta sindikal klandestino antolatu zuen nondik nora jo behar zen eztabaidatzeko. La Algodonera Guipuzcoana lantegia ixteko asmoa azaldu zutenean, bitartekari ibili zen, fabrika itxi ez zezaten. Hori guztia gutxi balitz, Andoaingo Udala utzi eta gero, frankismoaren amaiera aldera sortu zen Auzolan elkartean ere ibili zen. Hainbat enpresa itxi eta langileak kalean jarri  ondorenean, diru-bilketak antolatu zituen. Elizaren barruan hitzaldi asko eskaini zuen…

Iraultza isila
Jon Unanuek batez ere ondorengo merezimenduak nabarmendu zituen aipamena eskaintzerakoan, “batez ere esan behar da 60 urte eman duzula lagun hurkoa laguntzen, baldintzarik gabe, zein etxetakoak, zein koloretakoak, zein arrazatakoak edo pentsakerakoak ziren begiratu gabe. Batez ere esan behar da herriko alargun askok  aholkua behar izan dutenean, jubilatu edo pentsionistei bideak ireki behar zitzaizkienean, langabetuei laguntza eman behar izan zaienean, horiek guztiek zuen etxeko atea bilatu dutela, han izan duzula horiek guztiak laguntzeko bulegoa”. Pobreen abokatu modura ezagun denak, txalo zaparrada artean jaso zuen oroigarria bere lagun Iñaki Arregi Morazaren eskutik. Esker oneko hitzaldia hunkigarria eskaini zuen jarraian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!