Asteasuko ur horniduraren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 18a, 13:04

Azken eurite handien eraginez, edateko ura zikindu egin zen. Horren ondorioz, iturriko ura ez edateko gomendioa zabaldu zen udaletxetik. Otsailaren 13a bitarte luzatu zen arazoa.

Elizmendin dago Asteasuko ur depositu nagusia. 460.000 litro ur biltzen ditu, bi ontzi handietan banatuta. Migel Mari Izagirre herri langileak eman ditu azalpen nagusiak, Iñaki Amenabar alkatearekin batera: “Elizmendira, herrigunera eta industrigunera iristen da depositu nagusiko ura. Goibailaran, 84.000 litroko edukiera duen beste depositu bat dago, baserrietako beharrei erantzuteko. Deposituetako urari kloro tratamendua egiten zaio. Litro kopuruaren arabera egiten da hori, dosifikagailu bidez. Berrehun litroko edukiera duen ontzian, hirurogei litro kloro botatzen dira eta gainerakoa urez betetzen da. Aldian behin, ontzi horretako ur eta kloro nahasketa ur depositu nagusira erortzen da. Ur emariaren eta kalitatearen arabera zehaztu behar izaten da depositura zenbat kloro nahasten utzi. Normalean, hirurogei litro klorok hamaika bat egun irauten du, baina aldakorra izaten da. Euriteen ondorioz ura zikinago etorri den egun horietan kloro gehiago nahastu diogu, bere onera etor zedin”.

Ur ez edangarria, hamar egunez
Negu honetako euriteen ondorioz, zikinkeria sartu zen Asteasuko ur sarean. “Eusko Jaurlaritzak egindako analisietan herrigunean banatzen zen ura zikina zegoela ondorioztatu zen eta ez edateko gomendioa zabaldu beharra izan zen. Goibailaran ez da inolako arazorik izan. Herriko ur sarean behi pixa sartu dela zabaldu da herrian, baina ez da egia. Urak lokatza zekarren, baina materia organikorik ez. Egiten diren analisietan gauza asko begiratzen zaizkio urari eta Asteasuko emaitzetan, ez zen ageri pixa arrastorik. Euriteen ondorioz ur mugimendu handiak izan dira eta horrek eragin du zikintasun hori. Herri askotan gertatu da antzeko zerbait. Oso zaila da jakitea zikinkeria hori non nahastu den urarekin. Euri asko egin du eta hoditeriaren edozein puntutan sartu ahal izan da lokatz hori. Otsailaren 13an jakinarazi ziguten berriro edateko moduan zegoela ura”, azaldu dute Iñakik eta Migel Marik. “Ur mozketaren bat egin ondoren berriro ura hodietan barrena hasten denean antzeko zerbait gertatzen da. Uraren mugimenduak zikinkeria pixka bat nahastarazten dio urari”, gaineratu du Migel Marik.
Astean bi edo hiru aldiz joaten da Migel Mari ur deposituei begiratua egitera: “Lehorte garaian askoz ere gehiago begiratu behar zaio kloro kopuruari eta ur deposituari berari. Deposituko ur kopurua asko jaisten bada, kosta egiten da berriro betetzen, horregatik saiatu behar da beti ur kantitate beretsuan mantentzen. Eguraldi lehorra denean, egunean bi eta hiru aldiz joaten naiz depositua begiratzera, badaezpada. Gainerantzean, astean bi edo hiru aldiz joatearekin nahikoa izaten da. Astelehenero eta ostiralero han izaten naiz, eta beste egunen batean ere joaten naiz askotan”, azaldu du Migel Marik.

Uraren kalitatea, aztergai
Noizean behin garbitu egiten dituzte ur deposituak: “Ura deposituetan sartu aurretik filtroetatik pasatzen denez, ez dira asko zikintzen, baina noizean behin garbitu egin behar izaten dira. Horregatik, depositu guztiak bitan banatuta izaten dira. Alde bat hustu eta garbitzen den bitartean, beste aldeak ur hornidura bermatzen du”.
Urtean sei aldiz hurbiltzen dira Elizmendiko depositura Eusko Jaurlaritzatik, uraren egoera aztertzeko: “Deposituan dagoen ura hartzen dute aztertzeko, urtean sei edo zazpi aldiz. Herrian bertan, maizago egiten dira azterketak, saretik ura hartuz, etxeetara zein egoeratan iristen den jakiteko. Kloro kantitateak kopuru batzuen artekoa izan behar du eta kontuz ibili behar da horrekin”, dio Migel Marik.  

Uraren ibilbidea
Asteasuko etxeetan banatzen den uraren jatorria zein den azaldu du Migel Mari Izagirrek: “Ibiyako Itturbeltz eta Mandaska iturrietako ura erabiltzen da herrian. Itturribeltzen sortzen den ura polietilenozko hodietan barrena iristen da Elizmendiko depositura. Mandaskako urak depositora bitarte egiten duen bidean berriz, uralitazko hodiak daude puska batean, nahiz eta depositu inguruko azken bi kilometroetako hodiak dagoeneko polietilenozkoak diren. Filtro batetik pasatzen da ur hori depositura sartu aurretik eta deposituaren irteeran ere, kontadorea dagoen tokian, beste filtro bat dago”. “Lehorte garaietarako Opinen ere badugu depositu bat. Bi iturrietako ura biltzen da hara, bonba bidez. Duela lauzpabost urteko udan, erabat martxan izan genuen ur bonba”, gaineratu du.
Ibiurko urak iritsiko dira laster Asteasura. Horrela azaldu du Iñaki Amenabarrek: “Beti ezagutu dugun deposituaren ondoan egin zen berria. Kanalizazioa ere eginda dago. Orain, Ibiur bete eta martxan jartzea besterik ez da falta. Hori udan egingo dela espero dugu. Horrela, arazo gutxiago izango da ur horniduran, urte guztian egonkortasun handiagoa izango delako. Bestalde, Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren ziklo osoan sartzea ere pentsatzen ari gara. Kontsumorako ura etxeetara banatu eta ur zikinen tratamendua egiteaz arduratuko litzateke kontsortzioa. Hori guztia martxan jartzeko azpiegiturak prest ditugu herrian”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!