Udal aurrekontuak, iazkoaren parekoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 18a, 12:45

Remi Ayestaran eta Hautsi Izagirre Udal zinegotziek 2009ko Udal aurrekontuen harira, aurtengorako dituzten egitasmo potoloenen berri eman dute. 

Aurreko urtekoarekin alderatuta, arloz arlo, murrizketa jasan duen batzorde bakarra kultura izan da. “Iaz aurrekontuak aurkeztu genituenean kulturaren aldeko apustua egingo genuela esan genuen eta aurten, zertxobait murriztea erabaki dugu; zinemako film proiekzioei begira soilik. Joxi Alonso zinemako arduradunarekin bilduta, urteko balantzea egin ondoren, zinema urtean sei hilabetez irekitzea nahikoa dela ohartu gara, udazken-negu partean, urritik martxora bitarte”, adierazi dute zinegotziek. Gainerakoan, antzerki nahiz bestelako kultur eskaintzarekin aurrera jarraituko dute. Kultur batzordeko diru jaitsiera, filmak gutxitzetik etorriko da, beraz.
Bestalde, egungo krisi egoerari erreparatuta, Gizarte Zerbitzuen batzordea indartu egin dute, emergentzia sozialetik eskaera gehiago dagoela aurreikusita. Euskara eta Hezkuntza batzordeak ere iaz baino partida handixeagoa izango du. “Bi egitasmo interesgarri bideratzeko asmoa dugu aurten: batetik, toponimiari buruzko azterketa egingo da; ea behingoz herriaren izena ondo zehaztea lortzen den eta, bestetik, herriari buruzko unitate didaktikoa ere osatuko da; gazteek herriko historia eta ezaugarriak ikas ditzaten. Ikastetxeei ondo iruditu zaie gaia bertan lantzeko aukera”.

Gazte lekua helburu
Gazteria batzordea abian da eta 2009ari begira duten egitasmorik potoloena Gazte lekua martxan jartzea da. “Gure asmoa abenduan zerbitzu hori eskaintzea da. Horretarako, bi prozedura ezberdin landuko dira paraleloan: Katea etxea Gazte leku bihurtzeko obra batetik, eta, 12-17 urte bitarteko gazteekin prozesu parte hartzailea garatzea bestetik, non beraiek esango duten nolako Gazte lekua nahi duten, antolatuko diren moduaren arabera”. Subijanako ur depositu zaharra edo aljibea berritzeko lanekin ere aurten hasiko dira, “erakusketa gela izango da, agian eszenatoki txiki bat ere izango du emanaldietarako. Herritarrek behar dutenean erabiltzeko balio anitzeko gela egokitu nahi da bertan”. Kiroldegian berrikuntzak egitea ere aurreikusi dute, “hamar urte ditu kiroldegiak eta itoginak konpontzeaz gain, egoera onegian ez dagoenez, kantxako pista ere egokitu egin behar da”. Bestelako egitasmoen artean, Villabona eta Zizurkilen artean pasabide berria jarriko da aurten, Izartu egitasmoaren barruan. Santiago egoitzan ere berrikuntzak egingo dira, zazpi gela berri nahiz sute arriskuei aurre egiteko baldintza egokiak jarriz. Jubilatuen egoitzari begira, proiektua egiteko asmoa dute.

Jolas-parkeak eta argiteria
Herriko jolas-parkeak berritzeko asmoa ere badute. “Guraso asko kexatzen da eta arrazoi dute: jolas-parkeak nahiko egoera txarrean daude. Parke asko dago herrian eta guztiak araututa berritzeak 100.000 euro baino gehiago eskatuko luke. Dena batera egitea ezinezkoa denez, gure asmoa urtero diru pixka bat jarri eta pixkanaka parke guztiak berritzen joatea da. Aurten 20.000 euro jarri ditugu horretarako”. Gauza bera argiteriarekin ere, “herriko farolak zaharkituta daude eta urtero dirua jarriz, pixkanaka argiteria berritzeko asmoa dugu”.

Parte hartzea bultzatu
Udaleko kideentzat aurrekontuak egitea ez da nahi bezain erraza, “gauza piloa egiteko gogoa eta ilusioa izan arren, nahi duzun horren laurdena egiteko dirurik ez dagoela konturatzen zara. Mugatuta zaude, beraz. Bestalde, herritarrek gero eta zerbitzu gehiago nahi dute eta guk eman egin nahi ditugu, baina egun, Udalek daukaten finantziazio moduarekin ezinezkoa da, eta gutxiago, Villabonak dituen diru-sarrera eskasekin”. Udalean lanean ari diren azken urteetan gauza asko ikasi dutela adierazi dute bi zinegotziek. “Denboraz larri ibiltzen gara eta lotura handia eskatzen du baina, lan polita da eta gustura gaude. Ezezkoak ematea asko kostatzen zaigu baina, erremediorik gabe eman egin behar dira”. Herritarrei deia ere luzatu diete, “askotan guk hemendik ez ditugu gauza asko ikusten eta herritarrei edozein zalantza edo proposamen badute, gugana edo Udal bulegoetara etortzeko deia egiten diegu. Prest gaude proposamen guztiak aztertzeko eta baita beraiekin biltzeko ere. Polita litzateke herritarren parte hartzea piztea”. Besteak beste herritarren iritziak biltzea oso aberasgarria dela diote, “2008 urte bukaeran herritar guztien artean galdeketa egin genuen herrian ikusten zituzten hutsuneen inguruan. Hortik ateratako emaitzak aztertu eta erantzuteak urtebete baino gehiagoko lana eskatzen duenez, aurten ez dugu galdeketarik egingo urte bukaera arte”.

2009-ko udal aurrekontua
2009ko Udal aurrekontua 7.061.102 eurokoa izango da, iazkoaren oso parekoa. Kontzeptuka edo batzordeka banatuta:
  • Zor publikoa: 473.644 €
  • Udal gobernua: 141.256 €
  • Bulegoak: 844.136 €
  • Zerbitzuak: 1.248.500 €
  • Udaltzaingoa: 367.599 €
  • Gizarte zerbitzuak: 941.969 €
  • Euskara eta hezkuntza: 740.092 €
  • Hirigintza: 656.977 €
  • Kultura: 819.427 €
  • Kirola eta gazteria: 648.672 €
  • Ingurumena: 178.828 €

Madrilgo diru-laguntza
Madrilgo gobernuak krisi egoerari aurre egiteko eskainitako diru-laguntzak direla eta, Villabonako Udalak laguntza hori eskatu egin duela adierazi dute. “oraindik ez dakigu emango diguten edo ez baina, diru horrekin, azken urteetan Santio jaietan sokamuturra egiten den zelaian lur-azpiko aparkalekuak egiteko asmoa dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!