Pilotalekua eta opera, eskutik lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 18a, 12:39

EITBk eskaintzen dituen pilota partidetan artekari lanean aritzen da. Opera agentea ere bada, afizioa eta ofizioa uztartuta.

Nolatan hasi zinen pilota artekari modura lanean?
Gaztetan esku pilotan ibiltzen nintzen baina, eskuko mina izaten nuen eta handik erremontera pasatu nintzen. Erremontea ikasten nenbilela artekarien mundua gustatu zitzaidan eta lan horretan hasteko aukera banuela ikusita, erremontea utzi eta duela 37 urte artekari lanari ekin nion. Iruñeako Euskal Jai pilotaleku zaharrean hasi nintzen. 2000. urtean eskuzko pilotalekuetara igaro ondoren, geroztik eskuzko frontoietan nabil; azken urte hauetan Aspe enpresarekin. Oso lan polita da.

Azal iezaguzu zein den zuen egitekoa…
Gu bitartekariak gara, herriko gizonak. Norbaitek gorri edo urdin jolastu nahi diat esaten digunean, zer nahi duen abesten hasten gara eta beste norbaitek ba erantzutean, txartela egiten dugu. Bakoitzari bere koloreko txartela egiten diogu eta partida bukatzean, galtzaileak ordaindu eta irabazleak jaso egiten du dirua. Lan dinamikoa da eta azkar aritu behar, tantoak jokatzen ari diren bitartean egiten baitira apustuak.
Dirua ez da beti parean jokatzen. Batzuei gainetik jokatzea gustatzen zaie, aurretik doanaren bentajarekin alegia. Horiek gehiago arriskatzen dute, gutxiago irabazi arren. Beste batzuek nahiago dute azpitik jokatu: atzetik doazelako diru gutxiago jokatu eta gehiago irabazi. Batzuetan partidak buelta ematen du, baina ez beti.

Kantxari bizkarra emanda, pilotalekuan partida gutxi ikusiko duzue zuek!
Guretzat atzean ez dago txartelik, aurrean izaten da lana. Zortzi bat artekari aritzen gara lanean. Batzuetan soberan izaten gara eta beste batzuetan faltan, sekula ez da jakiten partidak nola joango diren.

Giroa berotzen adituak zarete…
Artekaririk gabeko pilota partida profesionala, perrexilik gabeko saltsa berdearen parekoa da. Pilotalekuan gu gara saltsako perrexila. Pilotariek beraiek askotan esaten dute artekari eta ikusleen arteko hotsik aditzen ez dutenean, faltan botatzen dutela. Jendea frontoian altxa eta txaloka hasten denean, berotasun handiagoa izaten da.

Asko jokatzen al da pilotalekuan?
Frontoian denek ez dute jokatzen; batzuk partida ikustera soilik joaten dira. Tabernetan jarri dituzten apustu makinetan gazte jendea ere hasi da pixka bat jokatzen. Guretzat hori ez da txarra, diru pixka bat dutenean frontoira joango baitira, pilotariak nahiz frontoiko giroa ezagutzera. Azken boladan gazte jende asko gerturatzen da frontoira, baina gazterik etortzen ez zen urteak ere izan dira.

Ikusleen aldetik indartsu, beraz…
Azken urte hauetan indartu egin dira frontoiak ikusle aldetik, ez ordea jokoari begira; horretara ere iritsi da krisia. Jakin nahi nukeen arren, ez dakit zenbat denbora iraungo duen. Binakako txapelketan bete-betean gabiltza orain eta izugarrizko ikusle piloa dabil.
Frontoira joateko ohitura bukatzen ari dela entzuten ari naiz aspaldiko urte hauetan. Telebistak eragin handia izan du horretan, etxetik oso ondo ikusten baitira partidak. Adineko jendearentzat erosoagoa da baina, zorionez, gazte jende asko etortzen da oraindik frontoira.

Opera agente ere bazara. Nondik nora hasi zinen?
Gaztetandik musika zalea izan naiz, abeslariena batez ere. Afizio handia daukat. Duela hogei urte inguru Iruñean mutil gazte poloniar bat ezagutu nuen. Julian Gayarre txapelketara etorri zen eta irabazi egin zuen. Handik Bilboko txapelketara joateko esan nion eta han ere irabazi egin zuen. Hemen ez zuen inor ezagutzen, ez zeukan laguntzeko inor eta berarekin hasi nintzen. Oso abeslari ona da, asko abestu du hemen: Bilbon, Donostian, Iruñean… Bere lan guztia nik bideratzen dut orain. Harekin hasi eta momentu honetan 22 abeslari dauzkat nire kontura, baita beste bost musika zuzendari ere. Opera agentzia daukat.

OperaZigor, ez al da hala?
Izena oso kuriosoa da; emazteari galdetu zioten behin opera gustatzen ote zitzaion eta hark opera zigorra bezala zeukala etxean erantzun zien. Egia esan, emazteari ere gustatzen zaio opera, baina nirea gaixotasun modukoa da. Gertaera horren ondorioz, izen horixe hartu nuen. Era berean, euskaraz idatzitako Zigor opera ere bada, Escudero maisuarena.

Zein da zure lana opera agente modura?
Antzokietako zuzendariek obra zehatz bat abesteko abeslariak eskatuz deitzen didate. Planifikazioa nola dagoen begiratu eta aukera dagoenean, kontaktua egiten dugu. Urte batzuetan neronek antolatu izan ditut kontzertuak, beste batzuetan jende gaztea nola dabilen ikusteko masterrak ere jarri ditut abian. Oraintxe egin berri dugu horietako bat. Inguruan ere baditugu opera munduan dabiltzan kantari gazteak: Nerea Badiola Zizurkilgo alaba eta Barbe Villabonakoa. Garai batean ezingo nukeen pentsatu Zizurkilen edo Villabonan opera kantaririk izango zenik.

Lan ederra bezain lotua izango da…
Sakrifizio handia eskatzen du lan honek. Hartu autoa edo hegazkina eta antzoki batetik bestera ibili beharra dago. Osasuna daukazun bitartean egiteko lana da. Aldamenean, Frantzian, Ingalaterran, Portugalen, Italian eta Polonian ibiltzen naiz gehien. Italiarrez hitz egiten dut baina gutxi ingelesez eta frantsesez, batere ez portugesez. Azken urteetan, beste lurraldeetako agenteekin batera sozietatea osatu dugu eta abeslariak trukatzen ditugu. Egun harreman zuzena Polonian eta Portugalen egiten dut.

Artekari moduan edo opera agente, beti jende artean…
Bai, hori egia da. Baina opera niretzat botika bezalakoa da. Autoan sartzean nahiz etxean nagoenean opera jartzen dut beti. Zoragarria da niretzat.

Zein erantzun dauka operak gure artean?
Bilbon lan handia egiten ari dira Abaoko antolatzaileak. Oso jende famatua ekartzen dute eta ikusle asko gerturatzen da. Zoritxarrez, sarrerak garesti samarrak izaten dira baino, laguntzak emanda, ea orain arte bezala ikusle kopuruari eustea lortzen den. Gazte jendea ere geroz eta gehiago arduratzen da eta gogo handia dago opera entzun eta ikusteko. Garai batean gutxi batzuentzat bakarrik zen opera baina, orain ez. Orain opera jende guztiak entzuten du eta horretan asko lagundu dute Placido Domingo edo Luciano Pavarottiren diskoek, besteak beste.

Zure opera piezarik gustukoena aipatuko al zenuke?
Bai horixe, dudarik gabe, Giuseppe Verdiren Rigoletto. Eta bereziki, Rigoletto pertsonaia. Hiru ordu baino gehiagoz hitz egin nezake Rigolettoz. Verdik obra asko dauzka baina, zoragarriena hori da niretzat.

Eta abeslari gogokoena?
Ezagutu dudan artistarik handiena, ahotsez eta musikari bezala, Plácido Domingo da. Dena abestu du. Une honetantxe daukan adinarekin eta egin duen karrerarekin, sinestezina da ahots hori izatea. Handienetako bat dela uste dut artista bezala, baina ez ahotsik politenen artean. Oraintxe Juan Diego Flores peruarra da nire ustez ahotsik ederrena duena. Haatik, guk ere badugu Euskal Herrian Ainhoa Arteta; ahots ederra dauka eta soprano liriko bezala oso garrantzitsua da egun. Aurretik ere asko izan dira. Teknika aldetik: Alfredo Kraus. Ahots politaren aldetik, Luciano Pavarotti, Jose Carreras… Hala ere, operan ahots polita izateak bakarrik ez du garrantzia; operak asko baitauka artistikotik. Ahotsik politena eta onena izan ez arren, izugarrizko teknika eta indarra du Carlo Bergonzik. Zorionez lagunak gara. Ni operan sartu izanaren erru guztia berak du. Gaztetan entzun nuenean izugarri gustatu zitzaidan. Opera abeslari batzuei ez zaie ondo ulertzen zer esaten duten. Honek izugarri ondo ahoskatzen du, ileak puntan jartzeraino.

Eta zuk, ez al duzu abesten?
Nik frontoian bakarrik abesten dut. Gure garaian ez zen solfeorik ikasteko modurik izan. Zizurkilen solfeoa zekien gizon bat bazen baina, orduan ez zen ez kontserbatorio eta ez eskolarik. Maistra batek erakutsita, orain ezagutzen dut abesteko teknika eta pilota partidetan asko laguntzen dit horrek; bereziki, partidak luzatzen direnean. Partidetan teknika txarra erabiltzen denean, eztarriak kaltetuta bukatzen du. Eztarritik kanpora abesten du askok, nik sabelaren barrutik abesten dut. Ahotsa txikia izanagatik, luzeago joaten da modu horretan. Garrantzitsua da tonu berari eustea ere.

ZIZURREN BIZI DEN ZIZURKILDARRA
Pagamuño auzoko etxe txiki batean jaio nintzen. Zizurkilen jaio eta zizurkildarra sentitzen naiz, horretan ez izan dudarik. Asko maite dut nire herria eta ahal dudan guztietan, oso pozik etortzen naiz. Hemen ditut lagunak eta baita familia ere. Zoritxarrez, ezin izaten dut askotan etorri eta, etortzen naizenetan, herriari nola kontu egiten dioten begiratzen dut. Jaioterriak tira egiten du beti, niri bai behintzat. Herrira etortzean lagunekin elkartu eta elkarrekin otordu txiki bat egitea gustatzen zait. Lagunak ez dira galdu behar.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!