Ezinduentzako kirolak ezagutuz

Paralinpiar jokoak izan dituzte aztergai Adunako herri eskolako haurrek. 

Hiru hilabetetako lan sakonaren barnean, Sara Carracelas eta Richard Oribe kirolarien bisita ere jaso zuten haurrek.
Bigarren eta hirugarren mailako haurrek landu dute paralinpiaden gaia. Horrela azaldu du Alaitz Guridi irakasleak: “Hizkuntza ikasgaiaren barnean, azalpen testuak lantzeko modu egokia delako jarri zen martxan ekimena. Haurrek proposatu zuten paralinpiaden gaia aztertzea eta horretan hasi ginen. Hiru hilabetetako lana izan da, eta asko ikasteaz gain, ezintasunen aurrean kontzientziatzeko ere balio izan du”.
Aitor Zabala, Joxeba Belamendia, Imanol Olasagasti, Aizpea Velasco, Jone Oiartzun eta Ander Ezeiza gelakideek egin dute paralinpiaden inguruko lana. Horretarako, banatu egin zituzten eginbeharrak. Olinpiar jokoen inguruko informazioa, paralinpiadek emandako pausoak, garun paralisiaren inguruko datuak, eta nola ez, Sara Carracelas eta Richard Oribe euskal kirolarien ibilbidea aztertu zituzten.
Internet bidez egin dute informazio bilketa handiena: “Zaila izan da, informazio asko zegoelako eta lan handia izan genuen. Joku olinpikoak noiz hasi ziren, nolakoak diren...”, dio Josebak. “Paralinpiaden inguruan, jakin genuen, ezintasunen bat dutenei bideratutako jokoak direla eta kirol froga ezberdinak dituztela. Esaterako, golball izeneko jokoa ezagutu genuen. Itsuentzat  eta oso gutxi ikusten dutenentzako kirola da. Zintzarriz betetako baloia eskuekin botatzen dute, lurra ukituz beti. Bederatzi metroko zabalera duen atean sartzea da helburua. Guk joko horretan aritzeko froga egin genuen eta ez da batere erraza”, azaldu du Imanolek.
Apirilean, ezinduentzat beste kirol askotan aritzeko aukera izango dute Adunako eskolakoek, izan ere, Kutxa Fundazioaren bidez, kirol horiek ezagutzeko ekimena hurbilduko baita herrira.

Carracelas eta Oribe, gonbidatu
Garun paralisiaren inguruko lana egin zuen Aizpea Velascok: “Garun paralisiaren inguruko informazioa begiratzen ari ginela ikusi genituen Sara Carracelas eta Richard Oribe. Orduan jakin genuen bi euskaldun horiek domina asko zituztela”. Beraien inguruan gehiago jakiteko gogoa piztu zitzaien eta hori Jone Oiartzun eta Ander Ezeizaren ardura izan zen: “Richard munduko onena dela ikusi genuen, seiehun domina irabazi ditu”.
Eskolara hurbiltzeko gonbidapena luzatu zieten ikasleek bi kirolariei: “Berehala eman zuten baiezkoa. Sara abenduan etorri zen eta Richard oso lanpetuta zebilenez, otsailean etorri zen”, azaldu du Aitorrek. “Richard bere entrenatzailearekin etorri zen, Javier Aymerich-ekin. Asko ikasi genuen. Ez genuen uste bi kirolariak hemen izatera iritsiko ginenik eta pozik hartu genituen. Garun paralisia dutenek arraro hitz egiten dutelako, ez dugu pentsatu behar tuntunak direnik, edota kalean ondo ibiltzen ez direlako, beste ezer egiterik ez dutenik. Hori esan ziguten biek”, azaldu dute gelakideek. “Beste gauza bat ere esan ziguten, kirol paralinpikoetako entrenamenduak, beste edozein kiroletakoak bezain gogorrak direla. Richardek zortzi ordu pasatzen zituen uretan Beijingeko jokoak prestatzen ari zen garaian”, gaineratu dute.

Opari eta guzti
Eskolako haur eta irakasle guztiak bildu ziren kirolariekin: “Opariak egin genizkien. Sarari lore sorta eta lepoko bat oparitu genizkion, pitxiak asko gustatzen zaizkiolako eta Richardi lore sorta, bonboiak eta jertse bat. Gu baino zaharragoek, bertsoak abestu zizkieten. Haiek dominak ekarri zituzten guk ikusteko eta Richardek, berak egindako egutegi bat oparitu zigun. Asko gustatzen zaio ordenagailuarekin ibiltzea eta berak egindako egutegia ekarri zuen. Sara Carracelas, bestalde, informatikaria da lanbidez. Elkar ondo ezagutzen dutela esan ziguten, askotan elkarrekin entrenatzen dutelako. Richard hitz egiten ikasten ari da. Garun paralisiak entzumena kaltetu zion eta duela lau urte hobeto entzuteko aparatua jarri zioten ebakuntza eginda. Orain hitz egiten ikasten ari da eta asko hobetu du lau urtetan”, azaldu dute bigarren eta hirugarren mailakoek.
Datuak eta informazioa barneratzeaz gain, ezintasunaren eta kirolaren inguruko ikasgai ederra jaso dute Adunako haurrek. Zorionak!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!