Euskalduna Andoain, areto futboleko 3.mailako taldea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 12a, 13:28

Gipuzkoako areto futboleko seniorren hirugarren mailan jokatzen ari da Euskaldunako bigarren taldea. Adinari begira oso gaztea da, Nacional B mailakoen zerbitzura egoteko sortu dena. Ordea, denboraldia aurrera doan heinean sailkapeneko gaikaldean daude, udaberrian hasiko den igoera fasean aritzeko postuetan.

Sailkapenaren gaikaldean zaudete. Estatistikak zuen alde daude, ezta?
Guillermo Miguel: Bai, hamar partida irabazi ditugu eta beste bat berdinketarekin amaitu zen. Hiru partida galdu ditugu. Gol gehien sartzen dugun bigarren taldea gara, eta gutxien jaso duguna.

Taldearen estreinaldian hori guztia?
G.M.: Iaz, jubenil mailako taldea atera genuen. Eta, aurten, lehen taldeari laguntzeko bigarren taldea sortzea erabaki genuen.

Debuta, beraz, ezin hobea...
G.M.: Nik ez nuen uste hain ondo ibiliko ginenik.

Jon Iraola: Senior mailan aritzeko, gainera, gure taldea oso gaztea da. Adinari erreparatuta, gurea gazteenetarikoa izango da.

Denboraldiaren hasieran eta orain helburu berdinari eusten diozue?
G.M.: Denboraldi hasieran gure helburu nagusia ahalik eta garaipen gehien eskuratzea zen. Baina asteak eta hilabeteak igaro dira eta bigarren itzuliaren hasieran liderraren puntu kopuru berdinaren jabe gara. Orain, burutik pasa zaiguna hauxe da: Ligan lehen lau postuetan amaitzea igoera fasea jokatu ahal izateko. Gure borroka hori da orain.

Zenbakiak eta guzti egin al dituzue?
G.M.: Bosgarrenari dagoeneko sei puntuko aldea ateratzen diogu. Ametsa litzateke igoera fasean sartzea. Ziurrenik, igoerako fasea partida bakarrera  izango da.

Zuen arrakasta azaltzeko adieraz ezazue erakusten duzuen jokoa.
G.M.: Atzean serio aritzea oso garrantzitsua da. Kontraerasoa gure aldeko bilakatzen ari da. Erasoan ondo moldatzen diren jokalari dezente ditugu. Teknika handikoak dira, erasoa jotzen dutenean gol asko sartzen duten ziurtasuna badaukagu. Aurten ere, urrutitik egindako jaurtiketa indartsu asko baliatu ditugu.

Hain gazte izanik, aurkariak saiatuko dira zuen abiadura mozten...
G.M.: Gu baino askoz helduagoak diren aurkarien aldetik egur dezente jasotzen ari gara. Ez dakit adina den, baina hori nabaritzen dugu.

J.I.: Markagailuan aurretik jarri eta berehala oldartzen zaizkigu aurkariak.

Ligako sailkapenean hain goian egotean gogotsu etorriko zaizkizue jokalariak entrenatzera.
G.M.: Talde ona osatu dugu aurten. Gazteen artean eta helduagoen artean giro ona dago. Eta horrela entrenamenduak hobeak izaten ari dira.

Lehen taldearen esanetara bazaudete, kalterako izan daiteke kasu batzuetan.
J.I.: Lehen taldearen esanetara gaudenez, gertatu zaigu jokalariren bat atezain postuan jarri behar izatea.

G.M.: Jakin badakigu gurea Nacional B mailan dabilenari laguntzeko dagoela. Haien harrobi lana egiten ari gara. Lesioak badira, gure jokalarien bila datoz. Horretarako gaude. Eta zenbaitetan egoera xelebreak bizi izan ditugu, atezainik gabe joatearena bezala. Baina hori argi dago denboraldi hasieratik.

Zuena bezalako maila apaletan ere estrategia garrantzitsua al da?
G.M.: Bai, zalantzarik gabe. Maila oso apala da, baina landutako jokaldiei esker golak sar ditzakegu. Estrategiako jokaldiak, defentsakoak nahiz erasokoak, ahalik eta gehien lantzen ditugu entrenamenduetan.

Espero ez zenuten une gozoa bizitzen ari zarete beraz...
G.M.: Bai. Nik ez nuen uste horren goian ibiliko ginenik.

J.I.: Jatorri ezberdina zuten jokalariekin osatu dugu taldea. Bestetik, nagusiekin batera talde polita osatu dugu eta haien esperientzia oso baliagarri egiten ari zaigu guri.

G.M.: Bi taldeen artean dagoen giro ona aipatu behar da, bai. Helduenak gainera gazteak laguntzeko joera erakusten ari dira etengabe.

Lehen taldea nola ikusten duzue?
G.M.: Mailari eutsiko diotelakoan nago. Kategoria oso zaila da, eta lehengoan erakustaldia eman zuten etxean. Hor dago gakoa, etxeko partidatan.

Eta zuena aste gutxi barru?
G.M.: Eskatzen hasita, igoera fasea jokatzeko sailkatzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!