Angel Agirrezabal, in memoriam

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 12a, 13:25

Euskaldunak inoiz izan duen jokalaririk onenetakoa hil zen urtarrilaren 26an. 69 urte zituen eta emazte eta hiru seme-alaba zituen. Bere omenez minutuko isilunea gorde zen Euskaldunak Real Unionen aurka pasa den astean jokatu zuen partidan.

Angel Agirrezabal Zelarain Txili-k 50 eta 60ko hamarkadatan jokatu zuen. Zortzi urtez hirugarren mailan jokatu zuen Euskalduna talde gogoangarri hartako jokalaria izan zen, hain zuzen ere. Hirugarren mailarako txartela eman zuen Ilintxaren kontrako garaipen mitikoan parte hartu zuen Angelek, 1961eko otsailean.
Maiz taldeko kapitaina izan zen, planta eta indar handiko jokalaria izateaz gain nortasun handiko pertsona baitzen. Erdilari punta bezala aritzen zen normalki; atzelariei eta aurrelariei laguntzea zuen misioa. Gogoan izan zein zen futbolean orduan erabiltzen zen eskema zaharra: defentsan bi, erdian hiru eta aurrean bost jokalari izaten ziren.
Agirrezabalarekin batera aritutako Andoaingo jokalari askok egin zuten jauzi talde handietara, garai beretsuan. Korkuera Errealera, Artola anaiak Alaves, Erreala eta Bartzelonara. Lasa Athleticera, Arrieta Santanderrera… Berak ere bazuen goi mailako taldeetara joateko lain kalitatea. Baina arrazoi bat edo beste zela medio, ez zen beste inora joan. Euskaldunan jokatu zuen beti.
Futbolerako grina berarekin mantendu zuen beti, zelaiko botak zintzilikatu eta gero ere. Horren adibide da Euskaldunako lehendakaria izatea zenbait urtetan.

MINUTUKO ISILUNEA BERE OMENEZ
Urtarrilaren 31n Allurralden Euskaldunako Erregional mailako taldeko jokalariek eta Allurraldeko zaletuek Real Union taldearen aurkako partidan minutuko isilunearekin omenaldi xumea eskaini zioten Angel Agirrezabal Zelaraini.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!