Garai bateko lekukotza biltzen duen argitalpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 12a, 13:25

Aitor Arregi Roldanen (1960-1994) argazkiekin liburua eta CDa argitaratu du Andoaingo Gaztetxeak. Makina bat kontzertu antolatu zen Zumea kaleko gaztetxe zaharrean 80-90 hamarkadatan, eta ia guztietan atera zituen irudiak Arregik, lekukotza historiko aberatsa utziz. Liburua-CDa salgai dago zenbait liburudenda eta tabernetan, Andoainen eta inguruko herrietan.   

Milaka eta milaka argazki negatibo utzi zituen Aitor Arregik. Horietatik asko galbidean aurkitu dituzte liburuaren eta CDaren prestatzaileek; hondatu egin baitira asko, denboraren eta argiaren poderioz. Hala ere, hiru bat mila argazki berreskuratu ahal izan dituzte; horiek denak CDak biltzen ditu. Liburuan, berriz, argazki guztien hautaketa bat agertzen da, 80 bat talderen irudi ezberdinak gutxi gorabehera.
Prestatzaileek dioten bezala, “argazki horiek 35 milimetroetako negatiboetan ondu diren harribitxi txikiak dira”. Denak ere txuri beltzean argitara eman dira, Arregik atera bezala.
Argazkietan, batez ere giro alternatiboetan mugitzen ziren musika taldeak ikus ahal izango ditu irakurleak; punk, rock eta hardcore musika jotzen zutenak, hain zuzen ere. Tartean, Delirium Tremens, Kortatu, Tijuana in Blue, La Polla Records, Belladona, Hertzainak, RIP, Toy Dolls, Potato… Ahaztu gabe, noski, Andoaingo bertako taldeak: BAP, Ximorra, Karkaxa, We, NPI eta Kutre.     

Mugimendu baten islada
Gizarteko hainbat arlo auzitan jartzen zituzten gazteen mugimendu baten erretratu ikusgarria dakar argazki argitalpen honek.
Argitalpenaren bultzatzaileek adierazi dutenez argazkiek musika eta kultura alternatibo baten islada bikaina erakusten dute. “Andoaingo Gaztetxea aitzindaria izan zen kontzertu antolaketan, garaian sortzen hasi ziren gune okupatu eta autogestionatuen artean. Garaiko udaletxe eta instituzioetatik eskaintzen zuten kultur joeren aurrean, musika ulertzeko eta bizitzeko beste era bat bilakatu zen gaztetxea”.     
Musika erreferentzi garrantzitsu bilakatu zen urte haietan gaztetxea: “Euskal Herriko musika talde ugarik eman zituzten lehen pausoak Andoaingo gaztetxeko lau pareten artean eta Europa zaharretik edo munduko edozein txokotik etorritako musika taldeek ere, irekiak izan zituzten gaztetxeko ateak”.    

IBILBIDE OPAROAN URRATS BAT GEHIAGO
Argitalpenaren prestatzaileen asmoa ez da iragan-minaren ariketa bat egitea. Aitzitik,  oraindik historia egiten ari den mugimendu baten kapitulu bat plazaratu nahi izan dute. “Azken batean, oraindik bizirik dirauen filosofia baten aldarria dago irudi bakoitzaren atzean”; Andoaingo lehen gaztetxea okupatu zela hogeita lau urte igaro diren honetan, oraindik bizirik eta tin-ko.
Kamerara itsatsitako mutila
Argazkigintzaren maitale amorratua zen Aitor Arregi. Salbadora Roldanek, bere amak sartuko zion ziurrenik zaletasun hori, hark ere 14 urte betetzerako jada kamararekin ibiltzen baitzen argazkiak ateratzen, 40ko hamarkadan halako tresnarik ia inork ez zeukanean.
Semeak Andoaingo kultur ikuskizun ugariren erretratuak egin zituen arren, gaztetxeko kontzertuetara bideratu zuen zaletasun hori Arregik. Musika jotzaileen, musikazaleen eta kontzertu osoaren unerik bizi eta gartsuenak islatzeko gogoa antzematen da, argazkien bildumari erreparatuz gero. Artista baten eskua ikusten da horietan.
Arregi mutil aurreratua izan zen bere garairako; izan ere, irudiaren kultura eta teknologia digitala gaur dagoen bezain zabaldua ez zegoen garaian, orduan erabili zuen argazki kamera. Bakan-bakanetakoa izan zen orduan argazki kamera eskutan hartu eta kultura adierazpide bat erretratatzeko asmoa hartu zuena. Ez dago jakiterik kamera botoia zapaltzen zuen aldiro Arregi ohartzen ote zen gerorako testigantza aberats bat uzten ari zenik: kontua da halaxe egin zuela, liburu eta CD horiek erakusten duten moduan.
Argitalpena salgai dago Ernaitza liburudendan eta Lanbroa, Irunberri, Kurkutx eta Ganbara tabernetan. Andoaindik kanpo, berriz, Villabonan, Hernanin, Lasarten eta Donostian. Hamahiru euroko prezioan jarri da salgai.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!