Pianojole gazteen hiriburu bilakatuko da Andoain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 12a, 13:24

Laugarren urtez Piano Jaialdiak ehunka musikari gazte bilduko ditu Andoainen. Ekimena abian jarri, jaialdiari neurria hartu eta egonkortzea oso tarte txikian gertatu da. Laugarren edizioan ez du dagoeneko ekimenaren garrantzia inork zalantzan jartzen. Andoainen egiten den ekimen garrantzitsuenetarikoa da eta, bestalde, Piano Jaialdia hego Euskal Herriko musika eskola gehienen agendan sartua dago.

Andoaingo Udalak eta Seiaslek, beraz, bete-betean asmatu zuten jaialdia estrainekoz martxan jarri zutenean. Horien artean, Myriam Ulanga aipatu behar. Jaialdia hasteko lau egun falta zirela, hauexek antolatzailaren adierazpenak:

Zein izango da aste honetako martxa? Dena prest duzue?
Myriam Ulanga.
Dagoeneko gehientsuena ez badago lotuta, gaizki goazen seinale da hori. Azken ukituetan gabiltza, pianoak ekartzeko edota apaingarriak jartzeko koordinazio lanetan gabiltza orain. Gure aldetik hori da geratzen zaiguna. Eskerrak gurekin batera lanean dagoen bolondresen taldeari! Hirurogeita hamar pertsona inguru izango dira eta horiei bereziki eskerrak eman beharrean gaude. Asteburu osoa muxutruk gurekin eman behar dute. Dena ondo atera dadin beharrezkoak ditugu.

Benetako protagonistak piano ikasleak dira, ordea.
M.U.
Hori da, bai. Txikienak aurten sei urte besterik ez ditu. Bada, zazpi urteko bestea. Eta hortik aurrera hemezortzi urtera arte. Adinaren muga hori da. Gehienak musika eskolako ikasleak dira, baina Kontserbatoriotik ere badatoz.

Bisitariek informazio asko eskatzen al dute herriaren inguruan?
M.U.
Azken urteetan gertatzen ari den fenomenoa da parte hartzen duen gehiengoak errepikatzeko joera duela. Iaz egon zen %70k errepikatuko du aurten. Seinale ona da hori. Gehientsuenek ezagutzen dute dagoeneko antolakuntza eta herria. Lo egiteko aukeraz galdera egiten dute.

Laugarren edizio honetan berrikuntza aipagarririk ba al dago?
M.U.
Sistema beretsua da urtero, ez dugu gehiegi aldatu. Aurten errepertorioan berrikuntza bat sartu dugu. Orain arte ikasleek oso ezagun diren egileengana jo dute. Gaur eta hemen bizi diren konpositore onak daudela aldarrikatu nahi dugu. Aurten, Lasarteko Iñigo Peña sortzaileari musika piezak konposatu eta idazteko gonbitea luzatu diogu. Eta ziur Andoainen bi konposizio berri estreinatuko direla.

Basteroko ateak zabalik izango dira. Zer esango zenieke andoaindarrei?
M.U.
Etor daitezela pianojole gazteak ikustera. Egitaraua oso argia eta zehatza da. Ordu erdiko saioak dira eta gutxienez bat ikustea gomendatuko nuke.
Lagunartean edo familiarekin etortzeko plan egokia da. Musika komunikazioa da, musikak gauza asko transmititzen ditu: poza, barrea, tristura...
Oso azkar bizi gara. Eta andoaindarrei esango nieke tartea har dezatela. Musikarekin gozatzera etor daitezela. Musikak burua mila tokira eraman zaitzake. Partaideak haurrak dira, gainera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!