Inquitex, irtenbide adostua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 12a, 13:23

Inquitex enpresan iritsi dira adostasun batera. Hilabeteko epea zeukaten enpresak eta langileen ordezkariek negoziatzeko, eta azken unean adostu dute hitzarmena.

Hitzarmenaren arabera, 27 langile izango dira kaleratuak eta gainerako langile guztiak suspentsio plangintzan sartuko dira, horiek txandaka joango direlarik kalera urtebetean.
Langileak konforme geratu dira hitzarmenarekin, langile Batzordeko idazkaria den Angel San Josek adierazi duenez, “Lortu dugu murriztea kaleratze kopurua eta hobetzea, gainera, horientzako baldintzak. Baldintzei dagokienez, enpresak Fogasak (administrazioaren soldatetarako kutxa) ematen duena eskaintzen zigun. Azkenean kopuruak nabarmen igotzea lortu dugu”.

Beste lorpeneteko bat suspentsio planarekin lotuta dago, “ERE-an langile denak sartzea proposatu genion enpresari eta onartu egin du. Beraz, langile deneri egokituko zaigu langabezira joatea, txandaka”.    
Negoziazio prozesu gogorra gertatu dela azken egunera arte, aitortzen du San Josek: “ostiralean, hilaren 5ean, adostasunik ez zegoela eta, langileok eta batzorde kideok ahobatez mugagabeko greba deialdia egin genuen. Oso erabaki hartze latza izan zen, jakinda langileak izango ginela kaltetuenak, lan etenak ekar zezakeen krisi sakonaren ondorioz”. Harrigarria bada ere, hurrengo egunean, enpresa prest azaldu zen langileen batzordeak proposatutako hitzarmena sinatzeko.

Aldaketaren arrazoia zein izan zen argi daukate langileek. “Grebarena jakin bezain pronto, deialdi mordoa jaso zuen enpresak: bankuek diru iturriak moztuko zituela ohartaraziz, hornitzaileek materiala ez zutela bidaliko adieraziz, bezeroek eskaerekin atzera eginez… Grebak enpresaren itxiera ekarriko zuela pentsatu zuten, eta enpresako arduradunak presionatu egin zituzten”.

deialdia erabakiorra izan dela dio San Josek: “Egin ditugu mobilizazioak Andoaingo kaleetan, Donostian… hala ere, ororen gainetik grebaren deialdia izan da benetan zuzendaritza mugi arazi duena”.

Bizitako prozesutik, ikasgaiak ateratzen ditu San Josek: “langileok eta batzordeko sindikatu guztiok elkarrekin jardun dugu denbora guztian, eta grebaren baliabidea soilik beste erremediorik ez zenean agertu dugu. Hara hor eskarmentua, egoera berean diren beste langileentzat”.

Hemendik aurrera langileek zein zuzendaritzak ere bideragarritasunaren aldeko apustua egin dutela uste du Angel San Josek. “Itxaropentsu gaude lantegiaren etorkizunaren gainean, nahiz eta jakin txarra segitzen duela izaten egoera. Zuzendaritzak egindako bideragarritasun plangintzan, PET lamina (elikadura sektorerako plastikoa) garbitzeko eta birziklatzeko tresneria jartzeko asmoa agertzen da. Eusko Jaurlaritzak laguntzeko interesa jartzen badu, lana etorri liteke hortik ere”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!