Montefrioko Juan Usarralde eta Sara Barandiaran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 12a, 13:22

Goiburu auzoko Aldapeta edo Montefrio baserrian jaio zen Juan Usarralde Arregi, 1934ko urriak 17an. Santiago Usarralde Zapirain, andoaindarra, eta Montefrio bertako Maria Arregi Izagirreren zazpi seme-alabetatik hirugarrena da. Sara Barandiaran Pagola, Hernaniko Martindegi auzoko Añoa baserrian jaio zen 1946ko irailak 28an, eta ezkondu zirenetik bizi da Montefrion.

Aldapeta zena, Montefrio da. Nola gertatu zen izen aldaketa?
Juan Usarralde: Hamar urte nituela jakin nuen gure baserriak Aldapeta zuela izena. Jose Luis Unanuek galdetu zidan nongoa nintzen, eta Montefriokoa erantzun nionean, esan zidan: ez! Hi ez haiz Montefriokoa, hi Aldapetakoa haiz. Dirudienez, bigarren karlistadan inguru hauetan zeuden soldaduak hasi ziren horrela deitzen. Oraingo moduan, orduan ere hotza izango zen, eta Montefrio izena jarri zioten. Leku guztietan horrela agertzen da.

Sara Barandiaran: Ibili ginen aldatuko ote genuen, baina Juanen lehengusuak, iazko maiatzean hil zen Zarautzeko alkate eta Gipuzkoako Diputatu Nagusi izandako Imanol Muruak, esan zigun ez aldatzeko, bere historia bazuela, eta bere horretan uzteko, gainera, atentzioa emango zuela izen horrek. Ama hemengoa zuen Imanolek, eta askotan etortzen zen.

Zuen arbasoak artzainak izan ziren.
J.U.: Mendian behorrak eta betizuak ere bazituen, baina bai, gure aita artzaina zen, 150-200 ardiz osatutako artaldea izaten zuen. Orduan, mendian bertan edukitzen zituen ardiak, ez orain bezala ukuilura ekarriz. Eta guk ere beti eduki izan ditugu ardiak, orain 80 inguru dauzkagu, eta hamarren bat larre behi eta beste hogei betizu ere baditugu.

Esnerik saltzen duzue?
S.B.: Mamia egiteko taberna batzuetara saltzen dugu, baina gehiena gaztak egiteko etxean erabiltzen dugu. Eta gero, gaztak etxetik saltzen ditugu.

Gaztak egiten non ikasi zenuten?
J. U.: Etxean, aitak erakutsita. Orain semea eta erraina ibili dira Idiazabalen eta Arantzazun ikasten eta beste era batera egiten dituzte.
Beraz, asko aldatu da gaztak egiteko modua?
J.U.: Guk jetzi eta segituan ematen genion gatzagia eta horiek geroago. Oraingo gaztak ez dute zulorik lehengoak bezala. Nik hura gustuko nuen, eta oraingoa ere bai.

S.B.: Guk eskuz egiten genituen eta orain makinarekin egiten dituzte eta hobetu estutzen dira. Gazta egiteak orain lan gutxiago ematen du eta bata bestearengandik askoz ere berdinagoak ateratzen dira.

Adarrara etortzen den jendeak ekarritako zakurrek kalte handiak egiten al dizkizue?
J.U.: Lehen jaiero eskandalua izaten genuen, oso gaizki ibiltzen ginen, libre zebiltzan zakurrek ardiak akabatzen zizkiguten. Orain jendeak errespetu handiagoa dauka, zakurrak lotuta ekartzen ditu.

S.B.: Aitona ardiak ateratzeko beldurrez egoten zen. Orain, ikastoletatik eta animaliak errespetatzen erakusten diete, eta mentalizatuagoak daude.

Betizuak ere badituzue.
J.U: Ganadu arraza hori ia galtzear zegoen, eta Aldundiak subentzioa ematen du mantentzeko. 38.000 pezeta inguru urteko. Txertaketak ere dohainik izaten dira. Orain, hemendik Leitzaraino betizu asko dago. Uda garaian betizuak mendian izaten dira, etxe bakoitzekoak elkarrekin ibiltzen direlarik, gu noizean behin igotzen gara ikustera. Neguan berriz, egunero jaisten dira ukuilura jatera. Jan, eta berriro larrera igotzeko. Udaberri aldera, mendian nahiko belar aurkitzen dutenean, beraiek uzten dute etxera etortzea. Umatu ere bere kasa egiten dira mendian. Orokorrean erditze ona izaten dute. Umatzen direnean kasu egiten diegu, batzuk titirik hartu ezinik gelditzen baitira, eta aurten, lehenengo aldiz, bere umea maite ez duen bat ere izan dugu. Guk, gaitzetsa esaten dugu.
Haragitarako saltzen ditugu. Haragi oso ona du, baina ilunxeagoa da eta bistarako itsusiagoa. Harakinek ere ez dute nahi izaten, ganadu txikia izanik, txuletak ere txikiak ateratzen direlako. Orain arte gainontzeko larre behien prezio berdintsua izan badu ere, orain zertxobait merkeago ordaintzen dute. 

Montefrio nekazal turismoko baserria ere bada.
S.B.: Hamar urte beteko dira abuztuan, jarri genuela. Lehen Donostiara joaten nintzen behien eta ardien esnea etxez-etxe banatzera. Bretxan ere postua genuen. Hango salmenta galdu zenean hartutako erabakia izan zen. Nire iloba batek animatuta hasi ginen. Etxean denak kontra nituen, baina nik irteera bat zela ikusten nuen eta beharrezko obrak egin eta bost gela dituen nekazal turismo etxea prestatu genuen. Orain denak kontentu gaude orduan hartutako erabakiarekin.

Urtaro hau lasaia izango da.
S.B.: Ez pentsa, sagardotegi denboraldiarekin batera hasten da asteburuetako martxa. Inguruko probintzietatik etortzen dira sagardotegietara eta gauean hemen gelditzen dira lotan. Baina ez inguruko probintzietatik bakarrik, Kataluniatik eta Madriletik ere etortzen da jendea propio sagardotegira. Horietako batzuk urtero etortzen dira, gainera.

Montefriora, zeren bila etortzen dira?
S.B.: Batez ere lasaitasuna. Hemendik dugun ikuspegia ere gustatzen zaie. Eta gero Donostia oso gustukoa izaten dute. Hemen lo egin eta gosaltzeko aukera ematen diegu. Astean zehar langileak egoten dira, orain, autobidean lanean ari direnak daude, eta haiei afaria ere ematen diegu.

Eta zuek, oporrik egiten al duzue?
S.B.: Bai, baserriko lana gogorra da, eta guk behintzat, egun batzuk hartzen ditugu atsedenerako. Urtean pare bat alditan, astebeterako kanpora joaten gara. Azkenekoz, Galizian izan ginen.

Ze etorkizun ikusten diozue baserriari?
J.U.: Gauza garen arte jarraituko dugu baserriko martxarekin, baina etorkizuna gaizki ikusten dut. Lehengo prezioan dago haragia, arkumea ere bai, eta pentsua gero eta garestiago.

S.B.: Nekazal turismoa, eta guztiari pixka bat helduaz izan beharko du, bestela oso zaila izango da hemendik bizitzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!