Goiburu auzoa mugitzen hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 12a, 13:18

2008ko maiatzean sortu zen Xoxoka-Goiburu izena daraman Auzo Elkartea. Egoitza
propio bat izateko bidean urrats sendoak emanak dituzte. Etxe eta baserrien artean 80tik gora izango dira auzoan, eta biztanleak 400-500 tarte horretan. Herri bateko auzoa da, baina,  herri txiki batzuk baino handigoa. Orain arte, jai batzordea zuten, iaztik auzo elkartea. Auzoko eskola zaharra, betiko galtzeko zuten arriskuarekin  kezkatuta eman zuten horretarako urratsa.

Historia pixka bat eginez, esan genezake Urnietako Plan Orokor berriaren egite prozesuan, auzotarren belarrietara iritsi zela Xoxokako eskola zaharra izandako eraikina, Diputazioaren eskuetara pasatzekotan zela. Kezka horrekin, auzotarrak bilera bat egin zuten, eta bilera horretan konturatu ziren ondo egongo zela auzo elkarte bat sortzea.

Nolatan eman zenuten auzo elkartea sortzeko pausoa?
Auzo elkartea:
Goiburu auzoa oso sakabanatua da. Ez gara ia ezagutu ere egiten, bakoitzak bere bizimodua egiten du. Eta erabaki genuen denok biltzeko toki bat izatea egokia izango zela. Hortik hasi ginen bilera ezberdinak egiten. Duela ehun urte Xoxokako eskola zaharra, auzotarren artean egindako eraikin bat da, nahiz eta horretarako udalaren dirua jaso zuten. Eta pentsatu genuen eraikin hori, orain ere hasierako espiritu hura mantenduz auzotarrek erabiltzen jarraitu behar dugula. Azken urteetan aterpe moduan funtzionatu zuen eraikinak, eta bazirudien udalaren asmoa aterpe moduan jarraitzearen aldekoa zela. Aterpe funtzio horrek auzoari ez zion inongo onurarik ekartzen. Kanpotarrak asteburuak pasatzeko gune bat bihurtu zen. Parrandarako gune bat.

Eta kezka horretatik abiatuta...
Auzo elkartea:
Talde bat sortu da eta pauso batzuk dagoeneko eman ditugu. Udalari eraikina auzotarren beharretarako eskatu diogu. Eta orain arte eman diren pauso guztietan udalak lagundu egin digu. Jadanik esan dezakegu berritzeko proiektu bat badugula. Hitz egin dugu udaleko alderdi guztiekin, eta denak ados daude, eraikin hau auzotarren elkargune bat izan dadin. Behemendiren eskutik beste auzo eta herri txiki batzuetan antzeko proiektuak gauzatu dira auzo eskola zaharretan, Ereñozun, Igeldon, Aginagan, eta abar.

Ze beharrei erantzuteko?
Auzo Elkartea:
Behemendik bultzatuta landa eremuko 40 urtetik gorako emakumeei buruzko inkesta bat egin zen iaz, eta han behar asko azaldu zen. Horiei erantzuna emateko gune egoki bat izango da gurea. Adibidez, internet kablez edukitzeko arazoak ditugu landa eremuan, eta udalarekin eta Euskaltelekin hitz egin ondoren, Euskaltelen Wimax sistemaren bidez jada Goiburuko etxe batzuetan badute internet modu duinean. Egin dugun beste eskaera bat, baserrietan bigarren edo hirugarren etxe-bizitza egiteko aukera izatea da, eta badirudi Plan Orokor berrian  hori jasoko dela.

Beraz, esan genezake zerbait mugitu dela elkartearen sorreratik?
A.E.:
Bai, egia da udalak orain arte aurkeztutako proiektuak onartu dizkigula. Orain gustatuko litzaiguke udalak landa eremuari buruzko edozein erabaki hartu aurretik gu kontsultatzea.

Orain, denerako herrira jaitsi behar izaten duzue?
A.E.:
Bai ohituta gaude beti herrira jaisten, eta ondo egongo litzateke hemen bertan parke bat mahai batzuekin jartzea, elkarrekin biltzeko. Umeak dauzkanak ere herrira jaitsi beste aukerarik ez du hau parkera eramateko. Gainera, konturatu gara, uste genuena baino ume gehiago dagoela auzoan.

Ze proiektu dituzue eskuartean?
A.E.:
Nagusiena, eskola zaharreko eraikina auzotarrek erabiltzeko prestatzea, bilera gela batekin, office moduko sukalde txiki batekin, eta ordenagailuekin gune bat jarrita. Eta garrantzitsuena, teilatupe bat ateratzea itzala izateko, eta euri egunetan aterpea. Ingurua ere hobetzea nahi dugu argiteriarekin, umeentzako parke batekin, mahaiekin eta abar. Eta gero, udalak ere badu asmoa Behemendikoekin batera dinamizatzaile bat kontratatzekoa hau guztia martxan jartzeko.

Auzotarrentzat bakarrik izango al da eraikina?
A.E..:
Ez dugu ghetto bat egin nahi, beraz ez da izango auzotarrek bakarrik erabiltzeko, adibidez, izan liteke ikastoletako umeek egun pasa etortzeko, bertan egingo den parkea erabiliz. Eta berdin, edozein elkartek erabili nahi baldin badu ere. Bigarren kultur etxe baten moduko zerbait izatea nahi dugu. Gero, Urnietako mugan dauden Andoain eta Hernaniko baserri batzuk ere proiektu honetan sartu litezkeela uste dugu, eta berdin, Ergoien, Lategi eta Oztaran auzokoak. Hirigunetik kanpo bizi garen herritar guztien elkargune ere izatea nahiko genuke.

Diru laguntzarik izan al duzue ?
A.E.:
Festak antolatzeko jasotzen da diru laguntza, hortik aurrera ez dugu dirurik eskatu. Oraingoz, nahi duguna da eraikinaren proiektua gauzatzea. Baina garbi dago edozer gauza egiteko dirua ezinbestekoa izango dugula.

Jaiak antolatzeaz ere zuek arduratzen zarete?
A.E.:
Horretarako lehendik batzorde bat dago, baina pentsatzen dugu azkenean dena bat izango dela. Jaiez gain, gure asmoa da  urtean zehar beste ekintza kulturalak antolatzea. Adibidez, Baliarrainen larunbat arratsaldetan umeentzako pelikula bat proiektatzen dute, eta igandetan ETBko pilota partida elkarrekin ikusten dute hantzeko elkarte batean, baserriko jendea etxetik ateratzeko modu polit bat da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!